euskaraespañol

Eguneko irudia

Prototipo berritzaile bat garatu dute pazienteen oreka-arazoak ebaluatzeko eta errehabilitatzeko

Iktusaren ondorioak, bertigoak eta abar tratatzean neurketak modu fidagarri eta errepikagarrian egiteko diseinatua dagoen etorkizun handiko gailu bat aurkeztu du UPV/EHUk

Lehenengo argitaratze data: 2025/01/22

Francisco Javier Campa
Ezkerretik eskuinera: Pedro Tejada, Saioa Herrero eta Francisco Campa prototipoarekin. | Argazkia: Fernando Gómez. UPV/EHU.

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) COMPMECH ikertaldeak gailu mekatroniko bat patentatu du, zeinak era kontrolatuan estimulatzen baitu pazientearen oreka plataforma mugikor baten bidez eta haren erantzuna neurtzen baitu. Prototipo honek errehabilitazio-lanak sistematizatzeko aukera ematen du, eta, aldi berean, pazienteak denboran zehar izan duen bilakaera monitorizatzen du; Gorlizko Ospitaleko zenbait esparrutako profesionalekin elkarlan estuan egindako lanaren emaitza da.

Iktusaren ondorio nagusietako bat indar-galera partziala edo paralisi partziala da. Iktusa jasan duten pazienteek, ondorioz, errehabilitazio-prozesu luzeak egin behar izaten dituzte oreka eta ibilera berreskuratzeko. Ebaluazioetan erabiltzen diren eta ariketetan oinarrituak dauden teknika tradizionalak ez dira erabat objektiboak, ariketa horiek egiten dituzten pertsonen araberakoak baitira neurri handi batean. Hori horrela, Gorlizko Ospitaleko profesionalek adierazi zuten ebaluazio hori modu objektiboan egiteko eta pazienteek errehabilitazio-prozesuan zuten bilakaera sistematizatzeko beharra zegoela.

Hala, prototipo berri bat garatu du Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) COMPMECH ikertaldeak, zeina mekatronikan espezializatua baitago (ingeniaritzaren diziplina anitzeko adar bat, sistemak, elektronika, mekanika, kontrola eta robotika konbinatzen dituzten gailuak eta teknologiak garatzen dituena). Taldeko Francisco Campa ikertzaileak esan duenez, prototipoak "pertsona baten oreka ebaluatzen, lantzen eta errehabilitatzen du, pertsona hori plataforma batean zutik egonik, haren presio-zentroa neurtuz".

“Demagun autobusean goazela, zutik —azaldu du Campak—. Autobusa martxan jartzean, edo balaztatzen duenean, gorputzak, orekatzeko, bere pisua banatzen du, aurrera eta atzera, oinak zoruan bermatuak dauden gainazalean. Indar horren ondoriozko puntua presio-puntua da, eta puntu horren higidura aztertuta, pertsona baten oreka ebalua daiteke".

Orekaren estimulazioaren kontrola

COMPMECH taldeak patentatu berri duen prototipo honek plataforma bat du, oreka-arazoak dituen pertsona igotzeko, eta bi funtzio ditu. Lehen funtzioa da oreka estimulatzea; hau da, erreakzio bat eragiten zaio, nola erantzuten duen ikusteko. Honela azaldu digu: “Diseinatu dugun mekanismoak plataforma era askotara mugitzen du: bai bertikalki altxatuta, eta bai okertuta, izan aurrera, albo batera edo edozein norabidetan, neurri eta abiadura jakin batean. Makina programatzen ari den fisioterapeutak erabakitzen du hori guztia”. Bigarren funtzioa, berriz, pazientearen erantzuna neurtzea da: “Plataforma lau sentsoreren gainean bermatua dago, eta pazienteak plataformaren gainean zer indar egiten duen neurtzen dute. Eta indar horretan oinarrituta, presio-zentroaren mugimendua zehazten da”, gaineratu du.

Prototipoa neurketak modu fidagarri eta errepikagarrian egiteko diseinatu da, eta horixe da berrikuntza. “Beti sartzen da estimulu bera. Beti izango da neurri eta abiadura jakin bateko higidura bat, eta, hala, hobeto egin daiteke pazientearen bilakaeraren jarraipena denboran zehar. Horri esker, eraginkorragoak izan gaitezke pazientea era jakin batean mugitzea zerk eragin duen zehazteko orduan“.

Gorlizko Ospitaleko mediku-taldeak diseinua baliozkotu ondoren, prototipoa saiakuntza klinikoaren fasean sartu da: Campak esan digunez, “Prototipoa benetako paziente eta boluntarioekin probatzen hasi gara”. Ikertzaileak dioenez, “makina honek etorkizun handia du. Izan ere, oreka-arazoak ez dituzte izaten iktusa izan duten pazienteek soilik; beste gaixotasun batzuk dituztenek ere izaten dituzte. Adibidez, protesi batera ohitu behar duten anputatuek, bertigo-arazoak dituztenek…”.

Campa oso pozik dago Gorlizko Ospitaleko profesional-taldearekin izan duten lankidetza-mailarekin: “Haien parte-hartzea paregabea izan da. Ospitaleko ateak ireki dizkigute, eta alor askotako profesionalekin elkarlan hurbilean aritu gara”.

Informazio osagarria

Francisco Javier Campa Ingeniaritza Mekanikoko Saileko irakaslea da Bilboko Ingeniaritza Eskolako Industria Teknologiako Ingeniaritza graduan.

Erreferentzia bibliografikoa