Gaur goizean Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultatearen 50 urteko historia ospatzeko antolatutako ekimenak aurkeztu dira prentsaurrekoan. 2025ean programatutako jardueren artean, Donostia Kulturarekin elkarlanean antolatutako hitzaldi-zikloa nabarmentzen da. Aurkezpenean parte hartu dute Jon Insausti Donostiako Udaleko Kultura eta Euskarako zinegotzi ordezkariak, Agustin Erkizia UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak eta Jon Mattin Matxain UPV/EHUko Kimika Fakultateko dekanoak. Donostia International Physics Centerreko, Materialen Fisika Zentroko, zein POLYMAT eta CIDETEC ikerketa-zentroetako ordezkariak ere bertaratu dira.
Kimika Fakultateak 50 urte bete ditu
2025. urtean zehar mende erdiko historia ospatzeko hainbat jarduera antolatzen ditu, eta horien artean Donostia Kulturarekin elkarlanean antolatutako hitzaldi-zikloa nabarmentzen da
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2025/01/09
Jon Insausti Donostiako Udaleko Kultura eta Euskarako zinegotzi ordezkariak azpimarratu du “ezagutzaren hedapena eta kultura zientifikoaren sustapena kultur erakunde gisa dugun misioaren funtsezko zutabeak dira. Kudeatzen ditugun kultur zentroak topaketarako eta ikaskuntzarako guneak dira, non zientziak eta gizarteak elkarrekin hitz egin eta elkar aberastu dezaketen”.
Era berean, UPV/EHUko Kimika Fakultateko dekano Jon Mattin Matxainek azaldu du “50 urte hauek betetzea Fakultatean lan egin eta/edo ikasi duten pertsona guztien arrakasta kolektibo handia izateaz gain, gure unibertsitate eta gizarte osoarena ere bada. Hau dela eta, 50 urte hauek gizarte osoarekin ospatu nahi ditugu, bisitak jasotzeko gure ateak irekiz, baita gure jarduera fakultateko hormetatik kanpo zabalduz. Horrela, ikastegiaren jarduketa-eremu ezberdinetan jarduerak antolatuko ditugu: Zientziaren zabalkuntza, ikasleen prestakuntza/orientazioa, transferentzia eta ikerketa. Modu honetan, urtebetetze honetan gurekin parte hartu nahi duten erakunde, talde eta eragile guztiak bidelagunen zerrendara batzera gonbidatu nahi ditugu. Bidelagunen zerrendan nabarmentzekoak dira CIDETEC, CFM, DIPC eta POLYMAT, mundu mailan erreferenteak diren eta fakultateko kideen ekimenez jaiotako lau ikerketa zentroak”.
1975etik aurrera Kimikan
Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultatea 1987. urtean eraiki zen, gaur egungo lekuan, baina, lehen kokapena Donostiako Altza auzoko San Juan XXIII.a Lanbide Heziketako Eskola izan zen. Urte hauetan (50 urte), unibertsitatearen laguntzari esker, Kimika Fakultatean hainbat ikertalde garatu ahal izan dira, eta horietan guztietan kimika berdearen, ekonomia zirkularraren eta jasangarritasunaren kontzeptuak barne hartzen dira. Hala, ikertzaile finkatuekin batera –besteak beste: Claudio Palomo, José Mª Asua, Fernando Cossio, Jesus Ugalde, Juan Colmenero, Pedro Miguel Etxenike, Eugene Zhukov eta Angel Rubio–, ikertzaile gazteak daude –esate baterako: David Mecerreyes, Haritz Sardon, Ana Beloqui, Arkaitz Correa, Sara Barja eta Daniel Reta.
Era berean, unibertsitate-zentro honek, bere ikertzaileen bitartez, aintzatespen entzutetsuak lortu ditu, hala nola Asturiasko Printzea Saria, Ikerkuntzako 7 Euskadi Sari, Espainiako Kimikako Errege Elkarteak eta Fisikak emandako dominak eta sariak, Max Planck eta DuPont sariak... Fakultateak, gainera, bi Nobel sari ditu irakasle laguntzaile gisa: Albert Fert, Fisikako Nobel saria 2007an, eta George F. Smoot, Fisikako Nobel saria 2006an. Horrela, 1975. urtean landatutako haziak bere fruitua ematen jarraitzen du XXI. mendean, nazioartean aintzatetsitako ikertzaileak trebatuz eta, horrela, ahalmen hori ikerketa-bikaintasuneko zentro finkatua bihurtuz. Honela, Formakuntza, Transferentzia eta Ikerkuntzan egindako esfortzu kolektibo honi esker, gaur egun, Kimika Fakultatea irakaskuntzan eta ikerkuntzan garapen handia duen Zentroa da eta honen adierazle gure Fakultateak Shanghai ranking-ean duen posizioa da. Munduko 10.000 unibertsitateen artean, UPV/EHU, Kimikako jakintza arloan, munduko 151-200 onenen artean egotea hain zuzen ere.
50 urte kimika zabaltzen
2025. urtean zehar, Kimika Fakultateak bere 50 urteak ospatuko ditu, jarduera-programa zabal eta askotarikoarekin. Programa hori Donostia Kulturarekin batera antolatutako hitzaldi-zikloarekin hasiko da, ‘50 Urte Kimika Zabaltzen’ izenburupean. Ziklo honetan Kimika Fakultateko kideek Fakultatean garatzen diren hainbat gairen inguruan arituko dira Ernest Lluch kultur etxean, publiko orokorrari irekitako hitzaldietan. Hitzaldiak hilabetean behin gauzatuko dira, Materialen Fisikako Zentruko (CFM/MFZ) komunikazio arduradunak, Idoia Mugikak aurkeztuta. Hizlarien artean perfil desberdin anitzeko Fakultateko kideak daude, hala nola, Euskadi Ikerkuntza Sariak, proiekzio handiko gazteak eta zientzia zabalkuntzan adituak.
Programa
Urtarrilak 14. “Ciencia. Belleza. Futuro”. Pedro Miguel Echenique Landiribar. Kimika Fakultateko katedradun emeritoa eta Donostia International Physics Center (DIPC)ko presidentea. Beste sarien artean, 1996 Ikerkuntza Euskadi Saria.