euskaraespañol

In memoriam: Mª Belén Güemez Bilbao

Lehenengo argitaratze data: 2016/07/07

Belén Güemez

Belén Güemez Bilbon jaio zen, baina Venezuelan eman zituen bere bizitzako lehen hamarkadak, familiarekin batera. Han, ingeniaritza kimikoko gradua atera zuen Simón Bolívar Unibertsitatean, eta aurreneko enpresa praktikak egin zituen.

1986an Arratiara itzuli zen, hangoak baitzituen gurasoak, eta orduko Bilboko Industria Ingeniarien Goi Eskola Teknikoan (UPV/EHU) hasi zen, Elektronika, Automatika eta Informatika Industrialean espezializatzeko ikastaro bat egiteko. Garai hartan, 1988an, Venezuelan ateratako titulua Industria Ingeniaritzakoarekin (kimikako espezialitatea) homologatzea lortu zuen.

Aipatutako ikastaro horren bitartez, harremanetan jarri zen eskola hartako lehengo Teknologia Kimika katedrak amaitu eta Unibertsitate honetako Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurugiroa Saila sortu berri genuenokin. Güemez doktoregai hasi zen sailean 1987an; hidrotratamendu prozesuetarako katalizatzaileen garapenari buruzko ikerketa lerroaren barruan egin zuen doktorego tesia, Europako proiektu batek diruz lagunduta, eta 1991. urtean bukatu zuen.

Ikertzaile prestakuntza amaitzean, Ingeniaritza Nuklearra eta Jariakinen Mekanika Sailean hasi zen Jariakinen Mekanikako irakasle, eta laster lortu zuen irakasle titularraren kategoria. Atzera Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurugiroa Sailari batu ostean (sail horren barruan, etenik gabe jarraitu zuen ikerketarekin), ingeniaritza kimikoaren arloko unibertsitate katedradunaren kategoria erdietsi zuen 2013an, zegokion akreditazioa lortu eta lehiaketa egin ondoren. Horrekin guztiarekin, balioa eman zitzaion gure unibertsitatean irakasle eta ikertzaile gisa egin zuen bide luzeari.

Güemez irakaslea langile nekaezina izan zen: 45 ikerketa proiektutan esku hartu eta 80 zientzia argitalpenetik gora egin zituen, eta bi patentetako titularkide izan zen. Lan isila eta zorrotza egin zuen, gure ikertaldearen barruan taldea osatzen lagunduz, eta engaiatuta zegoen egungo Bilboko Ingeniaritza Eskolarekin; gaurdaino, gainera, Euskadiko edp-Gas enpresa ikasgelako zuzendariorde izan da.

Belénekin lana eta laguntasuna partekatzeko zortea izan dugunok ondotxo dakigu etengabe arduratzen zela familiarekin eta bereziki gurasoekin, eta beti prest egoten zela iristen zitzaizkion eskari guztiei erantzuteko. Horregatik guztiagatik, haren heriotzak hainbesteko tristura ekarri digun honetan, beharrezkoa iruditzen zaigu aukera hau baliatzea eta haren eskuzabaltasuna agerian jartzea. Hala, idatzi honen harira, eskerrak eman nahi dizkiogu Güemez irakasleari, beti berea izango duen Unibertsitate honi egin dizkion ekarpen garrantzitsuengatik.

 

Pedro Luis Arias Ergueta
Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza Saileko zuzendaria