euskaraespañol

Premiazkoa da polinizatzaileen dibertsitatea babestea ekosistemen funtzionamendu egokia bermatzeko

UPV/EHU eta BC3ren ikerlan baten arabera, polinizatzaileen aniztasun-galerak murriztu egiten du landare basatien eta laborantza-landareen ugaltze-arrakasta

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2025/03/20

Maddi Artamendi | Argazkia: Enric Serra

Nature Ecology ¬& Evolution aldizkarian argitaratu dute UPV/EHUko ikertzaile batek BC3ko kideekin egindako metaanalisia. Azterketa horretan gai horri buruz aurrez egin diren lanek baino ikuspegi errealistagoa izan dute: polinizatzaileak erabat desagertzeak zer eragin izan dezakeen aztertu beharrean, haien dibertsitatea txikitzeak zer eragin duen aztertu dute.

Landareen ugalketa-prozesuan polena toki batetik bestera eramateko lagungarri diren animaliak dira polinizatzaileak. Polinizazioa funtsezkoa da gure ongizaterako eta ekosistemek bizirauteko. Landare basatien % 85 inguruk eta laborantza-landareen % 70 baino gehiagok polinizazioa baliatzen dute ugaltzeko. Baina espezie polinizatzaileen dibertsitatea murrizten ari da klima-aldaketaren, habitat-galeren eta nekazaritzaren intentsifikazioaren ondorioz.

Maddi Artamendi UPV/EHUko ikertzaileak azaldu duenez, “mundu osoan gai honen inguruan egin diren ikerlan gehienetan ikusi da polinizatzailerik batere ez dagoen kasuetan landareek ez dutela fruiturik ematen. Halako ikerketak laborantzako espezieekin egin izan dira batez ere. Baina hori ez da ikuspegi erreal bat; izan ere, polinizatzaileen dibertsitatea jaitsi egingo da, jaisten ari da, baina ez da erabat desagertzera iritsiko. Eta, bestalde, laborantzako landareez gainera, landare basatiak ere hartu ditugu kontuan. Ikuspegi errealistago bati heldu nahi izan diogu”.

Euskal Herriko Unibertsitateko Landareen Biologia eta Ekologia saileko ikertzaile Maddi Artamendik eta BC3ko Ainhoa Magrach Ikerbasque irakasleak gidatutako, eta Nature Ecology & Evolution aldizkari entzutetsuak argitaratutako, azterlan batek agerian utzi duenez, polinizatzaileen aniztasuna babestea ezinbestekoa da bai natura zaintzeko bai ekosistemen jasangarritasuna bermatzeko. “Premiazkoa da haien dibertsitatea murritzarazten duten faktoreak arintzea”, diote ikertzaileek.

Ikerketak erakutsi duenez, polinizazio-lanak egiten dituzten animalien dibertsitatea murrizteak eragin negatibo nabarmena du landareen ugaltze-arrakastan (fruitu-kopuruan, hazi-kopuruan eta fruituen pisuan), eta, gainera, “eragina handiagoa da landare basatietan laborantzakoetan baino”. Halaber, ikusi dute autopolinizatzeko gai diren landareek ere jasaten dutela polinizatzaileen dibertsitate-galeraren eragina, eta “horrek agerian uzten du landare horientzat oso onuragarria dela polena elkarrekin gurutzatzea”, dio Artamendik.

Bestalde, emaitzen arabera, polinizatzaile basatiek eragin handiagoa daukate landareen ugaltze-arrakastan polinizatzaile domestikoek baino (ezti-erleak sailkatu ohi dira polinizatzaile domestiko gisa). Beraz, “polinizatzaile basatien aniztasuna txikitzeak are gehiago okertzen du landareen ugaltze-arrakasta”, erantsi du. Zehazki, eragin nabarmenagoa du polinizatzaile ornogabeak galtzeak polinizatzaile ornodunak galtzeak baino; gautarrak galtzeak egunez dabiltzanak galtzeak baino, eta polinizatzaile basatiak galtzeak domestikoak galtzeak baino.

46 herrialdetan egindako 207 ikerketaren metaanalisiaren bidez

Ikerketa hau metaanalisiaren bidez egin dute: tresna estatistikoak erabiliz, ikerketa-bilduma handi bateko datuak behar bezala haztatuta sintetizatzen dituen metodoa. Hala, polinizatzaileen erabateko galera aztertu ez zuten ikerketen metaanalisia egin dute Artamendik eta Magrachek: 46 herrialdetan egin izan diren 207 ikerketaren metaanalisia.

“Mundu osoan egindako ikerketak aztertu ditugu. Kontuan izan behar genuen klimaren arabera landare-barietate desberdinak daudela; agian landare batean edo bestean eragina desberdina izan dela; lagin-tamaina eta abar. Aldagai asko izan ditugu kontuan, ikerketa horiek guztiak konparatu ahal izateko, eta, hala, emaitza erreal eta kuantifikagarri bat lortu dugu”, dio Artamendik. “Metaanalisiak ikuspegi oso orokor bat ematen dizu —azaldu du ikertzaileak—, jakiteko non ikertu den gehiago, zer herrialde eta klimatan, zer landare-motatan eta abar. Eta ikusten duzu non egon daitezkeen hutsuneak, non alborapenak…”.

Horrekin guztiarekin ikertzaileek ondorioztatu dute “polinizatzaile guztiek badutela bere rola bai laborantza-landareetan bai landare basatietan. Ezin gara bakarrik polinizatzaile domestikoetan zentratu. Horiek baino polinizatzaile gehiago daude, eta ikusi dugu denek daukatela garrantzi handia landareen ugalketa-arrakastan eta landare-dibertsitatea mantentzen. Arreta ez dugu bakarrik laborantzako landareetan eta polinizatzaile domestikoetan jarri behar, ikuspegia zabaldu beharra dago”.

Informazio osagarria

Maddi Artamendi UPV/EHUko ikertzailea, BC3ko Ainhoa Magrach Ikerbasque irakaslearen eta UPV/EHUko Arantza Aldezabal irakasle eta ikertzailearen zuzendaritzapean, egiten ari den tesiaren atal bat da ikerketa hau.

Erreferentzia bibliografikoa