euskaraespañol

Erlantz Lizundia, Argi Jaca-Madariaga Ominetti, Estibaliz Saez de Camara Oleaga eta Ion Agirre Arisketa

Plastikoen bizitza ez da amaitzen botatzerakoan: Izan bada erregai eta bestelako material bihurtzeko aukera

UPV/EHUko ikertzaileak

Lehenengo argitaratze data: 2025/01/27

(Beste leiho bat zabalduko du)

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Pentsatu al duzu inoiz nora doan gure eguneroko bizitzan kontsumitzen dugun plastiko kopuru izugarria? Gehienoi ezagunak egiten zaizkigu hondakin plastikoz betetako zabortegi, itsaso eta kostaldeetako irudiak. Europar Batasuneko (EB) bizilagun bakoitzak, batez beste, 36,1 kilo plastikozko ontzi-hondakin inguru sortu zituen 2021ean. Horietatik, % 40,7 besterik ez zen birziklatu. Asaldagarria, ezta?

Birziklatze tasa txikia izateaz gain, kezkagarria da munduan hondakin plastikoen ekoizpena etengabe handitzen dela. Iraunkortasuna, dentsitate txikia eta arrazoizko kostua bezalako ezaugarriek erraztu egiten dute plastikoen erabilera hamaika aplikaziotan, hala nola bilgarriak, automobilen piezak eta tresna elektronikoak fabrikatuz, bai eta eraikuntzan, medikuntzan eta energiaren biltegiratzean ere.

Zoritxarrez, hondakin plastikoen bizi amaieraren kudeaketak ez du behar beste aurrera egin, hondakin plastikoen erabilerak eta hondakinek ingurumenean eragiten dituzten inpaktu negatiboak saihetsi ezin ditzakeelarik. Horien artean, ekosistemen kutsadura, mikroplastikoen sorrera eta kudeaketa horretan zehar sortzen diren berotegi efektuko gasen emisioa nabarmendu behar dira.

Beraz, prozesu berriak garatu behar dira plastiko hauen tratatzeko eta aprobetxatzeko. Aurrerapen horiekin batera, herritarrek jarrera aldatu beharko dute plastikoen erabilerarekiko eta hondakinekiko, akademiak, administrazioak, sektore pribatuak eta gizarte zibilak elkarri lagunduko badiote, hondakin plastiko gutxiago lituzkeen mundu bat erdiesten.

Petroliotik eratorritako plastikoetatik plastiko biooinarrituetara

Elkarri lotutako molekula luzeek osatzen dituzte plastikoak. Erabiltzen diren material plastiko gehienak petrolioan oinarritutako konposatuetatik eratorri ohi dira. Plastikoen atal txiki bat baino ez da iturri berriztagarrietatik eratorria (nova-Institut erakundearen datuen arabera, 2018an jatorri fosileko polimeroen ekoizpenaren bolumen osoaren % 1 besterik ez).

Gai honen izaera setati eta biodegrabilitate eskasari zor, plastikoek ehunka urte behar izaten dituzte degradatzeko eta metatu egiten dira naturan. Honez gain, aintzat hartu behar dira gero eta kutsadura global handiagoa eta larrialdi klimatikoa, iturri fosiletatik eratorritako baliabideak erabiltzearen ondorioz eraginda. 2023an, isuri fosilak, orotara, 36.800 milioi tona CO2 metrikotara iritsi ziren.

Arazook minimizatzeko irtenbide posible bat litzateke biooinarrituez osaturiko plastikoen garapena sustatzea, berriztagarriak izateaz gain, balio bizitzaren amaieran degrada baitaitezke azpiproduktu toxikorik eragin gabe.

Plastikoen ekonomia zirkular baterantz

Esan liteke egungo plastikoen ekoizpena eta kontsumoa linealak direla: plastikoak sintetizatu, erabili eta bota egiten dira behin beren funtzioa bete ostean. Eredu lineal hori bereziki problematikoa da balio bizitza laburra duten produktuetan, hala nola erabilera bakarreko plastikoetan. Horregatik, Espainian, ekonomia zirkular baterako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak horrelako plastikoen ekoizpena eta erabilera arautzen ditu.

2023ko urtarrilaren 1etik aurrera, helburu espezifiko batzuk ezarri dira plastikozko botiletarako, 2030 Agendaren Garapen Iraunkorreko Helburuak lortzeko bidean aurrera egingo bada. 7/2022 Legeak neurri fiskalak ere sartzen ditu ekonomia zirkularraren sustatzeko, ekoizlearen erantzukizun zabaldua sakonago garatzen du, barne ere hartzen dituelarik hondakinen sortzea prebenitzeko neurri berriak. Horren adibide da 12.5 helburua, hondakinak prebenitzeko, murrizteko, birziklatzeko eta berrerabiltzeko jardueren bidez sortzen diren hondakinak murriztea ardatz duena.

Plastikoaren erabilera eredu zirkular batean oinarritu behar da. Plastikoen ekonomia zirkularrak ingurumen inpaktua nahi du minimizatu, plastikoak berrerabiliz, konponduz, birziklatuz eta berreskuratuz. Aldi berean, funtsezkoa da kontsumo ereduak aldatzea hondakin horien sorrera murrizteko.

Plastikoen ‘upcycling’ edo suprabalorizatzea

Hondakin plastikoen masa murriztuta, besteetatik behin bereizi ondoren, erakargarria da birziklatzea teknikoki eta ekonomikoki. Hondakin plastikoak kudeatzeko dauden birziklatze metodoen artean, aukera oparoenetako bat "upcycling" edo suprabalorizatzea da.

Plastikoen "upcycling"-ak oinarrian du hondakinak erabiltzea balio erantsi handiko produktuak lortzeko, direla molekula berriak, direla polimeroak edo materialak. Prozesu hori birziklatze mekanikoarekiko osagarria da, non plastikoak urtu eta birprozesatzen diren, edo kimikoarekiko, non hondakin plastikoak oinarrizko osagaietan deskonposatzen diren.

Plastikoak suprabalizatzeko aukeren artean, balio handia du karbonizazio hidrotermikoak, bai petrolioan oinarritutako materialetarako, bai zelulosa motako polimero naturaletarako. Teknologia potentzialki garbia da, prozesuak tenperatura baxuetan (160-220 ° C) eta presio aseetan (2-10 megapascal) egiten baitira.

Teknika honi esker, karbonozko materialak lor daitezke, hala nola "carbon dots" deritzogunak, karbonoz osatutako nanopartikulak (10 nanometrotik beherakoak) edo grafenoa, gehiago ezagutzen dena. Substantzia horiek superkondentsadoreak sortzeko erabil daitezke.

Plastikoen despolimerizazioak –plastiko batean ebakiak egin eta monomero izeneko molekula sinpleago bihurtzeko prozesua– karbono material horien eraketa errazten du karbonizazio hidrotermikoan zehar. Biooinarritutako plastiko batzuk, supermerkatu poltsa biodegradagarriak egiteko erabiltzen direnak kasu, erraz despolimerizatzen diren bitartean, petrolioan oinarritutako plastiko gehienek erronka handiagoak agertzen dituzte eta teknika konplexuagoak behar.

Lortutako balio erantsiko produktuen artean, nabarmentzekoak dira hondakin plastikoetatik eratorritako erregaiak (pirolisi olioak, gasolioa), material karbonazeoak, hala nola karbono beltza (pigmentu gisa erabilia edo goma eta plastikoetan errefortzu gisa) eta beste material batzuen aitzindariak (etilenglikola eta azido tereftalikoa, PET balorizatzen denean).

Konposatu horiek lortu ondoren, energia trantsiziorako hain beharrezkoak diren bateriak bezalako energia biltegiratzeko gailuetan eta superkondentsadoreak aplika daitezke.

Hondakin plastikoen murrizketaranzko bidea

Hondakin plastikoak ingurumen arazo nagusietakoa dira XXI. mendean. Hondakin horiek balio erantsi handiko produktu erabilgarri bihurtzeak aurrerapen handia ekarriko luke, bai ekonomiari dagokionez, bai iraunkortasunari eta zirkulartasunari dagokienez.

Hainbat plastiko mota dago, eta prozesuak aztertu egin behar dira horietako bakoitzaren despolimerizatzeko eta suprabalizatzeko. Gainera, kontuan izan behar da hondakinetan plastiko mota ezberdinak pilatzen direla, eta, beraz, beharrezkoa da nahasketen portaera aztertzea zein bere "upcycling"-a egitean.

Beste aukera bat da petrolioan oinarritutako plastikoak jatorri berriztagarriko materialekin ordezkatzea, esaterako zelulosa, lignina eta kitina baliatuz. Material horiek, nagusiki oihan edo itsas biomasatik lortuak, propietate funtzional onak dituzte, birziklatuak izan daitezke eta biodegradagarriak dira. Honetara, laguntzen da materialen zirkulartasuna areagotzen, atmosferara karbono fosilaren emisioak murrizten diren bitartean.

Azkenik, gizarte gisa, jabetu beharra dugu sortutako hondakinek eragiten duten kalteaz eta hondakinak murrizten eta berrerabiltzen ahalegintzeko beharraz. Dakigunez, ez dago "B planetarik" eta, beraz, ahalik eta gehien zaindu eta baloratu behar dugu gure mundua bizitzaren edukiontzia baita, datozen belaunaldiek ere planetaz goza dezaten.

The Conversation