Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) IBeA ikerketa-taldearen lan batean, hiru kutsatzaile organiko multzoren kontzentrazio nahiko altuak aurkitu dituzte. Ikerketan ondorioztatu dute kutsatzaile horietako batzuk inguruko hiriguneetatik iristen direla; beste batzuk gaur egun nekazaritzan egiten diren errekuntzetatik sortzen direla, eta, azkenik, duela zenbait urte debekatu ziren pestizidek eta isolatzaile elektriko batzuek debekatu aurretik eragindako kutsadurari dagozkiola.
-
Talentu gaztea bilatzen duten enpresekin aurrez aurreko hartu-emana izan dute 1.000 ikaslek
-
Jule Goikoetxea: «Subjektu berriak nahi baditugu, haien arteko botere erlazioetan eragin behar da»
-
Farmakologia aldatu zuten zortzi emakume
-
Plentziako Itsas Estazioaren (PIE-UPV/EHU) zuzendaritza berria
-
Maggie Bullen: «Berdintasunerako Zuzendaritzaren izaera feminista sendotu nahi dut»
Kutsatzaile kimiko toxikoak hauteman dituzte Irati basoko liken eta goroldioetan
Atmosferara askatzen diren eta haizearekin Iratira iristen diren kutsatzaile horiek ingurumenean metatzen dira denbora luzez
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2025/03/12

“Konposatu organiko iraunkorren kontzentrazio adierazgarriak neurtu ditugu Irati basoko liken eta goroldio espezie banatan, baina ez dira antzeko beste toki batzuetan neurtutako kontzentrazioak baino altuagoak”, adierazi du Alberto de Diego UPV/EHUko IBeA ikerketa-taldeko ikertzaileak. Izan ere, IBeA taldeko kideek, CNRS eta Nafarroako Unibertsitateko kidekin batera egindako ikerketan, Iratiko liken-espezie bat (Parmelia sulcata) eta goroldio-espezie bat (Hypnum cupressiforme) erabili dituzte atmosferako kutsadura organikoa determinatzeko zentinela edo biomonitore gisa.
Konposatu organiko iraunkorrak toxikoak dira, eta ikerketa honetan hiru motatakoak aztertu dituzte: PAHk (hidrokarburo polizikliko aromatikoak), bereziki errekuntza-prozesuetan sortzen diren azpiproduktuak dira; PCBak (poliklorobifeniloak) isolamendu elektrikoetan erabiltzen ziren eta gaur egun debekatuta daude; eta OCPak (pestizida organokloratuak) nekazaritzan erabili ohi ziren eta hauek ere gaur egun debekatuta daude.
“Konposatu organiko horiek atmosferan zehar oso urrunera iristen dira haizearekin —azaldu du Ainara Gredilla IBeAko ikertzaileak—, eta ingurumenean metatzen dira: izaki bizidunek barneratu eta metatu egiten dituzte. Altitude altuetan dauden guneak oso sentikorrak dira kutsatzaile organiko iraunkorrekiko, eta jakin nahi izan dugu zenbateraino metatu diren Iratiko liken eta goroldioetan. Izan ere, Irati basoa ingurune garbitzat hartzen da, turismoaz gainera abeltzaintza eta nekazaritza jasangarria beste giza jarduerarik ez baitago han”. Irati basoa Europan hobekien kontserbatutako pagadi eta izeidi babestu zabalenetako bat da, mendebaldeko Pirinioetan kokatua.
Hiriguneetatik eta duela zenbait hamarkadatako jardueretatik
Emaitzek erakutsi dutenez, oro har, PAHen kontzentrazioak beste bi kutsatzaileenak baino nabarmen handiagoak dira. Ikertzaileen esanetan, ez da gutxietsi behar atmosferan zehar distantzia luzeetara garraiatzen den kutsadura, baina ikerlanak erakutsi du Irati inguruetan hamarkadatan izan diren hiri- eta nekazaritza-jarduerek badutela eragina airearen kalitatean.
“Pentsa daiteke kutsaduraren zati bat hiriguneetatik etorria dela eta etortzen dela, baina neurri handi batean bertako nekazaritzaren eragina ere garrantzitsua da —adierazi dute Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek—. Gaur egun, oraindik ere, Pirinioen inguruko toki batzuetan erreketa kontrolatuak egiten jarraitzen da, eta uste dugu oraindik ere hortik PAH asko etorri badatozela. Iratiko basoaren atmosferan PAH gutxiago egon dadin, nahitaezkoa da basoaren inguruan egiten diren errekuntza-prozesuak kontrolatzea. Bestalde, garai batean erabiltzen ziren pestiziden aztarnak ez dira ezabatu (OCPak)”. PCBei dagokienez, “susmoa daukagu Irabia urtegiaren inguruan erabilitako isolatzaile elektrikoetatik datozela. Litekeena da garai batean erabilitako PCBak hantxe geratu izana eta gaur egun oraindik detektagarriak izatea”.
Ikertzaileek aldarrikatu dute halako ikerketek balio dutela “batez ere baieztatzeko kutsatzaile hauek gaitasun handia dutela sortu diren lekutik oso leku urrunetara heltzeko eta Irati bezalako leku berez garbietan metatzeko. Beraz, nahiz eta kontzentrazioak oso altuak ez izan, oso toxikotasun altua dutenez, zaindu beharreko gauza bat da etorkizunean arazorik ez izateko”. Halaber, beharrezkotzat jotzen dute ikertzen jarraitzea “urtaroen edota urteen araberako aldaketak aztertzeko, eta hemen azaldu diren joerak berresteko”.
Informazio osagarria
Ikerketa hau egiteko, Europako PYNATEO ikerketa-proiektuko funtsak eta ikerketa-talde kontsolidatuak finantzatzeko Eusko Jaurlaritzaren funtsak baliatu dira. Proiektutik lortutako informazioarekin bi doktorego-tesi abiatzeko aukera izan da.
Alberto de Diegok eta Ainara Gredillak eskolak ematen dituzte Euskal Herriko Unibertsitateko Kimikako eta Geologiako graduetan, eta Ingurumenaren Kutsadura eta Toxikologia masterrean (ECT), Environmental Contamination and Toxicology Erasmus Mundus (ECT+) eta Itsas Ingurumena eta Baliabideak Erasmus Mundus Masterra (MER).
Erreferentzia bibliografikoa
- The use of lichens and mosses as sentinel organisms for the determination of the airborne organic pollution in Western Pyrenees: The case of the Irati forest
- Atmospheric Pollution Research
- DOI: 10.1016/j.apr.2024.102376