euskaraespañol

UPV/EHUk planeta iheskorra ikusi ahal izan zuen

Merkurio 2019ko azaroaren 11n ikusi ahal izango da berriro

Lehenengo argitaratze data: 2016/05/13

Eguzki sistemako planetarik txikiena, Merkurio, Eguzkiaren eta Lurraren artean ibili zen. Bilbon ikusi ahal izan genuen fenomeno bitxi hori, hodeiak egon arren, UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldeak egindako jarraipenari esker. Beste zenbait hirik, ordea, Bartzelonak eta Parisek adibidez, ez zuten halako zorterik izan, zeru hodeitsuak ezkutuan utzi baitzuen planeta. Merkurio berriz ikusteko aukera hemendik hiru urtera izango dugu, 2019ko azaroaren 11n hain zuzen.

Maiatzaren 9eko, astelehena, 13:12an Merkurio Eguzkiaren aurretik igarotzen hasi zen, eta María Teresa del Río UPV/EHUko Fisika Aplikatu I saileko irakasleak EspaZio Gelako Behatokian dagoen eguzki-teleskopioak hartutako irudiak grabatzeari ekin zion. Eguraldiaren iragarpena ez zen aldekoa: 15:00etatik aurrera, zerua hodeiz beteko zen Bilbon. Alabaina, Del Ríok igaroaldi horren unerik garrantzitsuenetako bat grabatu ahal izan zuen: planeta eguzki diskora sartu zenekoa. Agustín Sánchez Lavega katedradunak zuzentzen duen Zientzia Planetarioen Taldea gustura zegoen: "Zorte handia izan dugu". Bartzelonan eta Parisen, ordea, ezin izan zioten planetari behatu, hodeiek hasieratik ezkutatu zutelako fenomenoa.

Pozik gelditu ziren, halaber, behatokira Merkurio eguzki behaketarako egokituriko teleskopio berezien bidez zuenean ikustera joan zirenak.

Zientzia Planetarioen Taldeak ikusgai jarri zuen fenomenoa eta unibertsitate komunitate osoa gonbidatu zuen streaming bidez edo Bilboko Ingeniaritza Eskolako EspaZio Gelako behatokitik zuzenean jarraitzeko.

Hogei bat ikasle, irakasle eta administrazio eta zerbitzuetako langile, eguraldiari aurre eginez, behatokiraino igo ziren; han ziren, besteak beste, Joakin Rodriguez eta Alberto Bergaretxe, Bilboko Ingeniaritza Eskolako langileak. "Esperientzia txundigarria izan da", esan zuen Joakin Rodríguezek, eta Alberto Bergaretxeri "benetan aukera interesgarria" iruditu zitzaion. Disko beltza Eguzkiaren gainean ikusi ahal izan zuten, eta Teresa del Ríok eta Agustín Sánchez Lavegak ia ordubete lehenago grabaturiko irudiez emandako azalpenak aditu zituzten. Merkurioren igaroaldia oso motela izan zen (7 ordu eta erdi iraun zuen). Apenas mugitzen zen, baina, halere, Bilboko hodeiak lagungarri izan ziren planetaren joan-etorria ikusteko.

Gertaera astronomiko hori ez da batere ohikoa: 13 edo 14 aldiz gertatzen da mende bakoitzean. Orain hurrengoan duela 13 urte gertatu zen, 2003an, eta 2019ko azaroaren 11ko 13:35era arte ezingo da berriro ikusi. Orduan ere, eguraldia lagun bada, Bilbotik ikusi ahalko da Merkurioren joan-etorria.

Merkurio eta Einstein

Merkurio planeta txiki-txikia da, trinkoa, kraterrez betea eta atmosferarik gabea. Nahiz eta Eguzkitik (batez besteko) 58 milioi kilometrora bakarrik dagoen, muturreko tenperaturak jasaten ditu (zero azpitik 170 gradu alde ilunean, eta zero gainetik 430 gradu Eguzkiaren aldean), atmosferarik ez duelako besteak beste. Merkurioko egun batek Lurreko 59 egun irauten du. Planeta oso ezaguna da; dena dela, haren eremu magnetikoa misterio hutsa da oraindik. Gaur egun jakin-min eta interes handia dago Merkuriori behatzeko, fenomeno bitxia eta ikusten oso zaila delako planetaren tamainagatik. Venusekin gertatzen ez den bezala (Venus mugitzen denean, begiratu batean ikus daiteke, eguzkitik babesteko betaurreko bereziekin), Eguzkiari begiratzeko bereziki egokitutako teleskopio bat behar da Merkurioren mugimenduari erreparatzeko.

Merkuriok badu beste berezitasun bat, ordea: haren orbitak ez ditu betetzen Halleyk garatutako teoriak, zeintzuk Newtonen grabitate-legeetan oinarrituta baitaude eta gainerako planetek, kometek eta asteroidek betetzen baitituzte. Orbitatzeko bestelako modu horregatik, pentsatu zen Eguzkiaren eta Merkurioren artean beste planeta bat zegoela, eta Vulcano izena eman zitzaion, gainera. Duela ehun urte, baina, erlatibitatearen teoriarekin, frogatu zen Merkuriok 43,1 segundo aldatzen zuela orbita mendez mende. Alegia, planeta txiki horrek eutsi egin zion Einsteinen teoriari.

Zientzia Planetarioen Taldea

Zientzia Planetarioen Taldea Agustín Sánchez Lavegak zuzentzen du, eta Naiara Barradok, Ricardo Huesok, Teresa del Ríok, Santiago Pérez Hoyosek eta José Félix Rojasek osatzen dute. Taldekide guztiak aritu ziren, Arrate Antuñano, Iñaki Ordóñez eta Hao Chen-Chen-ekin batera, Merkuriori zuzenean nahiz streaming bidez behatzen.

 

Argazkiak eta bideoa:

Laura López. UPV/EHU

Aula EspaZio Gela