euskaraespañol

Arte parte-hartzailea ‘Eman Art' jardunaldietan

Arte Ederren Fakultateko ikasleek antolatuak

Lehenengo argitaratze data: 2016/06/03

'Eman Art' jaialdiko antolatzaile eta artistak

"Ikasleak mugiaraztea klasera joatearekin soilik konformatu ez daitezen". Hori da UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko zenbait ikaslek osatzen duten 'Eman Art' kolektiboaren helburua. Aldi berean, izenburu bera daraman jaialdia laugarren aldiz antolatzearen arrazoia ere bada. Maiatzaren 16tik 19ra ospatu dute fakultatean, eta bertan hitzaldiak, muralismoa, kontzertuak, jam sessiona, tailerrak eta poesia eskaini dituzte.

Eman Artek "elkar erlazionatzeko ingurune bat" lortu nahi du, Borja Sarmientok azaltzen duenez. Izan ere, "jendea klasera dator eta gero badoa, ez da fakultatean lanean geratzen, hemen beti gaude pertsona berdinak". Gainera, "fakultatean irakasten ez diren arteak ere badaude" eta horiek denak "batu" nahi dituztela gehitu du Sarmientok. Adibidez, dantza edo antzerkia egiten duten ikasleak daude, eta baita hainbat musika-talde ere. Sarah Grandesek dioen moduan, antolatzen dituzten tailerren bidez, "ikasleek unibertsitatean ikasten ez dituzten diziplinetan parte hartu dezakete".

Ikasleak, ikasle ohiak, kolektiboak eta irakasleak izan dira Eman Arten euren ezagutzak eta esperientzia publikoarekin konpartitu dituzten hizlari, artista eta profesionalak. Javier San Martín irakasleak, adibidez, tabakoak artean izan duen irudikapenaren inguruan hitzaldia eskaini zuen. Antonio Carbayok, aldiz, publikoarekin hizketan jardun zuen, kafeak eta teak lagunduta, sutegiaren inguruan. Jesús, Arte Ederren Fakultateko garbiketako langileak, argazki analogikoen zaharberritzeari buruzko hitzaldia eman zuen, hori izan baitzen bere aurreko ogibidea. Kolektiboek eta ikasle ohiek esperientzia pertsonalak partekatu dituzte, hala nola, jarrai daitezkeen ibilbide profesional ezberdinak, beken esleipenak, etab.

Eman Art jaialdia talde-erakusketa bat egiteko asmoarekin jaio zen orain dela lau urte. Horri musika gehitu zioten, ekimenari jai-giroa emateko asmoz, eta handituz joan da. Horrelako giro lasaian, ikasleek euren artean hitz egiten dute eta talde zein ideia artistiko berriak sortzen dira. Modu honetan, ikasleek batzuk besteengandik ikasteko aukera izan dute, batzuk eta besteek egiten dutena ikusiz. Antolatzaileak pozik daude emaitzarekin, "jendeak asko parte hartu duelako".

Fakultatea margotzen

Eman Art jaialdiko programazioaren barruan ikasleek euren pintura-artelanak Arte Ederren Fakultateko pareta eta zutabeetan irudikatzeko aukera izan dute. Ander Duarteren kasua da hau, berak fakultateko sarrerako zutabeak margotu ditu hainbat txantiloi eta koloretako espraiak erabilita. Eman Arteko antolatzaile bati berak margoturiko pareta baten argazkiak erakutsi zizkionean hasi zen erronka. Jardunaldien barruan antzeko zerbaitek tokia izan zezakeela iruditu zitzaion honi, eta Duarte animatu zuen bozeto bat eta zenbait argazki antolakuntzakoei bidaltzeko. Orduan, zutabeak margotzea proposatu zioten, berarentzat "ohikoa ez den euskarria". Artelana diseinatzeko tokiak transmititzen dizkion formetan oinarritu da eta "eraikuntzaren diagonalek eskaintzen duten jolasa" baliatu du. Haizea eta euriarekin arazoak izan ditu, baina artelana bukatzea lortu du "margotu ahala pintura lehortuz".

Era berean sortu zen Sebas Velasco, Mikel del Río eta Gabriel Cocaren muralaren proiektua. Hiru artista hauek espazio berean margotu ohi dute, baina bakoitzak bere obran egiten du lan. Beti izan da horrela, Eman Artetik fakultateko pareta batean talde-lan bat egiteko proposamena luzatu zieten arte. Onartu egin zuten eta "hiruron munduak irudi bakar batean" islatu nahi izan dituzte, Sebas Velascok azaldu duenez. Horretarako, bakoitzaren erreferentziazko imajina batekin irudi bakar bat osatzen saiatu dira eta, ondorioz, "ohiko prozedura" aldatu behar izan dute, "bakoitzak bakarka egingo lukeenetik irtenda eta hiru lengoaia piktoriko ezberdin nahastuz sortu daitekeena ikusiz". Emaitza "diskurtso nahiko irekia" da, zeinarekin "talde-artelan eta esperientzia bezala" pozik azaldu diren.