-
UPV/EHUko hamabi, CSICeko sailkapenean 500 emakumezko ikerlari esanguratsuenen artean
-
Erabaki ote dezakegu zer-nolako gurasoak izan gura dugun?
-
Farmakologia aldatu zuten zortzi emakume
-
Ate Irekien Jardunaldiak
-
Talentu gaztea bilatzen duten enpresekin aurrez aurreko hartu-emana izan dute 1.000 ikaslek
UPV/EHUko Berdintasunerako zuzendaria
Maggie Bullen: «Berdintasunerako Zuzendaritzaren izaera feminista sendotu nahi dut, aniztasuna kontuan hartuz»
- Elkarrizketa
Lehenengo argitaratze data: 2025/03/06

Margaret (Maggie) Bullen (Nedging, Suffolk, Erresuma Batua, 1964) 1991. urtetik Euskal Herrian bizi den antropologo feminista da. Euskal Herriko Unibertsitatean 2005etik gizarte antropologia irakasten du, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean. Filologia Hispanikoa eta Frantsesean lizentziatua da (Bristol, 1987) eta Gizarte Antropologian doktorea (Liverpool, 1991). Haren iker lerroak dira migrazioa, hizkuntza eta aniztasuna alde batetik; genero, jaiak eta erritualak bestetik. Azken urteotan, Gipuzkoako jaietan emakumeek bultzatu dituzten aldaketen inguruan ikertu du (Bidasoaldeko Alardeak, Antzuolako Mairuaren Alardea, Donostiako Danborrada, besteak beste). AFIT-eko (Antropologia Feminista Ikerketa Taldea) kidea da. Kudeaketari dagokionez, saileko zuzendaria izan da, gero dekanordea eta orain Berdintasunerako zuzendariaren kargua hartu berri du. UPV/EHUk zuzendaritza hori 2006an sortu zuenetik, seigarren arduraduna da Maggie Bullen.
Berdintasunerako zuzendari berria izan zara. Nola hartu zenuen aukera hori?
Ustekabean izan da! Ixone Fernández da la Bastida errektoreordeak deitu zidanean proposamena egiteko “katxis!” esan nion, egun hartan bertan UPV/EHUn geratzen zaizkidan 6 edo 7 urteetarako plana idazten hasia bainintzen. Eta plan horrek ez zuen zuzendaritza aurreikusten, inondik ere! Baina lore handi bat bezala hartu nuen, iruditu baitzitzaidan eskaintza horrek UPV/EHUn egin dudan ibilbidea aitortzen zuela eta ibilbide hori bukatzeko modu ederra izango zela, nahiz eta erronka handia ere izan. Horrez aparte, sentitzen nuen gaur egun unibertsitatean badugula sare feminista indartsua, eta zuzendaritza nire ardura bakarrik ez zela izango, baizik eta “denon artean” egin beharko genuen lana. Banekien ekipo tekniko aditua eta eskarmentua duena ondoan izango nuela eta ingurukoengandik laguntza jasoko nuela.
Nola ikusten duzu unibertsitatea berdintasunaren ikuspegitik?
Ikusten dut hasi nintzenetik, orain dela hogei urte, gauza asko hobetu egin direla. Izan ere, Berdintasunerako Zuzendaritza bera 2006an sortu zen eta nire aurreko zuzendariei esker, berdintasunerako bidea zintzo eta firme jorratuz, aurrera goaz.
Alde batetik, egun ikasketa eta ikerketa feminista egiteko aukera ugari ditugu gure unibertsitatean. Urtero saritzen ditugun gradu eta master amaierako lanak eta tesiak horren lekuko dira. Feminismoan espezializatuak diren master eta doktorego programak ditugu eta ikertaldeak ere bai. Horren ondorioz, berdintasunari lotutako lan munduan sartzeko aukera ematen diegu gure ikasleei eta, beraien bidez, feminismoa gizartera eramaten eta ezartzen da.
Bestetik, gure sindikatuek lan luzea eta sakona egin eta egiten dute, gure komunitateen berdintasun eskubideak defenditzeko eta gero eta baldintza hobeagoak lortzeko. Horrez gain, lidergoan trebatzeko gaitasunak jorratzen ditugu Akademe programan eta formakuntza programa anitzaren eskaintza ere dugu.
«Edozein lekutan hazten diren ‘belar txarrak’ paisaia polita baina bidegabea azaleratu behar dugu feministok»
Hala ere, leku askotara ez gara iristen eta arlo askotan, feminismoari dagokio, basamortuan bezala bizi direla entzun izan dut nire lankide batzuei. Hori dela eta, gustatuko litzaidake aipatzea Mari Luz Estebanek proposatzen duen “belar txarren” adibidea. Berak dio gure indarrak ez genituzke neurtu behar “zientzia indartsuekin edo gizartean posizio boteretsuenetan daudenekin” baizik eta “edozein lekutan hazten diren belar txarrak bezala” agertu, protestatu eta behin eta berriro paisaia polita baina bidegabea azaleratu.
Zein izango lirateke zure lehentasunak datozen sei urteetarako?
Nire lehentasunak honako hauek dira: epe motzean, unibertsitatea osatzen ditugun komunitateak ezagutu eta entzun. Anitza da gure unibertsitatea eta modu ezberdinetan egiten dugu berdintasunerako alde. Hurbildu nahi dut gure fakultateko eta eskolako gradu batzordeetara eta deskubritu beraien errealitateak, kezkak, nahiak. Horren arabera, planifikatu ahalko nuke 6 urteko plana. Baina baliteke hori egiteko lehenengo ikasturte osoa behar izatea!
Gero, Berdintasunerako Zuzendaritzaren izaera feminista sendotzea. Horrek zer esan nahi du? Ez gara bakarrik emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaz ari, baizik eta pertsona guztion arteko berdintasunaz. Horretarako, alde batetik, generoaren kontzeptua berrikusi beharko dugu, eta bestetik pertsonen arteko aniztasuna kontuan hartu. Gure gizartea gero eta anitzagoa da eta sexu-aniztasuna gero eta gehiago kontuan hartzen da gure unibertsitatean (Empar Pineda saria eta sarea islatzen duen bezala) baina beste aldagaiak ere kontuan hartu beharko dira: esaterako, jatorria, adina, mobilismoa…
2024ko uztailean onartu zen UPV/EHUko Berdintasunerako IV. Plana. Helburu nagusia da 2028an UPV/EHU ingurune berdinzaleagoa, anitzagoa, seguruagoa eta zaintzaileagoa izatea. Horietariko zein arlok kezkatzen zaitu gehien?
Aipatu dudan berdintasunaren eta aniztasunaren elkarreraginaz gain, kezkatzen nauena da genero indarkeriaren gorakada. Unibertsitatea leku segurua izatea nahi badugu, indarkeria – manifestazio anitzetan – ezabatu behar dugu. Karguan sartu naizenetik, genero indarkeriaren kasuak dira nire arreta gehien eskatzen dutenak eta hori onartezina izan behar da. Ez nuke nahi Berdintasunerako zuzendaritza indarkeria matxistaren aurkako borroka gunea baino bihurtzea. Ez dut esan nahi borrokatu ez dugula egin behar, baina ezin da esan gure eginkizun bakarra dela.
«Emakumeak segurago izateko gure campusetan, gizonek ulertu behar dute zer den indarkeria»
Unibertsitate batean, gizarte batean, prebentzio lana egin behar dugu eta gizonek parte hartu behar dute eta bere gain hartu borroka hau. Nola? Emakumeak seguruago izateko gure campusetan, gizonek –bai TEKAZEL eta irakasleak bai ikasleak– ulertu behar dute zer den indarkeria eta, horren arabera, egokitu beraien jarrera. Formakuntza eskaintzen dugu, baina gizonak emakumeak baino gutxiago apuntatzen dira. Nola egin? Derrigortzea ez da inoren gustukoa baina agian topatu ahalko dugu modurik unibertsitatean sartzen diren guztiek formakuntza egitea behartzeko.
Izan ere, genero indarkerien aurkako borrokan ere erreferente izan nahi du UPV/EHUk, gure protokoloa indartuta. Nola sendotu beharko litzateke?
Protokoloa berrikusi beharko dugu, 2018ean indarrean sartu zenetik ez dugu protokoloa berrikusi eta normala den bezala, aspektu batzuk egokitu behar zaizkio egungo errealitateari. Pasa diren azken 7 urteotan protokoloa erabili duten kasuek bidea eman digute aztertzeko zer funtzionatu duen eta zer ez. Lehenengo momentuan sortu zen lan taldea deitu nahi dugu, prozesuan berriro parte hartzeko, eta deialdia zabaldu, nahi dutenek parte hartu dezaten. Era berean, gure ekipo teknikoaren esperientzia jasoko dugu, bai eta kanpoko aditu batzuk ere. Eta estatu mailan dauden protokoloekin konparaketa egingo dugu.
Mundu osoko unibertsitateen erronka da nesken eta emakumeen artean bokazio zientifikoak sustatzea, rolak deseraikiz, eta STEAM diziplinetan dagoen hesi bikoitza murriztuta. Nola egin daiteke?
Hasteko, uste dut “zientifikoa” zer den birplanteatuko beharko genuke, oso zabalduta baitago zientziak direla bakarrik zientzia “gogorrak” deitzen direnak (fisika, kimika, biozientziak…) eta beste guztiak, gizarte zientziak, arteak eta letrak, “leunak” direla eta ez direla hainbeste baloratzen. Nire ustez, hor dago lehenengo hesia. Arazoa ez da bakarrik emakumeak ez direla joaten zientzietara, baizik eta gizonak ez direla animatzen – eta gizarteak ez du onartzen edo goraipatzen–hezkuntzan, erizaintzan edo inkluso historian edo filologian trebatzera. Horrez aparte, bestelako jatorriko gazteak ez dira animatzen unibertsitatean sartzen saiatzera, gehienek bide profesionala aukeratzen dute. Lehen esan dudan bezala, intersekzionalitatea kontuan hartu behar dugu.
«Genero indarkerien kontrako protokoloa berrikusi behar dugu eta aspektu batzuk egokitu»
Hori esanda, esfortzu handia egiten ari da STEAM diziplinetara emakumeak ekartzeko, adibidez, aurten Bizkaiko Campusean udako kanpamenduak izango ditugu. Gure artean, emakume zientzialariak lan itzela egiten ari dira, otsailean neska eta emakume zientzialarien egunean egiztatu ahal izan dugun bezala.
Bukatzeko, larunbatean Martxoak 8- Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzen da. Zergatik da garrantzitsua ospatzen jarraitzea? Zein izan beharko litzateke lehentasuna gaur egun?
Batzuek esaten dute ez dela “ospatu” behar, bere hasiera tragikoa zelako eta borroka eguna delako. Nire ustez, batak ez du bestea kentzen. Gogoratu behar dugu iraganean zein orain zein borroka ditugun aurrean eta berritu gure konpromisua emakumeen egoera hobetzeko. Era berean, ospatu behar ditugu borroka horretan emakumeek egindako ekarpenak, gure kasuan emakumeek egindako ekarpen akademikoa zein unibertsitateko elkar bizitza eta lan baldintzak hobetzeko ahaleginak. Gure ekitaldian sarituko ditugu gradu, master eta doktorego mailan idatz edo ikerlanak egin dituzten ikasleak, berdintasunerako egin duten ekarpen bereziagatik. Bestetik, omenduko ditugu gure artean lan egiten duten 6 emakume, besteak beste aurreko berdintasunerako zuzendaria, Elena Leiñena, lekukoa eman didana.