euskaraespañol

‘Paperezko Itsasontzia' edukiontzizko artelana, Bilboko Itsas Museoan

Interbentzio Artistiko programaren 4. edizioko irabazlea da Álvaro Arocaren pieza

Lehenengo argitaratze data: 2016/05/11

Álvaro Aroca 'Paperezko Itsasontzia' bere artelanaren aurrean

Bilboko Itsasadarra Itsas Museoko Interbentzio Artistikoen programaren 4. edizioa UPV/EHUko Arte Ederretako Fakultateak, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak, Aurtenetxea Containers enpresak eta Bilboko Udalak antolatu duten ekimena da. Programaren helburua merkantzien garraiorako erabili ohi diren bost edukiontzi industrialentzako proposamen artistiko bat egitea izan da.

Lehiaketa UPV/EHUko Arte Ederretako Fakultateko ikasle guztiei zuzendu zaie eta irabazlea Álvaro Aroca izan da, Paperezko Itsasontzia izenburua daraman piezarekin. Artelana Bilboko Itsasadarra Itsas Museoko zabaldegian kokatu da urtebetez ikusgai egon dadin.

Bilboko Itsasadarra Itsas Museoko zuzendari Jon Ruigomezek azaldu duenez, lehiaketa hau "indarra hartzen" ari da, izan ere, aurtengoa laugarren edizioa da. "Ontziola batean ondarez eta artista ospetsu zein hasiberrien lanez inguratuta egotea ohorea" dela gehitu du.

Álvaro Aroca "pozik" agertu da eta antolakuntzari eskertu dio "ekimenean parte-hartzeko aukera eta irabazi izanaren zortea". Txiletarra bera, 2011. urtean heldu zen Arte Ederretako Fakultatera master bat egiteko asmoz, eta doktoretza bukatzeko geratu da. Paperezko Itsasontzia "itsasadarraren inguruan paseatzen" zegoela jaio zen, ura eta itsasoaren inguruko bere oroitzapenen bitartez. Artelanaren helburua "jendeak zonaldetik paseatzen duenean bukatu gabeko figura ikustea eta pentsaraztea, bueltak eman araztea eta beraien begiradarekin eraikitzea" da. Eskultura honek perspektiba ezberdinekin jolasten du, norbaitek obra begiratu eta "zeozer imajinatu, oroitzapen bat izan" dezan. Begirada eta oroitzapenak behartu nahi ditu, ez diolako "erraz utzi nahi ikusleari".

Arocaren lana saritzeaz gain, bi accesit eman dira: bata Aranzazu Tempranori, Hilero da marea eskulturagatik, eta beste bat, Mariana de Viana eta Xabier Dobarani, elkarrekin sortutako Xirga piezagatik.

Aurkezpenean agertu dira:

• Jon Ruigomez, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoko zuzendaria
• Carmelo Garitaonaindia, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordea
• Arantza Lauzirika, UPV/EHUko Arte Ederretako Fakultateko dekanoa
• Julen Aurtenetxea, Aurtenetxea Containers enpresako gerentea
• Nora Sarasola, Bilbao Ekintzako zuzendari orokorra (Bilboko Udala)
• Álvaro Aroca, Aranzazu Temprano eta María de Viana, UPV/EHUko Arte Ederretako Fakultateko ikasleak eta aukeratutako eskulturen egileak

 

Argazkiak: Mikel Mtz. de Trespuentes