euskaraespañol

Eguneko irudia

Maite Menéndez Ferreras

Eutanasiari buruzko legeek gizarte adostasuna islatzen dute

Doktoretza ikaslea EHUko Filosofia, Zientzia eta Balioak programan

Lehenengo argitaratze data: 2025/02/03

(Beste leiho bat zabalduko du)
Artikulu hau jatorriz The Conversation atarian argitaratuta dago.

Azken hamarkadatan ikusi dugu hiltzeko laguntza (eutanasia zein suizidio lagundua izan daiteke) despenalizatzeko edo arautzeko lege erreformak egin direla hainbat herrialdetan. Aldi berean, horrelako jarduerek gero eta gizarte babes handiagoa dutela hauteman da. Erreforma horiek zerk bultzatzen dituen aspalditik eztabaidatu da: legeek hiltzeko laguntza gero eta onartuagoa izatea eragiten dute ala aurretiko gizarte babesaren isla dira?

Sarritan, malda labainkorraren argudioa erabiltzen da hiltzeko laguntza legeztatzearen aurka. Argudio horren bertsioetako baten arabera, gaixotasun terminalak edo atzeraezinak dituzten pazienteekin eutanasia legeztatzeak askotariko kasu gehiago pixkanaka onartzea eragingo du. Argudio horri jarraikiz, pertsona osasuntsuen eutanasia onartzera ere iritsiko ginateke azkenean.

Hona hemen zer ideia dagoen malda labainkorraren argudioaren atzean: hasiera batean onartezina izan litekeen zerbait legez onartzeak gure eragozpen moralak ahultzen ditu. Ondorioz, hasieran gehiegizkoak eta moralki gaitzesgarriak irudituko litzaizkigukeen jarduerak egokitzat joko ditugu bukaeran.

2024ko abenduan, 14 herrialdetako 28 jurisdikziok baimentzen dute hiltzeko laguntzaren bat. Horrek esan nahi du malda labainkorraren argudioa betetzen ari dela? Duela gutxi, Espainiako ikertzaile talde batek fenomeno hori hobeto ulertzen laguntzen digun artikulu bat argitaratu genuen PNAS aldizkarian.

Espainia eta Erresuma Batua aurrez aurre

Hori egiaztatzeko, eutanasiari eta suizidio lagunduari buruzko lege guztiak aztertu genituen. Xedea antzekotasunak eta desberdintasunak aztertzea izan zen, norbaitek hiltzeko laguntza jaso ahal izateko irizpideei dagokienez.

Ondoren, inkesta bat egin zitzaien Espainiako herritarrei oro har, 2022ko maiatzean, hiltzeko laguntza medikoari buruzko Espainiako legea onartu eta urtebetera, gutxi gorabehera. Inkesta bera Erresuma Batuan erreplikatu zuten. Han, oraingoz, ez dago horrelako legeriarik, baina etorkizunean onar daitekeen lege proiektu bat dago.

Inkestetan, eutanasia eskaera baten kasu hipotetiko bat aurkezten zitzaien partaideei, ausaz esleituta. Helburua partaideek ebaluatzea zen. Agertoki bakoitzean, hiltzeko laguntzari buruz mundu osoan indarrean dauden legeak aztertu ostean identifikaturiko faktoreak agertzen ziren:

  • Pazientearen adina.
  • Une horretan erabakiak hartzeko gaitasuna edo, gauza ez bazen, aldez aurretik adierazitako borondaterik zegoen edo ez.
  • Gaixotasunaren izaera (fisikoa, psikologikoa edo existentziala).
  • Pronostikoa (terminala, kronikoa edo itzulgarria).

Partaideei irizpide horien gaineko iritzia eskatu zitzaien kasuan-kasuan, bai eta galdetu ere ea, agertoki hipotetiko horretan, eutanasia legezkoa izango litzatekeen haien herrialdean. Bukatzeko, beren buruari buruzko galdera soziodemografikoak egin zitzaizkien.

Emaitzei jarraituz, patroiak kualitatiboki antzekoak ziren bi herrialdeetan, testuinguru bakoitzean eutanasiaren lege egoera zein zen alde batera utzita. Alegia, Espainiako eta Erresuma Batuko partaide gehienek iritzi bera zuten hiltzeko laguntza jasotzeko hautagarritasun-irizpideei buruz. Emaitza horiek nabarmendu zuten pertsonen sen moralak bat zetozela, bizitokian indarrean dauden legeak zein diren axola gabe.

Legeztatzeak onarpen morala areagotzen du?

Hautagarritasun-irizpideak berberak ziren bi herrialdeetan. Halarik ere, hiltzeko laguntzaren onarpen moral orokorra handiagoa izan zen Espainian Erresuma Batuan baino. Hori dela eta, eutanasia legeztatzea onarpen morala areagotzearekin lotuta egon ote daitekeen ikertzeko, European Values Study datu basea aztertu zen, zeinean, beste gai batzuen artean, eutanasiari buruzko azken lau hamarkadetako iritziak jasota dauden, Europako 48 herrialdetako gizarteetan.

Azterlan hori eginda ikusi zen hiltzeko laguntza legeztatu den herrialdeetan onarpen publikoa areagotze bidean zegoela legeak ezarri baino lehen.

Patroi horrek aditzera ematen du balitekeela eutanasiaren aldeko jarrerek legeztatzea bultzatu izana herrialde horietan, eta ez alderantziz, hau da, legeztatzeak onarpen morala areagotzea geroago. Izan ere, azterlanean ez zen onarpen publikoaren areagotze azeleraturik ikusi legeztatu ostean, eutanasia legeztatuta dagoen herrialdeetan.

Gure emaitzek kontra egiten diote malda labainkorraren hipotesiari eutanasia legeztatzeko testuinguruan. Azterlanak iradokitzen du lege aldaketak aldez aurreko adostasun moralen ondorio direla. Legeriaren ostean, eutanasiaren onarpena ez da nabariki handitu (ezta txikiagotu ere). Aitzitik, egonkortzera egiten du.

Aurkikuntza hori garrantzitsua da legegile eta etizistentzat, legeriak gizartean aurretik dauden patroi moralak kristaldu eta formaliza ditzakeela planteatzen baitu, eta ez moraltasun publikoa funtsean aldatu.

The Conversation