euskaraespañol

UPV/EHUko ikasleek Aragoiko MotoStudent nazioarteko txapeletan hartuko dute parte

250ccko motoa Bilboko Ingeniaritza Eskolako 14 ikaslek egin dute

Lehenengo argitaratze data: 2016/10/05

UPV/EHUko Industria Ingeniaritzako eta Ingeniaritza Mekanikoko masterretako hamalau ikaslek bi urte daramatzate 250 cc-ko lehiaketa motoa eraikitzeko lanean. Moto horrekin, 8 herrialdetako beste 34 talderen kontra lehiatuko dira Aragoiko MotoStudenten.

Bilboko Ingeniaritza Eskolak (UPV/EHU) MotoStudenten IV. edizioan hartuko du parte asteburu honetan. Unibertsitate mailako moto lehiaketa garrantzitsuena urriaren 5etik 9ra arte ospatuko da Aragoiko Motorland zirkuituan. Goi mailako Moto GP lehiaketak egiten diren Alcañizeko asfaltoa, ingeniaritzako ikasleek egindako motozikletak probatzeko lekua izango da asteburu honetan, unibertsitate mailako nazioarteko motoziklismo lehiaketa garrantzitsuenean.

Ingeniaritza Mekaniko Saileko eta Makina eta Motor Termikoen Saileko irakasleen gainbegiradapean, ikasleek 250 cc-ko gasolinazko lehiaketa motoa egin dute, lau denborako motorra eta 26 cc-ko hasierako potentzia dituena. Dena den, mapeoari esker ikasleek potentzia hori handitzea aurreikusten dute. 100 kilo inguru pisatzen dituen motozikletak orduko 160 kilometro inguruko gehieneko abiadura lor dezake.

2009-2010 ikasturtean sortu zen eta bi urtez behin egiten den MotoStudent lehiaketak Eskolako talde baten partaidetza izan du beti. Orain arte lortutako emaitzarik hoberena 2012ko edizioan izan zen, Bilboko Ingeniaritza Eskolako taldeak bosgarren postua lortu baitzuen. Laugarren edizio honetan, Bilboko ikasleen taldeak lehenengo hamar postuetako bat lortu nahi du, orain arte egindakoen artean lehiatuena izango den edizioan, parte hartuko duen talde kopuruarengatik eta talde horien maila altuarengatik.

Ikasleek gogor egin dute lan bi urtez 25.500 euroko aurrekontua duen proiektuan. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak, Bilbao Ekintzaren bitartez, babesten dute Hi-Sport Motos, Drift Motor eta Promoto enpresen laguntza ere jaso duen ekimena.

Aste honetan Alcañizeko asfalto gainean arituko den motoak zenbait berrikuntza ditu, aurreko edizioetan aurkeztutakoekin alderatuz. Nagusia, Bilboko eskolako 14 ikasleak izan direla euren motozikleta prototipoaren elektronikaren parte handiaren egileak. Horrez gain, lehen aldiz, Bilboko ikasleek, eraiki duten motoaren errealitate handiagotuko proiektu berritzailea aurkeztuko dute.

Zirkuitu profesionaletan esperientzia duen Mikel Aragunde gasteiztarra izango da ikasleek egin duten motoaren gidaria. Esan behar da lehiaketako benetako motozikleta dela, ondore guztietarako.

Lehiaketa honen helburua –ibilgailuetan FormulaStudent-ena bezalaxe–, motoziklismoan espezializatutako ingeniari-harrobia sortzea da. Abiadura ez da lehiaketa honen osagai nagusia, lasterketarekin batera motorren diseinuak eta prestazioak ere baloratzen baitira industriaren ikuspuntutik. Era berean, ekonomikoki bideragarria den fabrikazio-plan bat aurkeztu behar da adituek osatutako epaimahai baten aurrean, eta lehen test hau gainditzen duten taldeek zirkuituan lehiatu eta prototipoen azterketa teknikoak, segurtasunari buruzko proba estatikoak eta maniobragarritasuna, galgatzea eta azelerazioa bezalako prestazioei buruzko saiakuntza dinamikoak gainditu behar dituzte.

MotoStudent-i buruz

Moto Engineering Foundation-ek bultzatutako MotoStudent lehiaketa mundu osoko hainbat unibertsitatetako taldeen arteko erronka da, lehiatzeko moduko zilindro-bolumen txikiko motorra diseinatu eta garatzea xede duena. Lehiaketa berez erabateko desafioa da ikasleentzat, bertan frogatu behar baitituzte beren sorkuntza eta berritzeko trebetasunak, hiru hilabetez etorkizuneko ingeniari edo teknikari espezializatu gisa izango dituzten gaitasunak zuzen-zuzenean aplikatuz eta mundu osoko taldeei aurre eginez.

Prototipoa erakusteaz gain, talde parte-hartzaile bakoitzak gauzatutako diseinua azaldu eta seriean ekoizteko industrializazio-proiektua zehaztu behar dute. Fase honen bidez, prestakuntza-aldian jasotako ezaguerak "benetako" proiektu batean aplikatzeko aukera eskaini nahi zaie ikasleei, fabrikazio industrialeko prozesu bati eta produktu bat merkaturatzeari dagozkien alderdi eta zailtasunak egiazta ditzaten. Fase honen ebaluazioan, gehienezko kalifikazioa 500 puntukoa izango da, eta industria-proiekturik onenarentzako saria (6.000 euro) banatuko da, baita 3.000 euroko akzesit bana ere, diseinurik onenarentzat eta berrikuntza teknologikorik onenarentzat.

MS2 delako fasean, fabrikatutako motorraren portaera dinamikoa eta prestazioak ebaluatu eta taldeek mekanika eta antolaketa arloetan duten trebetasuna egiaztatzeko probak egiten dira, hala nola, galgatze-proba, gymkhana kronometratua, azelerazio onenari buruzko proba, taldekako mekanika-proba (taldearen boxeko lanaren azkartasuna), Speed Trap-eko abiadura handienari buruzko proba, eta Pole position delakoa (abiadura-zirkuitua osatzeko denborarik laburrena). Sailkapeneko lehenengo hiru motorrek sariak jasoko dituzte, 6.000, 3.000 eta 1.500 eurokoak, hurrenez hurren.