Bilboko Ingeniarien Eskola Fundazioak euskal industriaren iraganera begiratu eta nazioarteko proiekzioaren garrantzia aldarrikatu du aurten, Ingenia Saria Fernando Capelastegui-ri ematerakoan. Capelastegui Bizkaiko Labe Garaietako kontseilaria izan zen erraldoi siderurgikoa itxi baino sei urte lehenago arte, eta postu berean izan da 150 herrialdetan ekipo elektrikoak saltzen dituen Arteche Taldean.
Fernando Capelastegui ingeniaria eta Arteche Taldea, 2016ko Ingenia Sarien irabazleak
Lehenengo argitaratze data: 2016/12/12
Ingeniaritzarekin lotutako pertsona, enpresa edo erakundeen ibilbide profesionala eta pertsonala aldarrikatzeko aintzatespen hau emateko ekitaldia Bilboko Ingeniaritza Eskolako Ikasgela Nagusian egingo da astelehenean, abenduak 12, arratsaldeko zazpietatik aurrera. Bertan izango dira, besteak beste, Iñigo Urkullu Lehendakaria; Iñaki Goirizelaia, UPV/EHUko Errektorea; Arantxa Tapia, Industria Sailburua; Fernando Querejeta, Bilboko Ingeniarien Eskola Fundazioko Presidentea (eta Idom-eko Presidentea); Enrique Amezua, Eskolako Zuzendaria, eta mundu akademikoko eta euskal enpresa munduko hainbat pertsona ospetsu.
Capelastegui, ingeniari eredugarria
Sarien bederatzigarren edizio honetan, Fundazioak, 1983tik 1990era bitartean Bizkaiko Labe Garaietako kontseilaria izan zen Fernando Capelastegui Herreroren ibilbide profesionala aldarrikatu nahi izan du. Capelastegui (Durango, 1930) Bilboko Ingeniaritza Eskolan sartu zen 1954an, aitak -burdingintzako transformazio-enpresa bateko langilea- tailerreko lanari buruz ematen zizkion azalpenez liluratuta. Berrikitan sortua zen IAESTE ikasle-elkartearen etorreraz (gazteen nazioarteko mugikortasuna sustatzea xede duena), lau udatan praktikak egiten ibili zen Frantziako eta Alemaniako enpresetan, eta azken herrialde horretan, labe garaietako eta altzairugintzako prozesuaren nondik norakoak ikasi zituen. Garai hartan landutako harremanak, Espainian inor gutxik begiratzen baitzuen atzerrira, arras lagungarri gertatu zitzaizkion bere ibilbide profesional osoan, Europako siderurgia nola modernizatzen zen ezagutzeko.
Ikasketak amaitutakoan, Etxebarriko Laminación de Bandas en Frío enpresan kontratatu zuten. Lantegiaren orduko zuzendari berria, Juan Elorduy, Eskolako Antolakuntza irakaslea izan zen aurretik, eta harekin ikasle ibilitako bost ingeniari eraman zituen tailerrera; horien artean, Capelastegui. Gero, Bizkaiko Labe Garaiek 1969an xurgatutako Basauriko Basconia enpresan egon zen, eta bertan, Capelasteguik jarduera profesionalean gora egiten jarraitu zuen, harik eta, aldi berean, kontseilari eta zuzendari nagusi karguen jabe bihurtu zen arte. Garai korapilatsu hartan, behinola Espainiako industria-enpresarik handiena izan zena gainbeheran hasi zen merkatuko aldaketen eraginez, harik eta 1996an, Capelasteguik zuzendaritza utzi eta sei urte geroago, ateak behin-betiko itxi zituen arte.
Jarduera profesionaletik kanpo, Capelastegui Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Kontseiluko kidea eta Secot elkartearen sortzaileetako bat izan zen. Irabazi-asmorik gabeko elkarte hau erretiratutako profesionalek eta exekutiboek osatzen dute, eta hauen helburua, merkatuko aholkularitza-enpresez baliatzeko baliabiderik ez duten ekintzaileei, mikroenpresei eta erakundeei laguntzea da, aholkularitza boluntarioa eskainiz.
Arteche Taldea, 70 urteko ingeniaritza
Konpainia batek egindako lanari dagokionez, sariak, 70 urte bete eta nazioarteko hedapen zabala lortu arren sustraiak Bizkaian mantendu dituen enpresa-talde bati erreparatu dio aurten. Arteche taldea, industriarako transformadoreak eta burdinurtuko erreleak bezalako ekipo-ondasun elektrikoen fabrikazioko mundu mailako aditua, Mungian sortu zen 1946an, eta bertan finkatuta dago gaur egun ere. Horren bultzatzailea, Aurelio Arteche y Arana, enpresa belgikar baten lizentzia zuten transformadoreak fabrikatzen eta merkaturatzen hasi zen Espainian. Handik gutxira, konpainia frantziar baten lizentzia lortu zuen erreleak ekoizten eta saltzen hasteko.
60ko hamarkadan, erreferentziazko fabrikatzaile bihurtuta, enpresak aurrerapauso bat eman eta teknologia propioaren garapenean inbertitzen hasi zen. Erabakia nahitaezkoa izan zen merkatu espainiarretik harantzago zabaldu ahal izateko, fabrikatzeko lizentziak saltzen zizkioten etxeek ezarritako mugapenak gaindituz. Gaur egun, bigarren belaunaldiko José Javier Arteche presidente duela, konpainiak material elektrikoa 150 herrialdetan baino gehiagotan saldu eta 2.000 langile inguru ditu Europan, Amerikan, Asian eta Ozeanian zehar.
Berrikuntzaren eta garapenaren aldeko apustuari eutsiz, Artechek elektrizitate sektorearen erronka nagusietakotzat jotzen diren jarduera-esparruak ditu gaur egungo jardueraren ardatz: azpiegiturak eguneratzeko premia, ahalik eta eraginkortasunik handiena lortzeko asmoz; energia berriztagarriaren sorkuntza aldakorra (bereziki eolikoa eta fotovoltaikoa) sarean era masiboan integratzea, sistemaren egonkortasuna bermatuz; eta sare adimendunetako aktiboen kudeaketa eraginkorra, monitorizazio, sentsorika eta 'bigdata' arloetako teknologia berrien erabileraz.
Ingenia Sarien bederatzigarren edizioa da honakoa, Bilboko Ingeniaritza Eskola Fundazioaren ekimena. Bere helburu nagusia profesionalek, lan taldeek, enpresek edo eta instituzioek ingeniaritza arloan egindako lan profesional eta gizatiarra aitortzea da. Aurreko edizioetako golardoak Idom, Iberinco, Sener, Panda Software, Grupo Ormazabal, ITP, Metro Bilbao eta Consorcio de Aguas enpresei egokitu zaie eta pertsonen ibilbide profesionalaren aitortzari dagokionez, Santiago de Ybarra (Vocento), Luis Cañada (Vicinay Cadenas), Juan Celaya (Cegasa), Josu de Lapatza (Amurrio Ferrocarril), Javier Madariaga (Ingeteam), Joseba Jaureguizar (Corporación Tecnaliako zuzendari nagusia), Baltasar Errazti (Tamoin Taldea) eta Xabier Maidagan (CIC Margune) izan dira momentuz golardo hau eskuratu duten profesionalak.