Zuzenbidean espezializatutako El Cronista del Estado Social y Democrático de Derecho aldizkariak UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak argitaraturiko Escudo de la más constante fe y lealtad (del Muy Noble y Muy Leal Señorío de Vizcaya) liburua hautatu du 2015eko Zuzenbide arloko 100 liburu onenen artean.
UPV/EHUko argitalpen bat 2015eko Zuzenbideko 100 liburu onenen artean dago
‘Escudo de la más constante fe y lealtad' da ‘El Cronista' aldizkari espezializatuak aukeratu duen lana
Lehenengo argitaratze data: 2016/10/04
Pedro de Fontecha y Salazari esleitutako eta Jon Arrietak editaturiko argitalpen honek Foruen interpretazio berezi eta XIX. mendea arte Bizkaiko esperientzia instituzionalaren irudia izan zen testua ezagutzeko eta ulertzeko oinarriak ezartzea du helburu.
Antzinako Erregimenean ohikoa zen lurralde bateko ordenamendu juridiko eta instituzionalean arauak hauen aplikazioaren esperientzia judizial eta doktrinalarekin osatzea. Bizkaian Forua garatu zen eta epaitegi, debate zein gatazka politiko eta jurisdikzionaletatik eratorritako esperientzia handituz joan zen. Lan hori jaso zuten operadore juridikoek, batez ere jaurerriko aholkulariek, testu-bilduma zabala batzeaz arduratu ziren: txostenak, Batzorde eta Erregimenduek emandako ebazpenak eta pase forala bezala ezagutzen denaren egikaritzan sortutako espedienteak.
Jon Arrieta UPV/EHUko Zuzenbidearen Historiako irakaslea da eta "hautaketa honetan agertzea pozgarria" dela azaldu du. Hala ere, albisteak ustekabean harrapatu du, berak Zuzenbidearekin baino Historiarekin gehiago lotzen duelako argitalpena. Arlo horretan ere "liburua oihartzuna izaten ari da".
Arrietak azaldu duenez, "Escudo de la más constante fe y lealtad Bizkaiko Historiako liburu garrantzitsu bat da. Historia arreta handiz jorratzen du eta 1750ean argitaratu zenetik Bizkaiak eman duen liburu juridiko eta politiko inportanteena da". Nahiz eta liburu oso ospetsua izan ez, edukia ezagutua izan da juristen artean eta Bizkaiko instituzio publikoetan.
Azken bi mende hauetan hiru aldiz argitaratu da, baina sarrerako azterlanik gabe. Horixe izan da Arrietak edizio honetan egin duen ekarpena, hain zuzen ere: "oinarri bat jarri dut testu orijinalaren autoretza, egitura, argitaratu eta hedatzeko izandako arazo eta izandako influentziaren inguruan". Gainera, oharrak ere zuzendu ditu.
Escudo de la más constante fe y lealtad Europako testuinguru juridiko eta ekonomikoan kokatzen da, eta "ikuspegi europar eta zabal batekin" hartu behar da. "Ez da soilik Bizkaian zentratzen eta hemendik kanpo ere interesa izan dezake", Jon Arrietaren hitzetan.
El Cronista del Estado Social y Democrático de Derecho aldizkaria Zuzenbidezko estatu sozial eta demokratikoak eragin edo pairatzen dituen arazo eta zelatei erantzuteko zaintza-behatokia izateko helburuarekin sortu zen, eta 2015eko Zuzenbideko 100 liburu onenen hautaketa egin duena da.
Argazkiak: Laura López. UPV/EHU