euskaraespañol

UPV/EHU, mugikortasun adimentsuaren alde

Lehenengo argitaratze data: 2016/09/26

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak, beste urte batez, hartu du parte irailaren 16tik 22ra bitartean ospatu den Mugikortasunaren Europako Astean. Aurten, UPV/EHUk antolatutako ekimenak Mugikortasun Adimentsua. Ekonomia Gogorra lelopean egin dira.

2016ko kanpainak azpimarratu nahi izan du mugikortasun adimentsua eta eraginkorra inbertsio ekonomiko bat dela Europarentzat. Edizio honetan, astearen ardatza izan da mugikortasun mota honek pertsonei eta enpresei eragiten dizkien etekin ekonomikoak nabarmentzea, baita bizi-kalitatearen eta ingurumenaren hobekuntza ere. Gainera, mugikortasun adimentsuarekin, gizarteak aurreztu egingo du, ibilgailu pribatua gehiegi erabiltzeak eragiten dituen efektuak murrizten direlako.

Bizkaiko Campusean, besteak beste, ikasleek eta irakasleek auto elektrikoa gidatu ahal izan zuten, monopatin elektriko batera igo, edo bizikleta martxan parte hartu. Martxa hori Getxoko Mugikortasun jasangarriaren aldeko zentrotik UPV/EHUko Leioako Bibliotekara egin zuten. Gainera, astean zehar orri markatzaileak banatu ziren, non mugikortasun jasangarriaren alde antolatutako ekimenak azaltzen ziren:Aparka eta erabiltzaile askoko ibilgailuetarako aparkalekuak, adibidez.

Gipuzkoako Campusean Argazki lehiaketa iragarri zen, UPV/EHUko komunitate unibertsitarioari zuzenduta, baita ehualumni ikasle ohien sarea eratzen dituzten pertsonei ere. Argazkiak Mugikortasunaren Astean zehar egin ziren, eta urriaren 17ra arte aurkeztu ahal izango dituzte lanak. Lehiaketak hiru sari hauek ditu:

  • 1 saria: 300 euro
  • 2 saria: 200 euro
  • 3 saria: 100 euro

Halaber, Kalapie Hiriko Txirrindularien Elkarteak Ignacio Mª Barriola zentroko arkupeak bizikleta-tailer bihurtu zituen. Horrela, bertara hurbiltzen ziren pertsonek aukera izan zuten beraien bizikletak konpontzen ikasteko eta "Txirrindaz adin gabe" boluntariotza proiektua gertutik ezagutzeko. Era berean, hiriko bidegorriari eta bizikletarentzako osagarriari buruzko informazioa jaso zuten, baita bizikleten lapurreta saihesteko gomendio baliagarriak ere.

Argazkiak: UPV/EHU