Jorge Tapia Valdés Txileko Unibertsitateko Zientzia Juridikoetan eta Gizarte Zientzietan lizentziatua da, eta Zuzenbidean doktorea Erasmus Rotterdam Unibertsitatean. Justizia eta Hezkuntza ministro izan zen Salvador Allenderen gobernuan, eta funtzio publiko eta akademiko ugari bete ditu. Jorge Tapia Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatera etorri da UPV/EHUko Campus Birtualak eta Bizkaiko Campusak antolatutako Teknologia Berriak eta Hezkuntza Joerak Kongresuan parte hartzera. Jorge Tapia Valdések, kongresuari hasiera emateko, inaugurazio hitzaldi hau eman du: "Reformas Educativas. Aspectos Estratégicos y comparados".
Jorge Tapia, Hezkuntza ministroa Allenderen gobernuan
«Hezkuntzak ezagutzaren mende egon behar du»
Lehenengo argitaratze data: 2016/10/14
Jorge Tapia, zure analisian nabarmendu duzu ez direla gauza bera berritzea eta aldaketa bat egitea. Zein dira horien aldeak eta zenbateraino eragiten dio horrek hezkuntzari?
Berrikuntza gure laneko helburuak betetzeko erabiltzen ditugun prozeduren eta tresnen mailan gertatzen da normalean; aldaketa, ordea, izaera, adimen eta barne aldaketa batekin dago lotuta. Arbel digital bat erabiltzen baduzu, berritzen ari zara; baina, horrek ez du esan nahi, adibidez, ekintza horrek pertsonen pentsatzeko modua, printzipio etikoak edo ekintza morala hobetuko dituenik. Berritu egiten da eskuekin erabiltzen duzun ekipamendua hobetzen denean. Aldatu egiten da pentsatzeko, arazoei aurre egiteko eta konponbideak bilatzeko duzun modua hobetzen denean.
Zer eragin du globalizazioak hezkuntzan?
Globalizazioaren eragina positiboa edo negatiboa izan daiteke, pertsonen eta herrien jarrera eta prestakuntza maila nolakoa den. Globalizazioa garapen ekonomikoaren fase bat da, eta iritsi egingo zaigu, nahi ala ez. Ez dugu ezer lortuko itsasertzean ekaitza iritsiko den ala ez eztabaidatzen ari bagara, ekaitza gure gainetik pasako baita, geuk nahi ala ez. Globalizazioa ez dago gure nahien mende; munduaren aldaketa prozesuen parte da. Eta hori hala bada, hobe dugu globalizazioaren aurrean prest egon. Globalizazioak nazioartekotzea esan nahi du, batez ere; baina, ez hizkuntzei dagokienez (orain lehen baino hizkuntza gehiago ikasten ditugu, eta begi bistakoa da hori beharrezkoa dela), baizik eta ekonomiari eta ondasun ekoizpenei dagokienez. Orain dena da azkarragoa, dena da osoagoa. Hau da, Karibeko ekaitz batek guri ere eragin diezaguke, nahiz eta Euskal Herrian egon.
Hezkuntzak lan merkatuaren zerbitzura egon behar du?
Hezkuntzak, lehenik eta behin, ezagutzaren eta egiaren bilaketaren zerbitzura egon behar du, eta, horrenbestez, gizadiaren garapen zientifikoaren zerbitzura. Baina eginkizun horrek bideratuta egon behar du, era berean, guk bizirik irauteko ondasunak ekoiztera; hortaz, gustatu ala ez, hezkuntzak gorputza mugitzen ere irakatsi behar digu, eskuak eta garuna, batez ere. Bereizi egin behar da zer den gauzak ekoiztea eta zer den ondasun ukiezinak ekoiztea. Argi ikusi behar dugu lan etika bat duten herrialdeek egin dutela aurrera gehien.
«Herrialde bateko politika aldatzeko ezin da hezkuntza erabili»
Zein eginkizun du irakaskuntzak?
Nire ustez, irakasleak artzainaren funtzio bera du. Irakasle gisa geure gain hartzen dugu euren tesia egitean gure gidaritzapean lan egiten duten ikasle eta doktoregai guztien gorputza, arima eta adimena salbatzeko ardura. Baina hori baino gehiago da. Irakaslanaren alderdi garrantzitsuena ematen dugun eredua da: zer lotura dagoen geure eskoletan esaten dugunaren eta diskurtsoak ukitzen duen alorretan dugun jokabidearen artean. Laburbilduz, irakasle lana artzain lana da, oso sakrifikatua eta debozio eta konpromiso handia eskatzen duena. Uste dut ez garela mundu osoko hezkuntza krisitik aterako, harik eta mundu osoko irakasle guztiak konturatzen diren arte eurei dagokiela lehen pausoa ematea. Irakasleen jarreran aldaketarik ez badago, ez da aldaketarik egongo leku guztietan dagoen hezkuntza krisian.
Nolakoa izan zen zure esperientzia Salvador Allenderen Gobernuan Hezkuntza ministro izan zinenean?
Trauma sortzeko modukoa… Izan ere, ez ginen hezkuntza sistema aldatzeko politika propio bat administratzen edo egiten saiatu; horren ordez, sistema sozio-politiko osoa aldatzen saiatu ginen hezkuntza sistema aldatuz. Bide okerra hartu genuen, uste baikenuen irakaskuntzaren baldintzak aldatuz iraultza orokor bat egin ahal izango zela, herrialdeko sektore eta adin guztiak ukituko zituena. Okerrena izan zen nazioarteko indarrek, iraultza begi onez ikusten ez zutenez, Allende presidenteak Eliza katolikoarekin eta indar armatuekin azken unera arte izandako harreman ona hausteko aprobetxatu zutela. Behin harreman hori hautsi zenean, gobernua ekaitz handi baten erdian geratu zen, eta badakigu ondorioak zein izan ziren. Hezkuntzan aditua den batek ezer gutxi egin zezakeen. Ni ahal zena salbatzen saiatu nintzen, baina desadostasun handiagoak nituen Unidad Popularraren (Allende presidentea babesten zuten alderdi popularren konbinazioa) barnean, oposizioarekin baino. Anekdota gisa, gogoan dut kargua utzi berri zuen ministroak, ministeriora iristean eta autotik jaisten ari ginela, honako hau esan zidala: "Jorge, proiektu bat utziko dizut, eta gogoangarria izango zara horrekin" Escuela Nacional Unificada (Eskola Nazional Bateratua) izeneko proiektua zen, Allenderen gobernuaren erreforma handia. Proiektu horrek behin betiko hautsi zituen presidenteak bere legealdian lortu zituen elkarrizketa harreman guztiak. Eta, jakina, gogoangarria izatera pasa nintzen, baita espetxera ere.
Errepikatuko al zenuke esperientzia?
Bai. Orain askoz ere esperientzia handiagoa dut, eta jakingo nuke zer egin garai hartan eta jakingo nuke zer egin garai hartan elkartu ziren intrantsigenteenekin, ez hezkuntza erreforma egiteko baizik eta herrialde osoko politika aldatzeko elkartu zirenekin Horretarako ezin da hezkuntza erreforma erabili, ezta hezkuntza bera ere.
Estatu politikari gisa izan duzun esperientzia kontuan hartuta, zer iritzi duzu Espainiako hezkuntza sistemari buruz? Eta egin diren erreformei buruz?
Askotariko iritziak entzun ditut, eta horiek pentsarazi didate erreformek, hain zuzen, ez dituztela funtsezko alderdiak ukitzen; esate baterako, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan gehiegi ikasten dela buruz. Horrez gain, zer pentsatua ematen du oraindik gobernuan dagoen alderdiak gehiengo absolutua erabili izanak bere irizpide guztiak inposatzeko eta beste sektore batzuen irizpideak mespretxatzeko. Ez dut hezkuntza hobetzeko asmorik ikusten, ezpada erreforma baten bitartez beste helburu batzuk lortzekoa. Gainera, erreforma horrek jende asko mindu zuen, zehazki, erreforma erabat aldatzeko boterera iritsi zain dagoen jendea. Hori ere ez da oso positiboa, zerbait ona izango baitzuen eginiko erreformak.
Argazkiak: Laura López. UPV/EHU