euskaraespañol

Politika eta Administrazio Zientzia Sailaren irakasle eta ikerlaria

Jule Goikoetxea: «Subjektu berriak nahi baditugu, haien arteko botere erlazioetan eragin behar da»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2025/03/06

Jule Goikoetxea | Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU.

Lengoaiaren filosofian doktorea da Jule Goikoetxea. Zientzia politikoen eta feminismoaren inguruan ere ardaztua du irakasle eta ikerlari ibilbide oparoa Euskal Herriko Unibertsitatean; baita nazioarteko zenbait unibertsitatetan ere. Bere jarduna zeharkatzen duen hari nagusiarekin ehundu dugu elkarrizketa. Udaberriaren atarian, feminismoaren aldarria beraren ahotik ekarri dugu Campusaren edizio berezi honetara. DNAn daramatzan itxaropen, umore eta bizitzeko gogoarekin jantzi ditu bere ideiak. Hizpide izan dugu berriki argitaratu duen Politeismo Bastarta liburua ere.

Batzuen eta besteen botereak berdinduko balira, gizon eta emakume kontzeptuak ez lirateke existituko, menderatze harreman patriarkalek sortzen dituztelako emakumeak materialki. Utopiatik zenbat du proposatzen duzun deseraikuntza horrek?

Utopiak niretzako zerumugak dira, ez dira inon existitzen, orain dela mila urte Osakidetza edo Euskal Herriko Unibertsitatea existitzen ez ziren bezalaxe, egin egin behar da etorkizuna, eta horretarako hura irudikatzeko ahalmena izan behar dugu lehenik. Utopiak epe luzeko etorkizun desiragarriak sortzeko tresna linguistikoak dira: kontakizunak. Aldaketa politiko orok behar du lehenik errelatoa, helburu politikoak finkatu behar baititu hizkuntzaren bidez, eta helburu horiek lortzeko estrategiak zabaldu: estrategia ekonomiko-sozial, zientifiko, artistikoak. Utopiek aldaketa politikoaren norabide estrukturala marrazten dute. Horrek zera esan nahi du: ondo oinarritutako utopiak nahi ditugula. Egungo menderakuntza sistemen analisi on eta zehatzetatik abiatutako utopiak. Egungo subjektu politiko eta kolektiboen arteko ezberdintasuna, hortaz, emakume eta gizonen artekoa, ez baita “diferentzia”, desberdinkeria baizik. Subjektu berriak nahi baditugu, haien arteko botere erlazioetan eragin behar da, eta horrek, testuingurua osatzen duten egiturak aldatzea esan nahi du: kontestua aldatzean bertan dauden izakiak aldatzen baitira, horregatik duzu hemen hizketan irakasle bat eta ez ameba bat (barreak).

Politika, filosofia eta feminismoa dira zure ibilbide akademiko eta militantearen hiru ardatzak. Zein lotura topatu dituzu hiruren artean?

Doktoradutza tesia hizkuntzaren filosofian egin nuen baina hizkuntza aztertu ondoren, boterea aztertuko nuela banekien. Britaniarrak filosofian desastre bat dira baina politikan onenetarikoak. Horregatik egin nituen han zientzia politikoak (Cambridgeko Unibertsitatea) eta posdoktorala (Oxfordeko Unibertsitatea). Horregatik eta bekak eman zizkidatelako, jakina. Hau diot, idatziz gera dadin bekak behar ditugula, askoz ere beka gehiago. Politika eta filosofia boterearen eta ezagutzaren diziplinak dira niretzako, eta boterea ezagutza da, ezagutza boterea den bezala. Beraz, elkarlotuak egon dira beti gure gizarte diziplinarioek diziplina ezberdinetan zatitu dituzten arren, horregatik pentsatu eta egin behar dira elkarrekin. Gure gizarte kapitalista patriarkal kolonialetan boterea eta ezagutza liberalak, patriarkalak eta kolonialak dira, hortaz, ez badira filosofia eta politika feminismotik egiten eta bizitzen, orduan birsortzen arituko ginateke desegin nahi ditugun menderakuntza sistema horiek. Gauza bat utzi nahi dut argi: filosofia ez da akademian egiten den zerbait. Nahiz eta akademiak “ezagutza legitimoaren” monopolioa aldarrikatu beti, filosofia egunero bizitzari aurre egiteko zabaltzen ditugun estrategia eta hausnarketa jarraituak dira, horregatik da filosofia beti politikoa. Eta, era berean, politika ez da alderdi politikoek egiten dutena, nahiz eta haiek eta hedabideek “politika legitimoaren” monopolioa aldarrikatu ere. Gizakiak politikaz eta ezagutzaz eginak gaude, horiek dira bizirauteko ditugun estrategia nagusiak, eta feminismoa politika eta filosofia patriarkalaren kontrako politika eta filosofia da. Baina, sozialismoan bezalaxe, korronte ugari daude feminismoan ere.

Lore Lujanbio, Zuriñe Rodriguez eta Estitxu Garairekin egindako ‘Euskal demokrazia patriarkala’ liburuan, 45 elkarrizketetako batzuk UPV/EHUko hainbat irakasle eta ikertzaileekin izan ziren. Zein dira unibertsitateko erlazio patriarkal nabarmenenak?

Ez dago apenas alderik unibertsitateko edo lantegiko erlazio patriarkalen artean, botere gune ia guztietan direlako % 80 gizonak, ikasleen gehiengoa emakumeak direnean, baina baita ere azpikontraten % 75 emakumeak dira. Orduan, liburu horretan patriarkatu garaikidearen egiturak aztertzen dira, eta unibertsitatean ere topatuko dugu lan gehien egiten dutenek emakumeak direla, justu prestigiorik, krediturik eta ikusgarritasunik ez duten lan horietan. Aldiz, botere gehien ematen dituzten ekintza eta lanek, izan klasean hitz egitea, izan ikerketaren fase eta ardura zehatz batzuk, edo gestioaren dimentsio batzuk (eta botere gehien duten kudeaketa postuak) horiek gizonek egiten dituzte. Hori patriarkatuaren dimentsio guztietan eta herrialde guztietan ematen da: emakumeek lan gehiago egiten dute baino botere gutxiago dute haien gizonek baino: botere kultural, ekonomiko, politiko, sozial eta sinboliko gutxiago. Egun zientziaren eta kulturaren produkzioaren gehiengoa gizonen esku dago herrialde guztietan.

UPV/EHUn ikasi zenuen eta ikertzaile eta irakasle jardunean diharduzu. Ongi ezagutzen dugu unibertso hau. Zein aurrerapauso eman dira eta non uste duzu jarri behar dela fokua gaur egun?

Aurrera pauso asko eman dira, baina gehiago interesatzen zait erronketan zentratzea. Errektoretza Talde berriaren programan, modu batera edo bestera, jasota daude aipatuko ditudan puntu asko.

Lehenik, erronka orokorrak aipatuko ditut: oraindik ere euskara ez dago bermatua, gradu guztietan, eta honekin lotuta lurraldetasunaren auzia, Iparraldearekin eta Nafarroako Unibertsitatearekin loturak sendotu behar ditugu. Unibertsitate publikoaren degradazioa sistemikoa da eta estrategia politiko honen helburua kualifikazio handirik gabeko langile klasea sortzea da. Zein da gure alternatiba? Non da gure eredua? Digitalizazioaz ere aritu behar gara, ez baita onargarria ezagutzaren, unibertsitatearen eta bizitzaren digitalizazioa plataforma pribatuen bidez egitea. Unibertsitateen militarizazioa ere gelditu behar da. Zergatik daude gizaki armatuak campusetan? Enpresa pribatuen antzekotasun handia hartzen ari da unibertsitatea: enpresa pribatuek haien segurtasun indar pribatuak dituzte eta ikasle eta ikertzaileen ordez, bezeroak. Guk ez ditugu bezeroak nahi, zerbitzari publikoak gara, pentsatzen irakasten dugu (edo saiatzen gara), bizitzari nola aurre egin, nola ulertu eta nola eraldatu bizitza dimentsio guztietan. Hori irakasten dugu eta hori ez da zerbitzu pribatu bat, eskubide sozial eta politiko bat da.

Erronka epistemologiko larria: Unibertsitate (ez soilik gurea) graduetako edukien % 70ak ez du balio. Barkatu horren zuzen esatea, baina momentu honetan dagoen amildegia zientzia puruak eta naturalak izendatutako horietan, eta, giza eta gizarte zientzietan dagoena, bai gizartearekiko amildegia, baita zientziaren beraren azken eraldaketekiko dagoena, ikaragarria da. Nola da posible oraindik ere “zientzia naturalak” esatea? Gizakiak ez al dira ba naturalak? Hau eszepzionalismoaren marko supremazista da. Baina haratago doa arazoa, gradu horietan, oro har, ez da irakasten puntako ikerkuntzek, izan biologia genetikoan, izan robotikan, azken hamarkadetan zabaldu duten marko epistemologiko berrietatik. Eta berdina gertatzen da giza eta gizarte zientzietan, orain dela 40 urte ikasten dena irakasten ari dira. Markoak zeharo zaharkituak daude oro har, ez soilik zientziaren azken hamarkadetako “aurkikuntza” edo paradigmekin uztartzen ez direlako, izan fisika kuantikokoak izan sistema emergenteenak, baita ere gaitegiek biolentzia politikoa legitimatzen dutelako, denbora oro, ez baldin badugu onartzen faxismoaren oinarri supremazistatik ematea klaseak, nahiz eta faxismoa eman, zergatik onartzen da arrazismoaren, sexismoaren eta neoliberalismoaren marko supremazistetik irakastea biologia, ekonomia edo soziologia? Kontua ez da marko eta autore horiek ezabatzea, baizik eta esatea supremazistak direla, ez baita identifikatzen, baina gero denak harrituta faxistak edonon daudelako. Aizue, irakasten den erdia baino gehiago oinarri supremazistak baditu, igual, akaso, baliteke, lotura izatea.

Aurrez aipaturiko saiakeran proposatutako despatriarkalizaziorako neurriak gogora ekartzeko beti da une egokia.

Guk beti diogu despatriarkalizazioak desmerkantilizazioarekin eta deskolonizazioarekin batera joan behar duela, eta horiek guztiak berlurraldetze prozesu batekin. Oso labur aipatuko ditut zenbait neurri. Estatugintza: egitura politikoetan pentsatu behar da egiturazko eraldaketak egiteko, egun ditugun erakunde guztiak, politikoak, sozialak eta urbanoak goitik behera irauli behar dira sistema produktiboekin batera; ez soilik gainbalioaren produkzio sistema, ezpada bizitzaren produkzioa, eta beraz, subjektuen, espazioaren eta denboraren produkzio egitura oro. Zentzu horretan proposatzen dugu derrigorrezko zaintza lana: guretzako lan ez ordaindua da zaintza lana, zehatzago, emakumeek patriarkatuan egiten duten lan oro emakume moduan: garbiketa, heziketa, elikadura, etab. Eta beraz lan ororen desmerkantilizazioa eta, hura, era desfamiliarizatuan egitea ezinbestekoa da. Merkatua eta familia abolitu egin behar dira patriarkatu kapitalistaren bi zutabe baitira. Horretarako botereguneak ere aldatu behar dira: Erabakigune oro konsoziatua izan beharko du, hau da, erabakigune politiko eta erakundetu guztietan gizon bakoitzeko emakume bat egongo da, gutxienez, baina helburua ez da emakume eta gizonen berdintasuna lortzea gizonen eta emakumeen arteko diferentzia biologikoa txalotzeko, hori mujerismo ilustratua da, guk, gizon eta emakumeen desagerpena nahi dugu, eta hori haien botereak berdinduz lortzen da, horregatik, orain gizonek, oro har, eta patronalak zehazki, duten beto eta erabakitzeko gaitasuna demokratizatu beharko da, emakumeei eta langileei emanez eremu misto guztietan.

Despatriakalizazioak zera eskatzen du: Patriarkatua ezagutzea, eta horretarako eremu diskurtsibo bat sortu behar da dimentsio guztiak ikertu, neurtu eta uztartuko dituena. Lan ordaindua, lan ez ordaindua, estatua, eremu publiko-politiko-soziala, gizonen indarkeria zuzena emakumeen aurka eta sexualizazioa arrazializazioarekin batera. Eta, gero, dimentsio bakoitzaren azpiatalak eraldatu behar dira, lan ez-ordainduaren dimentsioan adibidez: lanaren kategorizazioa, lan motak, errutinazkoak, ludikoak, etab., gehi lan ordainduarekin duten harremana. Estatu aparatuen eta estrategien dimentsio guztiak ere hartu beharko lirateke kontuan: legeak, segurtasun indarrak, justizia aparatua, politika publikoen eta aurrekontuen eraketa, hezkuntzako eta osasungintzako langileen segregazioa, zerbitzu publikoak…; eta horiek guztiak lan ordaindurekin batetik, eta biolentzia sinbolikoarekin, bestetik, duten lotura: kategorizazio negatiboak eta positiboak, subjektuen eraketa kategorizazioaren bidez, gorputzaren esperientzia eta pertzepzio ezberdinak, heteronormatiboak eta queer-ak, identitate materialen eraldaketa diskurtsiborako mekanismo eta estrategiak, prestigioaren eraikuntza material eta sinbolikoaren uztartzea, eta, horiek eremu sozio-kultural-politikoarekin, hau da, artea eta kulturaren zentzu hertsitik eremu sozio-publikora: kaleak, gauak, jaiak, produktu eta esperientzia kultural formalak eta informalak, komunikazioaren eta teknologiaren dimentsio ezberdinek sortzen dituzten menderakuntza anitzak, sare sozialek sortzen dituzten lurraldetasun berriak, lurraldetasun horien okupazio patriarkala gizonen aldetik, gizonek egiten duten emakumeen omisio sistematikoa kulturako, politikako eta zientziako eremu guztietan, etab. Horretarako, makroak eta mikroak diren indize eta adierazle sortak osatu behar dira patriarkatuaren dimentsio eta azpiatal bakoitzeko datuak eta azterketak uztartzeko eta emaitza edo ikuspuntu osoagoa izateko. Eta hau, Unibertsitate publikoak finantzatu beharko luke sistematikoki.

Urteak daramatzazu generoaren eta feminismoaren inguruan irakasle, Berdintasun masterrean eta Partehartuz ikerketa taldearen Teoria Feminista masterrean. Nabaritu duzue lan munduan eskatzen diren zenbait profil profesionaletan ematen ari den ikasketa hauen presentziaren gorakada?

Bai, dudarik gabe. Alde batetik, feminismoan titulazio formala eskatzen dutenen artean, berdintasun teknikari gehiago behar direlako udaletan eta erakundeetan, baina informalki ere, pentsamendu kritikoa ezinbestekoa delako, ezagutza boterea baita lanpostu guztietan, eta gizarte arazoei aurre egiteko, berdin du zer lanpostutan, gizartearen inguruko ezagutza eta analisi kritikoa ezinbestekoa da, eta horretarako, patriarkatuaren funtzionamendua ezagutzea derrigorrezkoa, beste hainbat ezagutza bezala.

"Marrubi marmelada orok behar ditu hainbat teknologia eta egiaztapen sistema marrubi marmelada izateko. Hau da, limoi zuku baso bat marrubi zati batekin eta azukre koilarakada batekin ez da marrubi marmelada. Horregatik, emakume zuri edo proletario egiten zaituena ez da gauza bakar bat: hori monoteismoa litzateke". 'Politeismo bastarta' izena jarri diozu berriki argitaratu duzun zure lehen nobelari. Izenaren inguruan galdetzen dizute elkarrizketa guztietan, eta zuk liburuaren ideia azaltzeko baliatzen duzu, ezta?

Bai. Eta horretarako monoteismoa azaltzen dut lehenik. “Monoteismoa bizitzaz nekatua dagoen jendearentzat da, bizitzari beldurra izatetik sortzen baita, bizitzaren aniztasunari izua izatetik, horregatik murriztu behar du den-dena bakar batera, beste jainko guztiak hiltzen ditu, eta fase historiko bakoitzerako gaizto bakarra aurkitu, lehenik Satanas, gero erregea, gero estatua, gero dirua. Ongiaren kausak ere bakarra izan behar du: arima, arrazoia, legea edo ekonomia; subjektu salbatzaile bakarra, egiazko maitasun bakarra eta moral unibertsal bakarra. Eta guk, politeistok, ez dugu astirik ezagutza gisa zertifikatutako depresio honetarako.” Unibertsitatean irakasten dena da “depresio zertifikatu hori” (barreak). Egungo pentsamendu markoei kritika dago liburuan, baina nobela bat da, barre egiteko idatzi dut, ez soilik nire pentsamendua zabaltzeko. Nire pentsamendua, hiru esalditan, zuk aipatu duzuna da: “Proletario, emakume edo beltz egiten zaituena menderatze harreman material egituratuak dira (inbrikatuak, uztartuak, fusionatuak, mihiztatuak), sinbiotikoki eta historikoki ostiaka sortuak. Hori politeismo materialista litzateke”. Eta bastarta da familia zintzoek ez dutelako legitimatzen, tartean, Unibertsitate publikoak (barreak).

Fira Literal azokan Bartzelonan Angela Davis ekintzaile feminista estatubatuarrarekin emandako lau egunen nondik norakoak kontatzen ditu liburuak. Politikaz eta feminismoaz hausnartzeko parada eman dizu eta aukera hori guztiokin partekatu nahi izan duzu.

Halaxe da. Zer litzateke bizitza partekatuko ez bagenu? Ez litzateke bizitza existituko.