Espainiako Astronomia Elkartearen XII. Zientzia Bilera gaur bertan bukatuko da, Bilbon; azken saioan, aztergai izan dituzte kosmologia eta unibertsoaren hasiera, Eguzki Sistemak oraindik ere ezkutuan dituen sekretuak, eta etorkizuneko tresna zientifikoek emango dituzten aukerak. Datu zientifikoekin batera, astronomiaren eta astrofisikaren arloko Giza Baliabideen 2. Txostenaren emaitza kezkagarriak azaldu dituzte: ikus daitekeenez, beherakada handia gertatu da doktorego ondoko kontratuetan eta Espainiako ikertzaile gazteentzako prestakuntza beketan.
Astronomia elkarteak Genero Berdintasunerako I. Plana aurkeztu du
Francesca Figueras, Espainiako Astronomia Elkarteko presidente berria
Lehenengo argitaratze data: 2016/07/22
Guztira, 350 astronomo inguruk parte hartu dute 220 hitzaldi eta aurkezpenetan. Tartean, osoko solasaldiak eta saio paralelo espezializatuak egin dira hainbat gai lantzeko: galaxiak eta kosmologia, Esne Bidea eta haren osagaiak, zientzia planetarioak, eguzki fisika, instrumentazioa eta superkonputazioa, eta astronomiaren hedakuntza eta irakaskuntza.
SEAren XII. Zientzia Bileran, halaber, presidente eta zuzendaritza batzorde berria hautatzeko foroa egin dute, eta lehen aldiz aurkeztu dute Genero Berdintasunerako Plan bat, Espainiako Astronomia Elkarteak atzo eginiko biltzarrean.
SEA elkarteko aurreneko presidente emakumea
Espainiako Astronomia Elkarteak Francesca Figueras hautatu du presidente, Bartzelonako Unibertsitateko Kosmos Zientzien Institutuko (IEEC-ICCUB) ikertzailea. SEAk, duela 24 urte sortu zenetik, lehen aldiz edukiko du emakumezko presidentea.
"Gure astronomoen komunitatea etengabe eta izugarri handitu da hirurogeita hamarreko urteetatik gaur arte. Gure ikertzaileei leku nabarmena eta finkoa egin diegu mundu osoan, eta, gainera, Espainiako enpresek astronomiako azpiegitura handietan parte hartzea lortu dugu; azpiegitura horietako batzuk martxan daude jada, eta beste batzuk, ikusgarriak, aurki iritsiko dira. Emakume astronomook, hasiera-hasieratik eta prozesu osoan, buru-belarri aritu gara lan kolektibo honetan, astronomiarako grinari eta lanean jarritako ahaleginari esker neurri handi batean. Erronka asko ditugu etorkizunerako: besteak beste, neutrinoaren masa zenbatekoa den eta horrek eredu kosmologikoetan zer ondorio duen zehaztea, eta gizon eta emakumeen artean erabateko aukera berdintasuna lortzea. Erronka horiek epe laburrera gainditu nahiko genituzke, noski, eta, horretarako, ezinbestekoak zaizkigu doktorego ondoko eta aurreko gazteak", azpimarratu du Francesca Figuerasek.
Francesca Figuerasek Javier Gorgas ordezkatuko du datorren urtarriletik aurrera. Gorgas 2013. urtetik izan da Espainiako Astronomia Elkarteko buru.
Emakume astronomoei buruzko datuak
SEAren Zientzia Bileran bertan aurkeztu dute Espainiako astronomia eta astrofisikaren arloko Giza Baliabideen 2016ko Txostena, eta astronomia ikerketako Espainiako 50 zentroen datuak bildu dituzte. Bada, txostenaren arabera, arlo horretako profesionalen % 29 emakumeak dira, eta ehuneko hori ez da aldatu 2009. urteaz geroztik.
Proportzioa apalagoa da langile iraunkorren kasuan (% 24), eta handiagoa ikertzaile gazteenen kasuan: % 30 doktorego ondoko ikertzaileak eta % 38 doktorego aurrekoak.
Alabaina, ardurarik handieneko karguetan, oraindik ere oso-oso apala da emakume astronomoen presentzia: unibertsitateko katedradunak % 15 dira, eta herrialde osoan emakume bakar bat baino ez dago CSICeko ikerketa irakasleen artean –arlo horretako kargu gorena da hori–: Margarita Hernanz, Espazioko Zientzien Institutuan (IEEC-CSIC). % 4 besterik ez da hori.
Estatistikek erakusten dutenez, gizonen eta emakumeen ehuneko bertsuak uzten du ikerkuntza tesia irakurri eta 5-10 urtera. Horrenbestez, ez dago genero eraginik ikerkuntzarekin jarraitzeko erabakian: % 20k uzten dute astronomia lehen 5 urteetan, eta ia % 40k hamar urteetan, genero bietan. "Datuok berresten badira, txalotzeko modukoa da gure emakume astronomo gazteak egiten ari diren gehiegizko ahalegina; izan ere, oraindik ere haiei eragiten die gehien familia eta lana uztartzeko neurrien faltak", adierazi du Francesca Figuerasek, Espainiako Astronomia Elkarteko presidente hautatu berriak.
Doktorego tesi gehiago eta partaidetza handiagoa
Doktorego tesiei dagokienez, emakumeek egindako tesien kopurua izugarri areagotu da azken hamarkada hauetan. 70eko hamarkadan, doktorego tesien % 5 ziren emakumeek eginak; 1980ko hamarkadan, berriz, % 22 inguru; 1990ekoan, % 25; eta 2000koan, azkenik, % 34. Urte hauetan, oro har tesi gehiago irakurri dira denera, eta, horrez gain, astronomiako doktorego tesi guztien artean % 39 izan dira emakumeek Espainian egindakoak.
Era berean, orain lehen baino emakume astronomo gehiagok parte hartzen dute Espainiako Astronomia Elkartearen zientzia bileretan. Bilbon egin den SEAren XII. Zientzia Bilera honetan, kasurako, osoko hitzaldien % 35 –gai garrantzitsuenei buruzkoak– emakumeek eman dituzte; horrenbestez, emakumeen partaidetza nabarmen areagotu da aurreko edizioekin alderatuta (2014an, % 19 izan ziren emakumeek emandako hitzaldiak, eta 2012an, berriz, % 25). Halaber, proportzioak gora egin du gainerako saio tematikoetan.
Partaidetza orokorrari dagokionez, aurten Bilbon elkartu diren 350 bat profesionalen % 31,5 emakumeak izan dira. Ehuneko hori 41ekoa da Espainiako Astronomia Elkarteko kide juniorren kasuan, hau da, oraindik ere doktorego tesia idazten ari direnen kasuan.
Genero Berdintasunerako I. Plana
Nahiz eta azken urte hauetan areagotu egin den emakume astronomoen presentzia eta parte hartzea, oraindik ere "nabari da genero desberdintasuna, bai irakaskuntzan bai ikerkuntzan, estamentu edo kategoria gorenetan eta erabakimenezko edo politika eta kudeaketa erantzukizuneko karguetan", adierazi du SEAren Emakumea eta Astronomia Batzordeak. Gainera, "emakume zientzialari gazteenetako batzuk kezkatuta daude bizitza pertsonalaren eta profesionalaren artean hautatu beharko ote duten karrerako uneren batean". "Espainiako astronomiak bikaintasuna lor dezan, ez dugu alferrik galdu behar hemengo emakume zientzialarien ahalmena; horregatik, plan bat behar da ikerkuntzan dabiltzan edo orain hasi diren emakumeei ez dakien oztopatu euren garapen naturala, soil-soilik haien merezimendu zientifikoetan oinarritu behar duena".
Hori oinarri hartuta, eta emakumeek Espainiako astronomiaren esparruan parte hartu eta jarraitzeko eta aukera berdintasuna bermatzeko, SEAren Biltzar Nagusiak Espainiako Astronomia Elkartearen Genero Berdintasunerako I. Plana onetsi berri du. Planak, neurrien artean, hauek jasotzen ditu besteak beste: emakumeei ikerkuntza karrera gisa hautatzen laguntzeko neurriak; emakume ikertzaileak eta haien lana ikusgarriago egitekoak; eta lanean hasteko eta aurrera egiteko aukeren berdintasuna sustatzekoak –adibidez, plazak emateko epaimahaietan emakumeak gutxienez % 40 izatea–. Gainera, Espainiako Astronomia Elkarteak ahalegina egingo du ikerketa zentroek familiako eta laneko bizitza uztartu ahal izateko neurriak ezar ditzaten, batetik, eta emakumeek kudeaketa organoetan, batzordeetan eta zientzia foroetan parte har dezaten, bestetik.
Omenaldia Javier Gorosabel astronomo eibartarrari
Espainiako Astronomia Elkartearen XII. Zientzia Bileraren azken egunean, omenaldia egin diote Javier Gorosabel Urkiari (1969-2015), Euskal Herriak eman dituen ikertzaileen azken belaunaldiko astronomorik bikain eta entzutetsuenetako bati.
Haren inguruko saioan azpimarratu den moduan, goiz joan da Gorosabel, eta galera mingarri horrek eten egin du haren aparteko zientzia ibilbidea. 15 urte hauetan, Javier Gorosabelek funtsezko ekarpenak egin dizkio gamma izpien eztanda kosmikoen (ingelesez GRB, Gamma Ray Bursts) fisikaren inguruko ezagutzari, hots, energia handiko astrofisikaren adar zirraragarri bati, eta mundu osoko astronomoek nabarmendu dute haren lana. Omenaldian, ikerketa esparru horren gaineko bi hitzaldi aurkeztu dira, eta ikertzen jardun zuen ikerketa zentroetako lagun eta kideek haren oroipenezko solasaldi laburrak egin dituzte.
Javier Gorosabel munduko erreferenteetako bat izan da –eta da– GRBen fisikaren azterketan; sistema horien fisikari buruzko argitalpen bikainak plazaratu ditu, eta nazioarteko lankidetza garrantzitsuak zuzentzen ere buru-belarri aritu da. Madrilgo LAEFF Espazioko Astrofisikaren eta Oinarrizko Fisikaren Laborategian egin zuen doktorego tesia, eta Herbehereetako, Danimarkako zein Estatu Batuetako ikerketa institutuetan ibili zen lanean. 2003an hasi zen atzera Espainiako zientzia sisteman, Ramón y Cajal kontratu batekin, Andaluziako Astrofisika Institutuan (IAA, Granada), eta laster lortu zuen ikertzaile postu bat CSIC Zientzia Ikerketen Goi Kontseiluan. 2012an, UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldearen eta IAA-CSICen arteko unitate bateratua sortzen lagundu zuen, Eusko Jaurlaritzak Ikerbasque irakasle gisa kontratatu zuenean. Urte hartatik hil zen arte, UPV/EHUren Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoko Fisika Aplikatua Sailean aritu zen ikerketa lanetan.
Argazkiak: Laura López. UPV/EHU