euskaraespañol

Eguneko irudia

Nahia Idoiaga Mondragon eta Naiara Ozamiz Etxebarria

Unibertsitateko ikasleen osasun mentalak okerrera egin du; baina badugu nola lagundu

Hezkuntza Fakultateko ikertzaileak

Lehenengo argitaratze data: 2025/01/20

(Beste leiho bat zabalduko du)

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Jakub 20 urteko gaztea da, eta unibertsitateko egunerokora egokitzeko borrokan dihardu buru-belarri. Aitzitik, berarengandik espero diren estandar akademiko eta sozialak lortzen ez dituen sentsazioa dauka etengabe. Lagunartean, konkisten eta alkohola edateko gaitasunaren arabera neurtzen da maskulinitatea, eta horrek parranda egitera eta alkohola eta drogak hartzera darama etengabe; egiazko gogoak eraginda baino areago, lagunen onarpena lortzeko bidea delakoan.

Ajeek (gero eta gogor eta etsigarriagoak) neke sakon eta amaigabean murgiltzen dute, eta hutsune handia sentiarazten diote barrenean. Gainera, ez da ausartzen bere zalantza eta ziurtasunik ezak adierazten, ahultzat joko ote duten beldurrez; eta gero eta galduago sentitzen da bizitzan, besteen itxaropenen presioak estututa eta bizimodu horren ondorioek akituta.

Jonek 24 urte ditu eta unibertsitateko ikaslea da; tesia egiten ari da jo eta su, bere oinarrizko beharrizanak estaltzeko balio ez dion lan nekagarri batean lanaldi partzialean diharduen bitartean. Tesian zenbat eta aurreratuago, orduan eta handiagoa da ikerketa amaitzeko presioa, baina etengabeko estresak eta denbora eskasiak akidura emozional handia eragiten diote. Ingurukoekiko harremanak ezegonkorrak dira eta, arlo erromantikoan, sentitzen du mutilek azaleko harremanek besterik ez dituztela nahi. Horrek etsi egiten du, eta bakarrik sentiarazi.

Hori aski ez, eta sare sozialekiko adikzioak bere burua gutxiesteko joera eta ziurtasunik ezak areagotu egiten dizkio, itxuraz perfektuak diren bizitza horiekin konparatzen baitu bere burua etengabe. Senideen babesik gabe, Jonek ziurgabetasunez begiratzen dio bere etorkizun profesionalari; horrek handitu egiten du bere antsietatea, eta akidura emozional zein fisikoa nagusi diren gurpil zoro batean harrapatuta sentitzen da, tesia amaitzeko borrokari eusten dion bitartean.

Europa ipar zein hegoaldean parekoa da egoera

Jakub eta Jone egiazko bi adibide dira. Polonia, Txipre, Grezia, Irlanda eta Espainian unibertsitateetako ikasleen osasun mentala aztertzeko  abiatu den proiektu batean ezagutu ditugu, Europako AWARE proiektuan. Gazteen osasun mentalaren arloan erreferentziazkoak diren erakundeetako ordezkariekin elkarrizketak egin ondoren, eta hainbat artikulu, liburu eta dokumentu aztertu ondoren, ondorio kezkagarri bat antzeman dugu: aztertu diren herrialde guztietan, gazteen osasun mentalak okerrera egin du azken urteetan.

Polonia zein Irlanda, Txipre zein Grezia… aurrekaririk gabeko egoera bati aurre egiteko beharrean dago Europa –eta, oro har, mendebalde osoa–: gazteen osasun mentala krisialdian dago.

Kausak: pandemia, sare sozialak, eta abar luze bat

Espainian egindako ikerketen arabera, nabarmen handitu da unibertsitateko ikasleen antsietatea eta depresioa.

Zergatik? Covid-19ak eragindako pandemia da egoeraren okertzea azaltzeko argudiorik erabiliena, eta ikerketa gehienek gazte populazioa jo dute kolektibo kaltetuentzat.

Baina pandemia baino lehenago ere okertze bidean zegoen gazteen egoera emozionala. Hauek dira egoeraren eragile nagusiak: sare sozialen erabileraren gorakada, presio akademikoa, ezegonkortasun ekonomikoa, lanerako aukeren gaineko ziurtasunik eza eta bizitzan helburu argirik ez izatea.

Pandemia garaian, unibertsitateak itxi behar izan ziren eta, horrekin batera, nabarmen hazi zen teknologia, internet eta online jokoen erabilera, baita substantzien kontsumoa ere. Horrek guztiak areagotu egin zituen aipatu arazoak.

Konponbide bateratuak

Hainbat herrialdetako unibertsitateetako gazteen osasun mentala aztertu ondoren, gure aditu taldeak gidaliburu bat sortu du ikasle, irakasle eta langileak osasun mentalaren garrantziaren inguruan sentsibilizatzeko.

Plataforma birtual bat ere sortu dugu, unibertsitateetako langileei online prestakuntza emateko. Besteak beste, hezkuntza arloan osasun mentalak duen garrantziaren gaineko kontzientzia garatzeko beharrezkoak diren jarrera, gaitasun eta tresnak jorratzen dira, eta gainbegiratzea eta bidelaguntza eskaintzen.

Proiektuan parte hartzen duten zenbait herrialdetan probatu da plataforma, eta eraginkorra izan da osasun mentalak eragiten dituen arazoen gainean sentsibilizatzeko, baita ikasle eta profesionalen artean elkarrizketa irekiak sustatzeko ere.

Ikasgeletan antsietatea identifikatzeko eta bideratzeko modu eta ikuspegiak proposatzen dira, hala nola antsietatearen zantzuak garaiz antzemateko gakoak, edota babesa emateko estrategia eraginkorrak aplikatzeko bideak.

Partaidetza sustatzea eta babes ingurunea sortzea

Batetik, komeni da hezitzailea adi egotea, ikasleen jokabideak izan litzakeen aldaketak antzeman ahal izateko (kontzentratzeko zailtasuna, suminkortasuna edo taldeko jarduerak saihesteko joera); horrela, era proaktiboan erreakzionatzeko gai izango da, ikastaroak proposatuz eta babesa eskainiz. Bestetik, estrategia eraginkorra izan daiteke ikasleen parte-hartze aktiboa sustatzea ongizate emozionala sustatzen duten jardueretan, hala nola estresa kudeatzeko tailerretan edota erlaxatzeko tekniketan.

Beharrezkoa balitz, asaldura eragiten duten egoerei aurre egiteko teknikak proposatu ditzakete hezitzaileek, hala nola arnasketa sakona, berregituraketa kognitiboa edota antsietatearen egunkarien erabilera. Horrelako tresnei esker, ikasleak gai izango dira estresari erantzuteko dituzten patroiak identifikatzeko eta estrategia propioen eraginkortasuna ebaluatzeko. Horretaz gain, campuseko osasun mentaleko zerbitzuak eta ongizate programak funtsezkoak izan daitezke ikasleei etengabeko babesa emateko eta antsietateari lotutako estigma murrizteko.

Europan gero eta gehiago dira ondoez emozional nabarmena duten gazteak, eta hezitzaileek osasun mentalaren inguruko prestakuntza mugatua dute; hortaz, honelako plataformak behar-beharrezkoak eta premiazkoak dira hezkuntza komunitateen erresilientzia sendotzeko eta inor babesik gabe ez uzteko.

Aldaketa txikiak dira, besterik ez. Izan ere, jarrera eta arreta hobetuz soilik lortuko dugu Jakub eta Joneren egoeran dauden gazteek bakardade sentimendua gainditzea eta etorkizunarekiko duten pertzepzioa hobetzea.