euskaraespañol

Komunitateari komunikatua, Arabako Campuseko irakasle baten kontutik zabaldutako mezuen harira

Eraso zibernetiko batekin identitatea ordezkatu diotela salatu du sareetan zabaldutako mezuengatik ikertutako Arabako Campuseko irakasleak

Lehenengo argitaratze data: 2025/02/10

Joan den ostiralean, UPV/EHUko Errektoretza Taldetik barne-prozedura bat jarri genuen abian, Ikasle Kontseiluak eta Ikamak egindako kexa formalari berehalako erantzuna emateko, Arabako Campuseko irakasle batek sareetan zabaldutako mezuen harira. Unibertsitateko komunitate osoaren interesak defendatzeko, lehen urratsa bitartekaritza lana abian jartzea eta kasua ikertzen hastea izan zen. Irakasleak, hasiera-hasieratik, alegatu du ez dela mezu horien egilea, hau da, identitatea ordezkatu diotela eta sare sozialetako kontuak lapurtu dizkiotela adierazi du.

Jakinarazi digunez, ostiralean bertan jarri zuen salaketa Ertzaintzan. UPV/EHUko Errektoretza Taldeak eta Farmazia Fakultateko Dekano Taldeak mezu bat jaso dugu ostean. Bertan, irakasleak salaketaren agiria erantsi du eta barkamena eskatu du sortutako ondoezarengatik. Gertatutakoa "eraso zibernetikotzat" jo du, eta bere profiletik zabaldutako mezuen aurka agertu da: "Gogorarazi nahi dut nire horman idatzi diren iruzkinen aurka nagoela erabat".

Era berean, honakoa adierazi du: "Jakinarazi nahi dizuet eraso honek ez duela inolako loturarik gure erakundean sustatzen ditugun balioekin, ezta egiten ditugun jarduera akademikoekin ere. Erasoa nire kontrolpetik guztiz kanpokoa izan da, eta biziki sentitzen dut horrelako gertaerek, nire borondatetik kanpo daudenek, zuen artean eragozpenak eta nahasmena sortu izana”.

Ohar honen bidez, Errektoretza Taldeak lasaitasuna eskatu nahi dio unibertsitateko komunitate osoari. Halaber, gertatutakoa argitu arte neurri egokiak hartzen jarraitzeko konpromisoa adierazi nahi dizuegu.