euskaraespañol

Eguneko irudia

Erizaintzako ikaslea eta 23 urtez azpiko Espainiako Ziklo-kros Txapelketako irabazlea

Marta Beti: «Urte batzuk kirolean bakarrik eman nahiko nituzke, noraino iritsi naitekeen jakiteko»

Lehenengo argitaratze data: 2025/01/30

Marta Beti, Bizkaiko Campusean | Argazkia: Laura López. UPV/EHU

Marta Beti Perez (Castro Urdiales, 2004), 23 urtez azpiko Espainiako Ziklo-kros Txapelketako irabazlea, lehen aldiz arituko da Munduko Kopan asteburu honetan, otsailaren 1ean eta 2an, Liévinen (Frantzia). UPV/EHUko erizaintzako ikaslea eta errendimendu handiko kirolaria da Beti, eta lortu du urte hauetan zehar ikasketak eta kirola uztartzea, ikasle nabarmena bihurtuz.

23 urtez azpiko Espainiako Ziklo-kros txapelduna zara. Zorionak.

Eskerrik asko. Irabazten dudan bigarren txapelketa da, lehenengoa 2022an izan zen eta oso zirkuitu lehorra eta azkarra zen. Hau, aldiz, guztiz kontrakoa, Galizian izan zen eta lokatz asko zegoen. Ez nintzen jendearen begikoa, uste zutelako ez zela nirera egokitzen zen zirkuitu bat, baina egia da sasoi oso onean iritsi naizela denboraldi amaiera honetara. Nik ere ez nuen uste irabazteko erraza izango nuenik; ez nuen oso ondo irtetea lortu, baina bizikleta sorbaldan nuela korrika hasi nintzen, lokatzaren eraginez, eta bigarren Sub-23 jarri nintzen lehen itzulian. Aurrea ondo hartu eta helmugaraino eutsi ahal izan nion.

Txapelketa egun batekoa izan zen, eta lasterketak 50 minutu iraun zuen. Asko sufritu nuen, lokatz askoko Ziklo-kros lasterketa izan zen, korrika oinez egin behar izan nuen, baina oso pozik.

Espainiako Kopan ere parte hartu duzu

Bai. Hainbat lasterketa izan dira urritik urtarrilera, eta hirugarren eta bigarren espainiarra izan nintzen.

“Nire etxean beti argi izan dugu kirola egin behar genuela erakusten dizkizun balioengatik: laguntasuna, diziplina...”

Ez hori bakarrik, lehen aldiz Mundialean arituko zara.

Urtarrilaren 19an Munduko Kopako lasterketa bat egin nuen Benidormen. Ni 23 urtez azpikoa naiz, baina neskok neska eliteekin aritu behar gara, munduko mailarik altuena dutenekin. Nire helburua haiekin amaitu ahal izatea zen, beste urte batzuetan ez bainuen lortu.

Orain, otsailaren 1 eta 2ko asteburuan Liévinen (Frantzia) lehiatuko naiz Sub23 kategorian.

Mailak ez du zerikusirik. Bizikletan bakarrik aritzen diren neskak dira elite mailakoak, dedikazio esklusiboa dute eguneko 24 orduetan. Nik Benidormeko lasterketaren aurretik azterketak izan nituen, eta oso nekatuta iritsi nintzela nabaritu nuen. Baina uste dut ikasketak beti eduki behar direla eta pozik nago hartu dudan erabakiarekin, nire etxean beti lehentasuna ikasketak izan dira.

Nola hasi zinen kirol honetan?

Nire etxean beti argi izan dugu kirola egin behar genuela erakusten dizkizun balioengatik: laguntasuna, diziplina... Ni Castro Urdialesen bizi naiz, eta itsas portua denez, igeriketarekin hasi nintzen. Nire aita txirrindulari ez profesionala izan zen, nahiz eta lehiatu zen, eta Castro Urdialeseko talde bateko zuzendaria izan zen. Anaiak Castroko Eskolan egiten zuen lasterka, eta nik hiru urte nituenetik eskatzen nion aitari izena emateko.

Egia da oso kirol arriskutsua dela, izan ditzakezun erorialdiengatik eta errepidean entrenatzen delako autoen artean. Horregatik saiatzen ziren beti igeriketan gera nendin, harik eta egun batean, 8 urte nituenean, "Jo, zergatik Pablo bai eta ni ez?" esan, eta apuntatu behar izan ninduten arte. Bi kirolak ezin nituenez uztartu, igeriketa utzi eta txirrindularitzaren alde egin nuen. 11 urte nituen orduan.

Castreño Txirrindulari Klubean egon nintzen ahal izan nuen mailara arte, kadeteetatik aurrera ez dagoelako, eta Merueloko emakumezkoen talde batera joan behar izan nuen. 7 urte daramatzat talde horretan.

Erizaintzako hirugarren urtea egiten ari zara Euskal Herriko Unibertsitatean, ondo uztartu al dituzu ikasketak eta kirola?

2022an hasi nituen Erizaintzako ikasketak, Espainiako Txapelketa lehenengoz irabazi nuen urtean. Garbi neukan ez nuela bizikleta erabat utzi nahi, baina bai uste nuen bizikleta alde batera utzi edo ikasgaien erdia hartu beharko nituela urtero. Baina urtez urte dena atera ahal izan dut, eta Unibertsitateko Errendimendu Handiko Kirolarientzako Tutoretza Planari esker, errazagoa izan da uztartzea.

Adibidez, Valentzian badugu lasterketa, edo Europako txapelketa batera joan behar bagara, eta ostiralean ezin banaiz klasera joan, mintegien ordutegia egokitzeko edo online egiteko aukera dut. Lehen ikasturtean azterketa batzuk aldatu behar izan nituen, Espainiako txapelketarekin bat zetozelako. Bestalde, praktikak goizez edo arratsaldez izaten dira, eta abenduko egunak oso laburrak direnez, goizez egiten baditut praktikak, oso denbora gutxi geratzen zait entrenatzeko. Horregatik, abenduan praktikaldi bat arratsaldean bakarrik egokitzen lagundu zidaten, goizean entrenatu ahal izateko. Alde horretatik, Unibertsitatearen laguntza nabaritzen dut, eta oso eskertuta nago.

Ikasketak hasi aurretik ezinezkoa ikusten nuen bi alderdiak uztartzea, eta orain oso pozik nago.

“Ikasketak hasi aurretik ezinezkoa ikusten nuen, baina urtez urte dena atera ahal izan dut, eta Unibertsitateko Errendimendu Handiko Kirolarientzako Tutoretza Planari esker, errazagoa izan da uztartzea”.

Zenbat ordu entrenatzen duzu egunean?

Gutxienez bi ordu behar dituzu errepidean, eta egun batzuetan sei ordu ere egin ditut, egin behar duzunaren arabera. Gainera, egun batzuetan korrika egitera ere irteten naiz, Ziklo-krosean korrika egitea tokatzen delako batzuetan, lokaztuta dagoenean. Eta astean bi egunetan gimnasioa ere egiten dut, ordubete edo ordu eta erdi.

Ez da bizikleta bakarrik, egun batzuetan bi kirol egiten ditut, baina bizikletan gutxienez bi ordu behar ditut.

Hirugarren mailan zaude, gutxi geratzen zaizu karrera amaitzeko. Nola ikusten duzu zeure burua etorkizunean, erizain edo kirolari profesional gisa?

Dilema handia da hori. Nik gurasoei beti esan diet nire ametsa txirrindulari profesionala izatea dela; gainera, gero eta aukera eta talde gehiago daude, nahiz eta ez dagoen gizonezkoen kirolarekin parekatuta.

Bestalde, Unibertsitatean sartu nintzenean esan nuen "orain bi gauzetan arituko naiz, baina babesten nauten ikasketak ditudanean lesioren bat edo beste zerbait gertatzekotan, urte batzuk kirolean bakarrik eman nahiko nituzke, noraino iritsi naitekeen jakiteko". Ez dut zalantzarekin geratu nahi, saiatuz gero ez zer gertatuko ote zen.

Ez dut esan nahi super izarra izango naizenik, saiatu egin nahi dut, besterik gabe. Nire planteamendua, beraz, ikasketak laugarren mailan amaitzea da, eta bizikletan ibiltzen saiatzea. Batzuetan pena ere ematen dit, praktikak ditugunean erizain gisa ikusten dugulako geure burua, eta alde kliniko hori ere gustatzen zait. Eta bizikletan bakarrik aritzen banaiz eta urte batzuetan erizaintza alde batera uzten badut, asko galtzeko beldur naiz. Baina ez dut saiatzeko gogoarekin geratu nahi.

Lehen esan duzu emakumeen eta gizonen taldeak ez daudela parekatuta. Diskriminazio handia nabaritu duzu?

Niri askoz aurreratuago heldu  zait dena. Baina taldean profesionalak izan diren neskak ditugu, ezer ez egotetik egoterako jauzi hori gertutik bizi izan dutenak. Ziklo-krosean nahiko ona izan den eta erretiroa hartu berri duen neska batekin konfiantza handia dut, eta esan dit bera kadetea zenean, duela 30 urte, hiru bakarrik zeudela irteeran, eta lasterketa zutela asko borrokatu zutelako. Mutilekin korrika egin behar izaten zuten, eta herriko lagun neskei korrika egiteko eskatzen zieten, parte-hartzaile minimora ez zirelako heltzen. Eta orain parrilak ikusten dituzu 50 neskarekin.

Emakumezkoen txirrindularitza oso profesionalizatuta dagoela ikusten ari gara. Euskadin, adibidez, nesken Itzulia dago, Top mailakoa da, eta ikusten ari da errendimendua mutilenera hurbiltzen ari dela. Baina egia da  oinarri-mailan gaudenontzat txirrindularitza profesional horretara jauzi egitea zailagoa dela, mutilak baino askoz gehiago nabarmendu behar gara.

Eta soldatei dagokienez, ez dakit zein den aldea, baina egia da oraindik aldea dagoela. Baina aurrera goaz eta bide onetik, eta nik uste dut horrela jarraituko duela, horren alde asko borrokatzen ari delako emakumezkoen txirrindularitzatik.