euskaraespañol

Neandertalen kanibalismoaren lehen ebidentzia aurkitu dute Europako iparraldean

Goyet-eko (Belgika) aztarnategian, gutxienez 5 neandertal gizakiri dagozkien 99 hezur-hondakin identifikatu dira

Lehenengo argitaratze data: 2016/07/06

Gorpuzkietan, ebakitzeko tresnek haragia moztean utzi ohi dituzten ebakidura-markak aurkitu dira, eta hezurrek hezur-mamia ateratzeko apurtu izanaren moduko hausturak dituzte. Hezur horietako batzuk harrizko tresnak taxutzeko erremintatzat erabili zituzten. Scientific Reports aldizkari ospetsuak argitaratutako lan honetan, egun UPV/EHUn lanean diharduen Asier Gómez Olivencia Ikerbasqueko ikertzaileak parte hartu du.

Neandertalek aldakortasun handia zuten portaerari dagokionez, eta hau ezin hobeto islatzen da hildakoekin zuten harremanetan. Alde batetik, neardentalek hildakoak lurperatzen zituztela egiaztatu ahal izan da aztarnategi batzuetan (e. b., Chapelle-aux-Saints Frantzian eta Sima de las Palomas Iberiar Penintsulan). Beste aztarnategi batzuetako aurkikuntzen arabera, neardentalek hildakoen haragia jan eta hezurrak apurtzen zituzten elikatzeko. Portaera kanibal honen ebidentziak Europa hegoaldeko aztarnategietan aurkitu dira, zehazkiago esanda, Frantzian (e. b., Moula-Guercy, Les Pradelles) eta Iberiar Penintsulan (Zafarraya, El Sidrón).

Hala ere, 50º paralelotik iparraldera, oso gutxi dira neardentalen arrastoak dituzten aztarnategiak, izan ere, horietako bitan baino ez da aurkitu hildakoen balizko tratamenduari buruzko informazioa. Hartara, Feldhofer (Alemania) nahiz Spy-ko (Belgika) aztarnategietan aurkitutako eskeleto-zatien eta dagokien testuinguruaren azterketaren arabera, pertsona horiek lurperatuak izan ziren. Horren harira, Spy II deritzon gizakiaren indusketari buruzko oharretan, eskeletoa osorik zegoela eta uzkurtuta aurkitu zela irakur daiteke.

UPV/EHUn lanean diharduen Asier Gómez Olivencia Ikerbasqueko ikertzailea partaide duen Hélène Rougier doktorearen zuzendaritzapeko ikerketa berri honek, ordea, Europa iparraldean aurkitutako neardentalen gorpuzki-bildumarik zabalena ezagutarazi du, hondakin-kopururik handiena eta honkidakinei dagokien gizaki- kopururik handiena duena, bost guztira: 4 nerabe edo heldu, eta haur bat. Aztarnategia Goyet-eko (Belgika) Hirugarren Haitzuloa (Troisième caverne) deritzona da.

Aztarnategi honetako neardentalen gozpuzkien herenek ebakidura-markak dituzte, eta gorpuzki askotan, hezur-mamia ateratzeko apurtu izanaren perkusio-markak aurkitu dira. Neardentalen gorpuzki hauek aztarnategi berean aurkitutako faunaren (zaldiak eta elur-oreinak) hondakinekin konparatu ondoren, hiru espezieak modu bertsuan kontsumitu zirela ondorioztatu da. Aurkikuntza honek Europa iparraldeko neardentalek hildakoen inguruan zuten portaerari buruzko ikuspegia zabaltzea ahalbidetuko du.

Areago, neardental hauen bost gorpuzkitan, harria taxutzeko kolpekari biguntzat erabili izanaren zantzuak aurkitu dira. Neandertalek errekarriak erabili ohi zituzten harrizko tresnak zizelkatzeko, eta kasu batzuetan, hezurrez baliatzen ziren ahoak egokitzeko (honen adibide hurbila dugu Bizkaiko Dima herriko Axlor aztarnategian aurkitutako berregokitzaileak, nagusiki orein-hezurrez egindakoak). Orain arte, hiru aztarnategitan baino ez dira aurkitu, neardentalek harrizko tresnak lantzeko gizakien hezurrak erabili izanaren zantzuak: femur-zati bat Kroaziako Krapina aztarnategian eta Les Pradelles-en, edota burezur-zati bat Frantziako La Quina aztarnategian. Goyet-en, aldiz, berregokitzailetzat erabili diren 5 gorpuzki aurkitu dira, eta kopuru honek ia bikoiztu egiten du aztarnategi bakar batean orain arte erregistratuta zegoen guztia.

Horrez gain, neardentalen gorpuzki hauei egindako datazioaren arabera, gizaki hauek duela 40.500 urte eta duela 45.500 urteren artean bizi izan zirela ondorioztatu ahal izan da. Hondakinen kontserbazio-egoera apartari esker, gorpuzkien DNA mitokondriala berreskuratu ahal izan da, eta beste neardental batzuen DNArekin konparatzean, Goyet-eko neardentalak genetikoki Feldhofer (Alemania), Vindija (Kroazia) eta El Sidrón (Asturias, Espainia) aztarnategietako neardentalen antzekoak zirela egiaztatu da. Distantzia geografikoen gainetik dagoen berdintasun genetiko honek agi utzi du Europan zehar bizi ziren neardentalen populazioa tamaina txikikoa zela.

 

Erreferentzia bibliografikoa