UPV/EHUko ikertzaileek Punta Begoña Galeriak eraikitzeko erabili ziren materialak identifikatu dituzte
Materialak hondarazten dituzten kausak zehazteko lehen urratsa egin da, eta, horri esker, galeriak nola berritu erabaki ahal izango da etorkizunean
Lehenengo argitaratze data: 2016/09/28
UPV/EHUko ikertzaileek Punta Begoña Galeriak (Getxo, Bizkaia) eraikitzeko erabili ziren materialak identifikatzea lortu dute. Galeria horiek, hain zuzen, XX. mendearen hasierako Bizkaiko eta Euskadiko eraikinik esanguratsuenetako bat dira, eta gaur egun degradaturik daude. Horrez gain, materialotan eratu diren hondatze produktuak edo konposatuak ere identifikatu dituzte.
Informazio horri esker, galerietako materialak nola hondatu diren eta degradazioak zerk sortu dituen argitu ahal izango da. Hori guztia oso-oso garrantzitsua da, hartara etorkizunean erabaki ahal izango baita eraikina berritzeko nolako osagaiak erabili behar diren eta ea komeni den egungo osagaiei eustea.
Sabai eta fatxadetan erabilitako materialei dagokienez, ikusi da kaltzita eta igeltsua erabili zirela sistematikoki hormetako morteroen jatorrizko osagai gisa. Bestalde, alita eta belita ere identifikatu dira, hots, bere garaian erabili zen zementuaren clinker osagai nagusiaren bi konposatu. Goi galeriako sabaietako morteroetan, berriz, kaltzita, kuartzoa, aragonitoa eta igeltsua identifikatu dira. Aragonitoa koralen oskol eta eskeletoen osagai nagusia da; beraz, berrets daiteke hondartzako area erabili zela mortero horien agregatu gisa. Behe galeriako sabaiak hiru mortero geruza ditu. Gaur egun, kanpoaldean dagoena zarakar beltz batek estaltzen du; zarakar hori kaltzitak atmosferako sufre dioxidoak kaltzitari erasanda sortu da. Horrek igeltsuzko mikroegitura bat sortu du, inguruneko ikatz partikulak eta metalak pila ditzakeena.
Galerietako materialen hondatze arazoei dagokienez, horma eta sabaiei eragiten dieten beste hiru prozesu aipatu behar dira zarakar beltzen prozesuaz gain. Alde batetik, behe galeriako sabaiko igeltsuaren hidratazio/deshidratazio prozesuak arrakalak sortzen ditu, bolumena aldatzen delako forma hidratatutik deshidratatura eta alderantziz igarotzen denean. Bestalde, galerietako jatorrizko konposatu batzuen eta inguruneko eragile kimikoen arteko erreakzio kimikoak efloreszentziak agerrarazi ditu morteroetan eta fatxadetan; horren ondorioz, material berriak eratu dira, jatorrizkoenak ez bestelako konposizio eta ezaugarriak dituztenak. Azkenik, fatxadetako adreiluei kalte egiten dien beste prozesu bat identifikatu da: Abra badiatik datozen aerosol azidoek erreakzioa eragiten dute adreiluetan, eta, horren eraginez, adreilua pixkanaka desagertuz eta hutsunea agerian utziz joaten da.
Galeriak martxotik urrira bitartean bisita daitezke, eta urtetik urtera eremu berriak ikus daitezke, galeriak leheneratzeko lanak aurrera doazen heinean. Bisitetan parte hartzeko, aldez aurretik izena eman behar da Getxoko Udalaren webgunean edo Turismo Bulegoaren telefono zenbakira deituta (94 491 08 00). Bisitak doakoak dira, eta 25 lagun arteko taldeetan egin ahalko dira, asteartetik igandera bitartean, euskaraz nahiz gaztelaniaz eta hainbat ordutegitan.
Punta Begoña Galeriei balioa emateko proiektua
Getxoko Punta Begoña Galeriak XX. mendearen hasierako Bizkaiko eta Euskadiko eraikinik esanguratsuenetako bat dira, haien erabilera bitxiagatik, kokaleku bereziagatik eta eraikitzeko erabili zen teknologiagatik.
Horregatik guztiagatik, eta ikusirik gaur egun hondaturik daudela, Getxoko Udalak eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute, herritarrei irekitako eta herritarren zerbitzurako ikerkuntza eta exekuzio prozesu baten bidez galeriak leheneratzeko asmoz.
Hala, UPV/EHUko bost ikertalde hainbat diziplina uztartuz ari dira galeriak leheneratzeko lanean Getxoko Udaleko adituen talde batekin, Bizkaiko Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak lagunduta. UPV/EHUk, berriz, Punta Begoña Galeriak leheneratzeko prozesuan proposatzen diren ikerketa ekintzen inguruko aholkuak eta jarraibideak ematen ditu.