-
UPV/EHUko hamabi, CSICeko sailkapenean 500 emakumezko ikerlari esanguratsuenen artean
-
Bilboko Ingeniaritza Eskolak 25 metroko olatu kanala eraiki du
-
Hizkuntza indoeuroparren historiako kate begi galdua aurkitu dute
-
Erabaki ote dezakegu zer-nolako gurasoak izan gura dugun?
-
Farmakologia aldatu zuten zortzi emakume
Plentziako Itsas Estazioaren (PIE-UPV/EHU) zuzendaritza berria
Manu Soto Biologia Zelularreko katedradunak eta Nestor Etxebarria Kimika Analitikoko katedradunak hartuko dituzte, hurrenez hurren, datozen sei urteetarako zuzendaritza eta zuzendariordetza.
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2025/03/03

Joan den urtarrilaren 29an egin ziren Plentziako Itsas Estazioaren (PiE-UPV/EHU) zuzendaritza talderako hauteskundeak. Itsas Biologia eta Bioteknologiaren Ikerketa Zentro honen zuzendaritza berria Manu Sotok –zuzendariordetza utzi du zuzendari kargua hartzeko– eta Nestor Etxebarriak –zuzendariorde gisa– osatzen dute. Zuzendari berriaren hitzetan, datozen sei urteetan zehar luzatuko den garai berri honetan, “ildo beretik jarraitu nahi da, martxan dauden proiektu estrategikoak sendotuz, gure unibertsitatean eta gure gizartean gero eta presentzia nabarmenagoa izanik, ikertzaileen arteko elkarlana bultzatuz eta belaunaldi aldaketa bermatuz”.
PiE-UPV/EHUko zuzendaritzak eskerrak eman nahi dizkio Ionan Marigómez irakasleari egindako lanagatik, baita 2012an Itsas Biologia eta Bioteknologia Ikerketa Zentroa inauguratu zenetik egindako lanagatik ere. Marigomezek erakundeko klaustroko eta Zuzendaritza Batzordeko kide izaten jarraituko du.
Euskal Herriko Unibertsitateko Biologia Zelularreko katedraduna da Manu Soto, eta ibilbide luzea du ikertzaile gisa Zelulen Biologia Ingurumen Toxikologian talde kontsolidatuan. 125 artikulu zientifiko baino gehiago argitaratu ditu, 11 doktore-tesi zuzendu ditu, eta zientziaren dibulgazioko jarduera askotan parte hartzen du. UPV/EHUn Itsas Ingurumena eta Baliabideak Erasmus Mundus Masterraren koordinatzailea da 2012tik, eta izen bereko Doktorego Programaren batzordeko kidea. Horrez gain, Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanorde izan da (2007-2012) eta Animalien Ongizaterako Etika Batzordeko kide (2009-2012).
Nestor Etxebarria Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Analitikoko katedraduna eta IBeA (Ikerketa eta Berrikuntza Analitikoa) Talde Kontsolidatuko ikertzailea da. IBeA taldea liderra da, PiE-UPV/EHUrekin batera, ingurumeneko eta giza exposoma aztertzeko zuzendu gabeko metodo analitikoak garatu eta aplikatzeko ikerketa-lerroan. Etxebarriak 190 argitalpen baino gehiago egin ditu nazioarteko aldizkarietan, eta kimika eta kimika analitikoko lau testuliburu ere argitaratu ditu euskaraz. 16 doktore-tesi eta 25 master-tesi baino gehiago zuzendu ditu. 2011tik 2019ra, UPV/EHUko Kimika Analitikoa Saileko zuzendaria izan zen. Gaur egun, Ingurumenaren Kutsadura eta Toxikologia Masterreko koordinatzailea da.
PiE-UPV/EHU izeneko ikerketa- eta irakaskuntza-zentro honen helburu estrategikoak dira itsas biologia esperimentalaren eta bioteknologiaren arloko ikerketa sustatzea, itsas eta ingurumen-zientzietako graduondoko eta doktoregoko prestakuntzan laguntzea, eta zientzia-dibulgazioko eta prestakuntza espezializatuko jarduerak garatzea. 2020tik 2024ra bitartean, urtean 3 milioi euro inguruko finantziazioa lortu du, eta, aldi berean, 300 zientzia-artikulu baino gehiago argitaratu dira (urtean 60, batez beste); horietatik % 80 1. kuartileko aldizkarietan (Q1) daude, eta % 40 baino gehiago 1. dezilean (D1). Gainera, bikaintasun-zentroa da graduondoko prestakuntzan, doktoretzan eta zientzia-dibulgazioan, eta 60 doktore-tesi baino gehiago egin ditu 2017tik 2024ra bitartean. Tesi horiek ezin konta ahala master-tesi dira, parte hartzen duen 3 Erasmus Mundus Programei dagozkienak (2 Nazioarteko Partzuergoaren koordinatzaile gisa).
Bere jarduera nagusiez gain, 2022tik aurrera euskal kostaldean zetazeoen lehorreratzeei laguntzeko ardura du, Biodiversidad Fundazioak finantzatutako SAREUS Proiektuari esker. Sareko lanak 2023ko hasieratik osatzen dira Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza bati esker. PiE-UPV/EHUko instalazioak eta giza baliabideak erabilgarri daude sareko jarduera guztiei estaldura emateko.