euskaraespañol

Gaurko irudia

UPV/EHUko errektorea

Joxerramon Bengoetxea: «Lehenik premia larriei erantzungo diegu, prekarietatea, eraikinen egoera eta oinarrizko zerbitzuak eskaintzea campus guztietan»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2025/01/30

Joxerra Bengoetxea errektore berria Arabako Campuseko Micaela Portilla Ikergunean. | Argazkia: Nuria González. UPV/EHU

Zuzenbidearen Filosofiako katedradun Joxerramon Bengoetxeak astelehenean hartu zuen Euskal Herriko Unibertsitateko errektore kargua. Lehen elkarrizketa honetan datozen sei urteetarako proiektuaren gakoak azaltzen ditu.

Zelako unibertsitatea topatuko duzue karguetan sartzean?

UPV/EHU erakunde konplexu bat da. Egunerokotasunean erakunde honek funtzionatu ahal izan du, irakaskuntzan, ikerkuntzan, transferentzian… bada zerbait, aitortu beharra dago! Langile eta lankide guztiei esker, egindako kudeaketagatik. Ez da bakarrik oraingo taldearen meritua, aurreko errektoretza taldeen eraginez hasitako bidetik ere badago. Egia esan, aurreko urteetako egoera ez da kudeaketarako batere samurra izan. Ondo egindakoaren onespena egitea gizalegezkoa da, eta gure esker ona orain arte kudeaketa ardura izan duten lankide guztiei. Lankide guztiei, kolektibo guztiei, irteten den Eva Ferreiraren taldeari, aurrekoari ere bai, Nekane Balluerkarenari, aitortu behar zaie Covid-19 garaian eustea egokitu zaiela, eta hori baino lehen austeritate neurriei nolabait aurre egin izana. Ez da makala denon artean urte latz hauetan lortu dena, baina krisi latzeko egoera horiek gaindituta bazen unibertsitate ereduari buruzko hausnarketa egiteko eta kudeaketa eta komunikazio estilo irekiagorako eta gobernantza parte hartzaileagorako garaia, hots, gure hautagaitza aurkezteko zio nagusietakoei heltzekoa.

Nola bizi izan dituzue hauteskundeak eta kargu hartze arteko bi hilabeteko tartea?

Egia esateko, luzea egin zaigu. Errektoretzara aurkezteko erabakia hartu, hautagaitza taldea osatu eta egitaraua entzute biraren ekarpenekin landu genuenean intentsitate eta bizkortze bereziarekin aritu ginen. Azelerazioaren ondoren geldotze bat, epealdi edo apalaldi motza, oporretan, eta azken bi astetan motorrak berotzen, bizimodu berrirako prestatzen, kudeaketa talde dinamika sortzen, baina gure hautagaitzaren filosofia bistatik galdu gabe. Argi ikusten genuen eta dugu gure euskal unibertsitate publiko nazionalak barneko eztabaida behar zuela, egitarau eta proposamen desberdinak kontrastatzea.

«Ikerlari-Irakaslegoaren baitan arrakala handiegiak ditugu adina eta karreraren arabera, baina baita generoaren ikuspuntutik ere»

Europako unibertsitateen ereduari buruzko eztabaida zabal batean kokatzen garen arren gure unibertsitateak berezitasun garrantzitsuak baditu:  berezko hizkuntza gutxiagotuaren normalizazio prozesua, unibertsitate hirueledunaren helburua, campusaniztasuna, publikotasuna, jakintza-arlo eremu unibertsala lantzea. Jabetu ginen eta ohartzen gara, halaber, eztabaida bikoitz hau, europarra eta euskalduna, gure gizarteari ere zabaldu behar zaiola: nolako unibertsitatea nahi du gure jendarteak, gure erakundeek? Funtsezko galdera honek egitarau osoa lekarke.

Nolako Unibertsitatea proposatzen diozue jendarteari?

Unibertsitate publikoa, euskal unibertsitatea, europarra, munduari irekia, campus anitzekoa eta ezagutzaren ikuspegitik unibertsala (universitas). Europako goi mailako estandarrekin bat egiten duena. Ezagutza gureganatu ikaskuntzaren bitartez, ezagutza zaindu gure liburutegi, bilgune eta dokumentazio baliabideei esker, ezagutza jarauntsi ikaslegoari irakaskuntzaren bidez, ezagutza areagotu ikerketaren bidetik eta ezagutza ezarri gizarteari transferituz. Azkenik, ez azkena, ezagutza gizartean hedatu: eman ta zabal zazu. Eredu horretatik UPV/EHUk berrikuntza eta ezagutzaren gizartea eraikitzen lagunduko du, etengabeko ikaskuntzaren bitartez. Zientziaren metodoak derrigorrez ikuspegi kritikoa bultzatuko du. Oinarri horiekin gure gizartea munduan garatzen ari diren erronka, arrisku eta mehatxuak ulertu eta erantzuteko gauza izan gaitezke. Eredu honekin bat etorrita, euskal gizarteak beharrezko baliabideak hornitu beharko dizkio UPV/UPV/EHUri.

Finantzaketa egokia esan nahi duzu?

Hain zuzen ere. Finantziazioa oinarrizko beharretarako behar dugulako. Prest gaude behar horiek behar bazela zehazteko, euskal gizarteari ondo azalduz bere ekarpena (zergen bidezkoa) zertara erabiliko den. Horretarako oso kontratu xume eta zintzoa dakargu: gure aldetik esfortzu guztiak egingo ditugu modu eraginkorrean kudeatzeko, sos bakar bat ere ez xahutzeko. Bizitza akademikoaren aldeko postura egin dugunok ez dugu aberasteko asmorik eta prest gaude gure kudeaketaren kontu argiak emateko. Hori bai, gure ereduari eta gure betekizunari erantzuteko, unibertsitate publiko garen aldetik, finantziazio publiko nahikoa behar da. Horrekin estrategia garden eta eraginkorra erdietsiko dugu.

Azalduko diguzu estrategia horren lerro nagusia?

Hori baino lehen diagnosia gogoratzea komeni da. Unibertsitate sakabanatua daukagu, campus ezberdinetan, orekak behar dira. Campus hauetan azken hamarkadetan diziplinak kokatu eta garatu dira, koherentzia eskasarekin eta bikoizketekin. Ikerlari-Irakaslegoaren baitan arrakala handiegiak ditugu adina eta karreraren arabera, baina baita generoaren ikuspuntutik ere. Prekarietate poltsei aurre egitea izango da lehenengo egitekoetako bat:ordezkoen afera, TEKAZELen egoera maila apalenetan, ikerlari zenbaiten egoera. TEKAZEL arloan teknikarien kopurua hobetu beharra dago. Buropatologiak pairatzen ditugu.

«Digitalizazioan eta burujabetza digitalean jauzi bat eman behar dugu eta honekin batera langileon zama burokratikoa arindu»

Ikasketetan, praktiken arloa findu beharra, ikasleon irakaskuntza dinamiko eta aplikatua, parte hartzean hobekuntzak behar dira. Irakaskuntza mailan ere orekak topatu behar dira. Transferentzia arloan ere bai, sakondu beharra; digitalizazioa, teknologia berrien erabilpenak, AA barne, gure lana erraztu eta samurtzen lagundu behar du. UPV/EHUk euskaraz funtzionatzea ere helburu zentrala dugu.

Zeintzuk dira UPV/EHUren erronka nagusiak?

Neurri batean diagnositik datoz. Euskalduntzea (erabilpena); irakaskuntzaren hobekuntza orokorra, malgutasuna, eskaintza zabala, arlo praktikoa lantzea, ikerkuntzaren bultzada, UPV/EHU kultura babesle eta aberasle bezala ikusia izatea, euskal kultura garatzen. UPV/EHUko arlo eta kide guztiek UPV/EHU berea bezala ikustea, taldekide sentitzea, kidetzaz harro eta zainduta sentitzea.

Zer proposatzen duzue?

Lan egiteko modu bat proposatzen dugu, gobernantza parte hartzailea, behetik gora proposamenak eta ekimenak sortzen eta kontrastatzen dituena. Erakundea gure komunitatearen zerbitzura jartzen duena, eta hortik aurrera, gu guztiok zer nolako ekimenak eta proposamenak ditugun, eta nola bideratzen ditugun.

Lehenengo premia larriei erantzungo diegu, prekarietatea, eraikinen egoera eta oinarrizko zerbitzuak eskaintzea campus guztietan (osasun arlokoak adibidez).

Bigarrenik behar dugun Unibertsitatea denon artean landu: elebitasuna eta hirueletasuna, irakaskuntzaren kalitatea, irakasleon eta langileon lan baldintza duinak, erosahalmena bermatuta, arrakalak gutxituz, ikerketarako laguntza teknikoa, buropatologiak konpondu eta kudeaketa erraztu, digitalizazioa bultzatu, irakaskuntza dualak bermatu, nazioartekotzean aurrerapausoak eman eta kanpoko ikaslego, ikerlego eta irakaslegoa erakarri, campus bizitza kulturala garatu, partehartzea bultzatu, oinarrizko zerbitzuak campusetan eskaini, UPV/EHUrekiko pertenentziaren harrotasuna sustatu, mikrokredentzialak martxan jarri, punta-puntako graduondoak, online irakaskuntza bultzatu, ikasleei erraztasunak eman matrikulen aurrean, inor ez dadila atzean geratu ezin duelako kostuari aurre egin, etab luze bat.

Eta azkenik gure ikur izarrak ere egongo dira, euskal gizarteari onura ikusgarriak ekarriko dizkion proiektu batzuk proposatu, adostu, diseinatu eta ezartzen joan.

UPV/EHU munduko 400 Unibertsitate onenen artean dago Shangaiko sailkapenaren arabera.  Zein da zure asmoa? Uste duzu gorago egon beharko litzatekeela? Garrantzitsua da zuretzat Shangaiko sailkapena? Zer egiteko asmoa duzu alderdi honetatik?

Sailkapenak eta rankingak hortxe daude. UPV/EHUren joera aztertzea hurrenkera horietan interesgarria izan daiteke, noranzko joera dugun, baina obsesionatu gabe. Gure UPV/EHUk ezaugarri oso garrantzitsuak ditu Sailkapen horietan neurtzen ez direnak. Eztabaidatu dezagun aldez aurretik zein unibertsitate eredu bultzatu nahi dugun, erakusle edo adierazleak adostu ditzagun eredu horren gauzapenerako eta adierazle edo erakusle batzuek Shangaikoekin edo bestelakoekin bat egiten badute, ba orduan neurtu gaitezen eta erkatu gaitezen horren arabera, eta txarto ateratzen bagara, saia gaitezen zergatiak aztertzen eta hobekuntzarako planak prestatzen (baina ez dezagun ahaztu finantziazioa ere kontutan hartu behar dela, input eta ez bakarrik output), baina beste ezaugarri eta erakusle garrantzitsuak ahaztu gabe, hala nola, eleaniztasuna, oreka eta aukera berdintasunak, sarbidea eta publikotasuna, bertako gizartean txertatuta izatea, lurraldearekin eta bertako kulturaren zaintza eta garapena, etab

Zer asmo duzu digitalizazioaren aurrean? Nola erantzun behar dio UPV/EHUk? Online ikasketak eta zerbitzuak zabaldu behar ditu?

Digitalizazioan eta burujabetza digitalean jauzi bat eman behar dugu eta honekin batera langileon zama burokratikoa arindu. Funtsezkoak izango dira gureak eta publikoak diren “edukiak” sortzea eta software eta Adimen Artifiziala garatzea.

Digitalizazioa ustiatu behar da euskal online unibertsitatea garatzeko.

Digitalizazioak lagundu behar digu polizentrismoan lan egiten eta bikoizketak saihesten.

Digitalizazioak lagundu behar digu bidaiak eta desplazamenduak murrizten.

Nahikoa finantzaketa jasotzen du UPV/EHUk? Azken urteotan UPV/EHUren matrikula tasak ez dira igo. Uste duzu igo behar direla?

Tasak igo ala ez, UPV/EHUri finantzaketa duina bermatu behar zaio. Aldi berean ikasle batzuek laguntza berezia beharko dute gure Unibertsitateak eskaintzen duen hezkuntza profitatzeko. Beken sistema sendo eta bidezkoa behar dugu. Herri apustua egiten badugu Unibertsitatearen alde, onurak eta etekinak itzuliko zaizkio gizarteari, zalantzarik gabe. Oraingo tasa eta matrikula publikoekin eta hainbat gradu edo graduondokoei esleitzen zaion diruarekin nekez eskaini daiteke 2023-26 Unibertsitate Planak aipatzen duen Bikaintasuna irakaskuntzan. Aurrekontuetatik atera beharko da, eta ezin dira beste finantziazio iturriak baztertu.