euskaraespañol

Joxerramon Bengoetxea, UPV/EHUko errektore izendatua

Lehenengo argitaratze data: 2025/01/27

Errektore talde berria, lehendakari eta Zientzia, Unibertsitatea eta Berrikuntza sailburuarekin. | Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Zuzenbidearen Filosofiako katedradunak, Joxerramon Bengoetxea, UPV/EHUko errektore kargua hartu du gaur, urtarrilak 27, Ajuria Enean, Gasteizen, Imanol Pradales lehendakaria buru izan duen ekitaldian.

Errektore berriak gogoratu du, hitzaldiaren hasieran, “Denon artean egitasmo partekatuaren programak ekarri gaitu honaino. Euskal Herriko Unibertsitateko kolektibo eta campus guztien bultzada eta aupada sendoa jaso dugu. Datozen sei urteetan gure programa ezartzea zor diegu orain”.

Halaber, gizartearen eta kulturaren aurrerakuntzan unibertsitateak duen rola azpimarratu du: “Garai berri eta arraro hauetan ugaritu egin dira kontakizun eszeptikoak, ebidentzia zientifikoak ukatzen dituzten diskurtsoak eta leloak, egia-ostearen edo pentsamendu bakarraren adierazpen arriskutsuak, gure gizarte-justiziaren eredu europarraren oinarriak ahuldu nahi dituztenak, baina gure eredu hori utziezina da eta, aldi berean, hobetu daiteke. Arrisku horiei aurre egiteko, unibertsitateak ezinbesteko tresna gara, eta Europako unibertsitate publikoak eutsi eta argitzen duen-horma gara”. Elkarlanerako deia ere egin du: “Ziur nago gure euskal erakundeek, Eusko Jaurlaritzak eta Eusko Legebiltzarrak, foru eta udal erakundeek, unibertsitate publikoaren aldeko apustu sendoa eginez, euskal unibertsitate sistema bera sendotu egingo dutela, osatzen dugun unibertsitate guztiei onurak ekarriz”.

Bengoetxea: «Ziur nago gure euskal erakundeek unibertsitate publikoaren aldeko apustu sendoa eginez, euskal unibertsitate sistema bera sendotu egingo dutela»

Bere aldetik, Imanol Pradales Lehendakariak zorte ona eta arrakasta opa izan die Joxerramon Bengoetxea eta haren talde berriari gaur bere gain hartzen dituzten zereginetan, eta gogorarazi die “Jaurlaritza hau bidelagun ona” izango dela hasi berri duten bidean. “Badakigu zuen onena emango duzuela UPV/EHUren alde”, esan du Lehendakariak, eta azpimarratu du unibertsitate publikoa hainbat hamarkadatan “euskal gizarteari zerbitzu bikaina” eman diola eta gaur egun harro egon daitekeela Shangaiko rankingaren arabera munduko laurehun unibertsitate onenen artean egoteaz.

Ekitaldian izan dira, besteak beste, Juan Ignacio Pérez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburua Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko presidentea; Eva Ferreira, UPV/EHUko errektore ohia; Juan José Etxeberria, Deustuko Unibertsitateko errektorea; Vicente Atxa, Mondragon Unibertsitateko errektorea; Eva Eguiguren, EUNIEZeko errektorea; Joseba Agustín Eizaguirre, UPV/EHUko Gizarte Kontseiluko presidentea eta lehengo eta oraingo errektore taldeetako kideak.

Zuzenbidearen Filosofiako katedradun Joxerra Bengoetxea (Irun, 1963) Edinburgon doktoratu zen eta UPV/EHUko irakaslea da 1990etik. Nazioarteko Zuzenbidearen Soziologiako Masterreko zuzendaria izan da, Nazioarteko Zuzenbide Soziologiako Institutuko zientzia zuzendaria eta EHUgune programako zuzendari eta koordinatzailea. Bere ikerlanak garatu ditu bidezkotze judiziala, elkarrizketa judizialak, epaileen soziologia, zuzenbidearen aplikazioan erabiltzen den argudiaketa, lengoaia eta azterketa juridikoa eta logika juridikoan. Halaber, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiko letratua izan zen, Europar Mugimenduko Euskal Kontseiluko idazkari nagusia eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordea. Haren ibilbide akademikoa aitortu dio Helsinki Unibertsitateak 2023an honoris causa doktore izendatuz.

Bengoetxea irakaslea azaroaren 26an egindako hauteskundeetan aukeratu zuten, botoen % 63,85 eskuratuta, eta Eva Ferreira errektoreari gailendu zitzaion. Unibertsitateko kide guztiek aukeratzen dute UPV/EHUko errektorea, sufragio unibertsal haztatuaren bidez.

Pradales: «Jaurlaritza hau bidelagun ona izango dela errektore taldeak hasi berri duen bidean»

Honako hauek dira errektore berriaren taldeko kideak: Leire Garmendia, idazkari nagusia; Ixone Fernandez de Labastida, Arabako Campuseko errektoreordea; Estitxu Garai, Bizkaiko Campuseko eta Komunikazioko errektoreordea; Juana Goizueta, Gipuzkoako Campuseko errektoreordea; Igone Zabala, Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako errektoreordea; Marian Iriarte, Harreman Instituzionaletarako eta Kulturako errektoreordea; Efren Areskurrinaga Irakasle-ikertzaileen errektoreordea; Asier Blas, Ikasleen eta Partaidetzarako errektoreordea; Urtza Garay, Gradu eta Eraldaketa Digitalerako errektoreordea; Ainhoa Berasaluze, Graduondoko eta Etengabeko Ikaskuntzako errektoreordea; Jon Umerez, Ikerketa errektoreordea; Gotzone Barandika, Transferentzia eta Nazioartekotze errektoreordea; Aitziber Mendiguren Koordinazio eta Konpromiso Sozialeko errektoreordea; eta Javier Varona, gerentea.