-
UPV/EHUko hamabi, CSICeko sailkapenean 500 emakumezko ikerlari esanguratsuenen artean
-
Bilboko Ingeniaritza Eskolak 25 metroko olatu kanala eraiki du
-
Hizkuntza indoeuroparren historiako kate begi galdua aurkitu dute
-
Erabaki ote dezakegu zer-nolako gurasoak izan gura dugun?
-
Farmakologia aldatu zuten zortzi emakume
Ollokiko presa eraitsi ondoren sedimentuen garraioa nabarmen berreskuratu da
UPV/EHUko ikerketa baten arabera, Leitzaran ibaiko presa bat botatzeak uharrien mobilizazioa handitu du kopuruan eta distantzian
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2025/02/27

Ibai-geomorfologiako geografoa den Askoa Ibisatek aztertu du Ollokiko presa kentzeak zer eragin izan duen sedimentuen garraioan. Ondorioztatu du eraispenarekin mobilizatutako uharrien bolumenak gora egin duela. Baita harriek egindako ibilbidea luzatu egin dela ere. Emaitzak bereziki esanguratsuak dira zazpi urtez aritu direlako jarraipen-lanak egiten eta administrazioei informazio baliotsua eskaintzen diete presen eraispenen ondorioak aurreikusteko.
Europako Batasunaren politikek sustatuta, erabilerarik ez duten presak kentzen ari dira ibaiak lehengoratzeko helburuarekin. Horren adibide da Ibai Funtzionamendua ikerketa-taldeko ibai-geomorfologiako geografoek aztergai izan duten Ollokiko presa (Gipuzkoa). Leitzaranen kokatuta zegoen eta eraitsi egin zuten, batez ere, izokinen habitata hobetzeko xedez. Izan ere, ibaiaren funtzionamendu egokia izateko eta habitatak egoera onean egoteko, ibaiaren geomorfologiak ondo funtzionatu behar du. Besteak beste, oso garrantzitsua da ibilgua berritzea, eta, horretarako, sedimentuen zein emarien garraioak egokia izan behar du: “Ibaiak garraio-sistema bat dira eta, funtzio ekologikoa ondo betetzeko, ura, sedimentuak, nutrienteak eta izaki bizidunak mugitu behar dituzte. Baina presek, hain zuzen ere, hori oztopatzen dute. Guk esaten dugu gure zainetan sortzen diren tronboen modukoak direla”, azaldu du Askoa Ibisate ikertzaileak.
Testuinguru horretan, presa kentzea benetan eraginkorra izan den frogatzeko, Euskal Herriko Unibertsitateko lanak aztertu du eraispenak sedimentuen garraioari nola eragin dien prozesu osoan zehar: “Bagenekien berreskuratuko zela, baina ez genekien nola. Ezta ibaiaren puntu desberdinetan zer eragin izango zuen ere. Hala, uharrien mugimendua hiru kokapen jakinetan neurtu dugu, pareta bota aurretik, bitartean eta ondoren. Emaitzek erakutsi dute garraiatutako sedimentuen bolumenak nabarmen handitu direla, batez ere presaren eraginpean dauden tarteetan, eta harriek espero baino distantzia luzeagoak egin dituztela”, zehaztu du Ibisatek.
Mobilizatutako sedimentu-kantitateari dagokionez, ikerketak jakinarazi du desplazatutako uharri-kopurua bereziki presa guztiz bota ostean igo dela, baina Ibisatek argitu nahi izan du era progresiboan gertatu dela. Hau da, mugimendu horiek ez direla bat-batean jazo: “Presak eraisterako garaian, beldurretako bat izaten da urteetan pilatutako sedimentuak olatu baten moduan kolpetik abiatzea eta, ondorioz, uretan behera uholde-lautadan dauden erabileretan eta azpiegituretan kalteak eragitea. Aldiz, guk ikusi duguna da prozesua erregulatu egiten dela eta pixkanaka garraiatzen direla harriak”.
Hala, azpimarratu dute azterlanak informazio baliagarria ematen diela administrazioei presen eraispen-lanak planifikatzeko. Kasuan kasu erreken ezaugarri zehatzei erreparatu behar bazaie ere, ikerketak aukera ematen du ibaien funtzionamendua eta sedimentu-emarien erregimena hobeto ezagutzeko, presen eraispenen erantzun geomorfologikoak aurreikusteko eta estrategia propio bat diseinatzeko.
Bestetik, harrien desplazamendua ere nabarmentzekoa dela dio Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak: “Zenbait harrik 8,8 kilometroko distantzia egin dute urte bakarrean, eta hori asko da. Ez genuen sedimentuak hainbeste mugituko zirenik pentsatzen, eta arloko beste adituak ere harrituta geratu dira”.
1.800 harri eta 7 urteko jarraipena
Emaitzak eskuratzeko, ikerketak iraun duen zazpi urtetan 1.800 harri askatu dituzte (300 urte bakoitzean) ibaiaren hiru puntutan: presaren eraginpean dauden bi tokitan (bata uretan gora eta bestea uretan behera) eta eraginetik kanpo zegoen kontrol-puntu batean. “Kontrol-puntuari esker jakin ahal izan dugu pareta botatzeak sedimentuen garraioan sortu dituen aldaketak benetan eraispenaren ondorioz gertatu direla eta ez bestelako faktore batzuen eraginez; esaterako, goraldi nabarmen bat izan delako”, zehaztu du Ibisatek.
Leitzaranen banatutako harriek kode bat zuten barruan txertatuta. Hala, sedimentuak zenbat mugitu diren jakiteko, ibaia arakatu dute detektagailu bat erabiliz (metalak topatzeko erabiltzen diren tresnen antzekoa): “Gailuak kode bat antzematen duenean, zer harri den jakinarazten digu eta GPS koordenatuak ematen dizkigu. Hala, guk badakigu non askatu genuen, non agertu den eta, beraz, zer distantzia egin duen”, dio Ibisatek.
Lan handia izan dela diote, 11 kilometroko distantzian, ibaia ertzetik ertzera, metroz metro, eskaneatu behar izan dutelako eta jarraipena zazpi urtekoa izan delako. Baina, hain zuzen ere, hainbeste denboraz aritu izanak balio handia eman dio UPV/EHUko ikerketari: “Normalean diru faltagatik 1-2 urteko segimendua egiten da; presa eraitsi baino lehenago eta apur bat geroago. Guk, aldiz, lehenengo harri markatuak 2016an jarri genituen, eta hurrengo 6 urteetan begiratu genuen noraino iritsi ziren. Tartean, 2018 eta 2019ko udetan, pareta eraitsi zen bi fasetan eta, ondoren, 2022ra arte egin genuen sedimentuen mugimenduaren jarraipena. Beraz, aukera izan dugu presa guztiz bota ostean, hiru urte osoz informazioa biltzeko. Denbora-tarte handia da eta, hortaz, emaitzak esanguratsuak”, sakondu du Ibisatek. Gainera, oso baldintza hidrologiko desberdinak jazo ziren azken urte horietan, eta, ondorioz, are aberasgarriagoa da bildutako informazioa. Izan ere, presa eraitsi ondoren, neurtu ahal izan dute emariek sedimentuen garraioan zer eragin izan duten ere.
Informazio osagarria
Askoa Ibisate Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia saileko Geografia Fisikoa arloko ikertzailea da. Ibai Funtzionamendua ikerketa-taldearen barruan ibai-geomorfologian zentratzen den azpitaldeko kidea da. Ollokiko presaren inguruko ikerketa LIFE IREKIBAI proiektuaren barruan kokatzen da, eta IGME eta Santiago de Compostela zein Zaragozako unibertsitateekin batera egin dute.
Bestalde, Askoa Ibisate irakaslea da Geografiako eta Lurralde-antolakuntzako Graduan zein Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterrean.
Erreferentzia bibliografikoa
- Bedload response to dam removal: Results from a 6-year particle tracking survey in the Leitzaran River (Basque Country)
- Geomorphology
- DOI: DOI: 10.1016/j.geomorph.2024.109542