euskaraespañol

Frogatu dute molekula batek kognizioa hobetzen duela alzheimerraren lehen sintomak dituzten karraskarietan

UPV/EHUko ikerketa batek frogatu du WIN55.212-2 farmakoak garuna babesten duela eta dementziaren hasierako kalte kognitiboak leheneratzen dituela, eta haren mekanismoa azaldu du

Lehenengo argitaratze data: 2025/01/14

Ezkerretik eskuinera, Gorka Pereira, Marta Moreno, Ivan Manuel, Rafael Rodriguez-Puertas ikerketa taldeko zuzendaria, Alberto Llorente, Jonatan Martinez, departamenduko laborategian. | Argazkia: Laura López. UPV/EHU.

UPV/EHUko Neurokimika eta Neurodegenerazioa taldeak farmako bat aurkitu du, alzheimerrak hasierako faseetan karraskarietan eragiten duen memoria-defizitari aurre egiteko hautagai izan daitekeena. Ikerketak erakutsi duenez, farmakoak neurotransmisio kannabinoidearen sistema aktibatzen du (zeinak garuna babesten baitu), eta horrek, azetilkolinaren sintesia areagotuz (neurotransmisore bat da, memoria eta ikaskuntza kontrolatzen dituena garunean), neurotransmisio kolinergikoa estimulatzen du (zeinak memoria eta ikasketa kontrolatzen baititu). Emaitza horiek etorkizun handiko ikuspegi terapeutiko bat irekitzen dute.

20 urte baino gehiagoko ikerketari esker, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Neurokimika eta Neurodegenerazioa taldeak, Rafael Rodríguez Puertas doktorea buru duela, terapia berriak garatzeko etorkizun handiko bide bat aurkitu du, alzheimerrak, parkinsonak eta antzeko gaixotasun neurodegeneratiboek narriadura kognitiboa eragiten dutenean memoria hobetzeko. Marta Moreno Rodriguez doktoreak UPV/EHUko taldean egindako ikerketak erakutsi du kannabinoideen familiako neurotransmisoreen errezeptoreek eta garunean kolina duten zenbait lipidok kognizioa hobetzen dutela arratoietan.

“Patologiaren garapen-etapa desberdinetan zeuden pazienteen autopsietan eskuratutako garun-ehunaren lagin oso zabal batekin urteetan egindako analisiei esker —azaldu du Rodríguez Puertas ikertzaileak—, ikusi dugu ezen, bitxia bada ere, pazienteak alzheimerraren lehen sintoma klinikoekin hasten direnean, neuronen arteko transmisio-sistemetako bat, sistema kolinergikoa (memoria eta ikaskuntza kontrolatzen dituena eta neurotransmisore gisa azetilkolina erabiltzen duena), kaltetuta egoten dela pazienteak lehen ondorioak jasaten dituen eremuan; aldiz, ikusi dugu beste neurotransmisio-sistema bat, sistema kannabinoidea, areagotu egiten dela. Era berean, taldeak ikusi du gaixotasunak aurrera egin ahala sistema kannabinoideak ere kalteak jasaten dituela: “Dirudienez, sistema kannabinoide horrek sistema kolinergikoaren kaltetik babesteko erantzun bat du hasieran, eta garuna babesten saiatzen da. Beraz, itu terapeutiko bat da, eta ikertu egin behar da”, dio ikertzaileak.

WIN55.212-2 botikaren eragina probatu ostean, zeinak errezeptore kannabinoideekin interakzionatzen baitu gaixotasunaren hasierako faseetan dauden karraskarietan, taldeak zera egiaztatu du: “Karraskari horiek garunean kalterik ez zutenek bezala jokatzen zuten; modu berean ikasten eta gogoratzen zuten orientazio espaziala. Esan liteke farmakoak kaltea leheneratu zuela nolabait, edo garuna babestu zuela”, azaldu du Marta Morenok.

Garuneko lipidoak identifikatzeko eta aurkitzeko teknika berritzaile bat

Ikerketa-taldeak hobekuntza kognitibo horren mekanismoa honela ulertu ahal izan du: “UPV/EHUko ikerketa-taldeak garatutako eta prestatutako teknika berritzaile bat erabili da, garuneko lipidoak modu anatomikoan identifikatzea eta aurkitzea ahalbidetzen duena. Ikusi dugunez, tratamenduaren ondoren areagotu egin zen sistema kannabinoidearen jarduera; gainera, handitu egin zen pazienteetan kaltetuta zeuden neurona-errezeptore kolinergikoen jarduera, eta handitu egin zen, orobat, kolina duten eta azetilkolinaren aitzindariak diren lipido batzuen sintesia (azetilkolina neurotransmisore bat da, garunean memoria eta ikaskuntza kontrolatzen dituena)”, azaldu du Rafael Rodriguezek. Hau da, “errezeptore kannabinoideak aktibatu egin ziren, eta garuneko azetilkolina-maila handitu zuten. Farmakoak sistema kolinergikoa leheneratu zuen, eta memoria hobetu”, erantsi du Morenok.

Rafael Rodríguezek, bestalde, honela dio: “Molekula hori dementziaren sintomak tratatzeko botika bihurtu liteke, gaixotasunaren hasierako faseetarako bederen, ikusi baitugu organismoa ere bere kabuz, fisiologikoki, antzeko zerbait egiten saiatzen dela”. “Tratamendu farmakologiko horiek baliatuz, efektu hori sustatzen lagundu genezake, edo azetilkolinaren aitzindariak dituzten farmako kanabinoideen tratamendu mistoa ere aplika genezake”, iradoki du.

Antzeko molekulen bila ari dira, azterketa klinikoetara pasatzeko

Karraskarietan egindako proben emaitzak oso itxaropentsuak izan badira ere, eta nahiz eta hurrengo urratsa izan behar litzatekeen haien toxikotasuna aztertzea eta gizakiekin analisi klinikoak egitea, ikerketa-taldeak oztopo bat aurkitu du: molekula erabilera librekoa da, hau da, “esperimentazioan asko erabiltzen den sintesi-molekula bat da; ez dugu guk sintetizatu. Ez da enpresa farmazeutiko jakin batek ustia dezakeen molekula bat. Toxikologia-azterketak eta saiakuntza klinikoak egiteko, farmazia-sektoreak inbertsio handia egin behar izaten du; alabaina, ezinezkoa zaie etorkizunean molekula hori komertzialki ustiatzea”. Hori dela eta, WIN55.212-2 molekularen antzekoak bilatzen eta sintetizatzen ari dira orain, industria farmakologikoarentzat interesgarriak izan daitezkeenak, bide terapeutiko berri horren azterketa klinikora iristeko bidea irekitzeko. Horretarako, CIC bioGUNErekin eta Vigoko Unibertsitatearekin elkarlanean ari dira.

Informazio osagarria

Ikerketa hau Marta Moreno Rodríguez ikertzailearen urte luzeetako etengabeko lanaren eta doktore-tesiaren emaitza da, zeinak egin baitira Rafael Rodríguez Puertasen zuzendaritzapean. Rodríguez Puertas Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) ikertzaile doktore iraunkor eta Neurokimika eta Neurodegenerazioa ikerketa-taldeko burua da. Gaur egun, Marta Moreno Arizonako (AEB) Barrow Neurological Institute erakundean ari da lanean.

Urteetan zehar aztertutako ehun-laginak Euskal Biobankukoak, Asturiasko Unibertsitate Ospitale Zentralekoak eta Barrow Neurological Institutekoak (AEB) dira.

Erreferentzia bibliografikoa