-
Mikel Bernal UPV/EHUn graduatu den psikologoa bigarren BAPE probetan
-
UPV/EHUko hamabi, CSICeko sailkapenean 500 emakumezko ikerlari esanguratsuenen artean
-
Hablar puede salvar vidas
-
Estíbaliz Sáez de Cámara izendatu dute REDS SDSN Spain-eko presidente
-
Bilboko Ingeniaritza Eskolak 25 metroko olatu kanala eraiki du
Hizkuntza indoeuroparren historiako kate begi galdua aurkitu dute
DNA zaharraren analisia aplikatu dute hizkuntzen sustraiak ezagutzeko. UPV/EHUk parte hartu du ikerketan
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2025/02/17

‘Nature’ aldizkarian argitaratutako lan berri batean aztertu dute K. a. 6.400 eta 2.000 urteen artean bizi izandako Eurasia osoko 435 gizakiren DNA zaharra. Ikertzaileetako bat Iñigo Olalde izan da, Euskal Herriko Unibersitateko BIOMICs taldeko Ikerbasque Research Fellow eta Ramón y Cajal ikertzailea. Azterlan honek aurkikuntza berriak ekarri ditu, 200 urteko galdera baten erantzunera hurbildu gaituztenak. Galdera hori da: zein da hizkuntza indoeuroparren jatorria? Ikerketan ageri denez, Kaukaso-Behe Volgako populazio bat, oraintsu identifikatutakoa, hizkuntza indoeuropardun herri guztiekin lotu daiteke.
Hizkuntza indoeuroparrak 400etik gora dira, eta haien hiztunek munduko populazioaren ia erdia osatzen dute. Talde garrantzitsuak daude beren artean, hala nola germaniera, erromantzea, eslaviera, indo-iranera eta zeltera. Hizkuntza protoindoeuroparretik datoz denak. Historialariek eta hizkuntzalariek XIX. mendetik dihardute hizkuntza indoeuroparren jatorria eta zabalkundea ikertzen, oraindik ere hutsune handia baitago arlo horretan.
Aurretik egindako ikerketa genetikoek frogatua zutenez, Jamna kultura (K. a. 3.300-2.600) —Itsaso Beltzaren eta Kaspiar Itsasoaren iparraldeko estepa ponto-kaspiarretakoa—, K. a. 3.100 urte ingurutik aurrera hedatu zen bai Europarantz eta bai erdialdeko Asiarantz. Horrek azaltzen du “estepako jatorria” agertu izana K. a. 3.100 eta 1.500 urte bitarteko Europa osoko populazioetan.<
Estepako populazioaren migrazio horiek eragin handiagoa izan dute Europako gizakien genometan azken 5.000 urteetan izandako beste ezein gertaera demografikok baino, eta uste orokorra da ziurrenik migrazio horien bitartez hedatu zela hizkuntza indoeuroparra.
Ordura arte, estepako jatorririk ageri ez zuen hizkuntza indoeuroparren adar bakarra anatoliera zen, eta haren barruan, hitita. Familiatik lehenik banatu zen adarra izan zen segurutik, eta horregatik gorde zituen beste adar guztietan gerora galdu ziren arkaismoak. Artikulu berriak dioenez, aurreko ikerketetan ez zen aurkitu estepako arbasorik hititen artean, eta horren arrazoia da hizkuntza anatoliarren sorburua izan zela orain arte behar bezala deskribatua egon ez den gizatalde baten hizkuntza. Populazio hori eneolitikoa zen —K. a. 4.500 eta 3.500 urteen artean datatu da— eta Ipar Kaukasoko eta Behe Volgako mendien arteko estepetan bizi izan zen. Oraintsu identifikatutako Kaukaso-Behe Volgako populazio hori iturri genetikotzat erabili denean, aro hititaren aurreko edo aro hititako Anatoliako bost gizakik gutxienez agertu dute eskualde horretako arbasorik.
Eragin handiko populazio bat, oraintsu identifikatua
Azterlan berriak erakutsi duenez, Jamna populazioak Kaukaso-Behe Volgako taldean du bere jatorriaren % 80 inguru. Brontze Aroko erdialdeko Anatoliako biztanleek ere —hititera hiztunek— beren jatorriaren % 10 zeukaten talde horretan. Beraz, Kaukaso-Behe Volgako talde hori indo-anatolieraz mintzo ziren herri guziekin lotu daiteke, eta bera da aukera gehien dituena izateko eskualde horretan K. a. 4.400 eta 4.000 urteen artean indo-anatolieraz mintzo zen herria.
Informazio osagarria
Ikertaldeko buruak izan dira: Iosif Lazaridis, Nick Patterson eta David Reich, Harvard Unibertsitatean eta Howard Hughes Institutu Medikoan; Ron Pinhasi, Vienako Unibertsitateko Antropologia Ebolutiboko eta Giza Eboluzioko eta Arkeologia Zientzietako Sailean (HEAS); David Anthony, Harwick Collegeko Antropologia Sailean (Oneonta); eta Leonid Vyazov, Ostravako Unibertsitatean (Txekiar Errepublika). Ikerketan beste 128 ikertzailek ere hartu dute parte, tartean Euskal Herriko Unibertsitateko Íñigo Olaldek.
Erreferentzia bibliografikoa
- The genetic origin of the Indo-Europeans
- Nature (2025).
- DOI: 10.1038/s41586-024-08531-5