euskaraespañol

Eguneko irudia

Julio Calleja-Gonzalez, Alberto Lorenzo Calvo eta Lander Hernández Simal eta Maite Aurrekoetxea Casaus

Jaioterriak ba al du eraginik futbolari izateko aukeretan?

UPV/EHUko katedraduna, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko irakaslea eta Deustuko Unibertsitateko irakasleak, hurrenez hurren

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2025/02/17

(Beste leiho bat zabalduko du)
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Istant bategatik garatu ahal izango bagenu hurrengo Lamine Yamal edo Nico Williams, edo hurrengo Alexia Putellas edo Salma Paralluelo detektatzeko gai liteken tresna bat, atzetik izango genuke kirol industria osoa. Futbola delarik eragin sozial eta ekonomiko handienetako kirola, klubek gero eta inbertsio handiagoa egiten dute harrobietan, etorkizuneko futbol izarrak aurkitu eta trebatzeko.

Urte askotan zehar, futbol izarren detekzioari lotutako ikerketa lana ezin argiturik jardun da futbolaria jaio ala egin egiten den. Ehunka ikerketa bete dira itun honen bueltan eta eboluzionatu egin du ikuspegi dikotomikotik hasi eta faktore genetikoen eta ingurumenekoen elkarrekintza konplexua aitortu arte.

Aldez aurretiko berezkotasun genetikoak errendimenduan berebiziko garrantzia duen bitartean, funtsezkoak dira, ordea, jardun deliberatua eta ingurumen eraginak, potentzial genetikoa errealitate bihurtuko bada.

Talentua identifikatu nahi bada, ikuspegi multidimentsional eta dinamikoa beharko da baliatu, faktore guztien elkarrekintzatik aurre eginez, bai sortzetikoak (genetikoak, antropometrikoak...), bai hartutakoak (entrenamendua), bai testuingurukoak (familia, jaioterria...).

Hiri ertaina, abiapuntu ona

Gure ikerketak jakin nahi izan du zer nolako eraginak dituen jaiolekuak futbolariaren garapenean, bai bere parte hartzean, bai kirol errendimenduan.

Aurreko azterlanak aintzat harturik, esan liteke hiri tamaina jakin batzuetan jaiotzeak, normalean hiri txikiagoetan edo ertainagoetan, abantailatsuagoak izan ohi direla talentuaren garatzeko.

Ondorio horren arrazoi eragileen artean daude kirol instalazioetatik hurbil egotea eta gizarte egitura.

Futbola ardatz eta oinarri izan dituen berrikuspen sistematiko batean ikusi da erabakigarria dela populazio dentsitatearen eta jaiolekuko instalazioen mailaren konbinazioa, jaiolekuaren eta futbol errendimenduaren arteko erlazioa egon badagoela.

Ideia orokor gisa, atzeman da tamaina eta dentsitate handiagoko hirietan handitzen direla futbolean estatus profesionala lortzeko aukerak. Fenomeno hori hainbat arrazoirengatik gertatzen da, esate baterako, hiriguneetan klub eta lehia aukera anizkoiztu egiten baitira.

Populazio handienen ezaugarri soziodemografikoek (batez besteko errenta altuagoa, kirol instalazio hobeak, entrenatzaile kualifikatuagoak edo egitura lehiakor sakonagoak) ere lagun dezakete futbol talentua garatzen.

Hala ere, hiri handiagoek abantaila franko eskaintzen dituzten arren, azterlan batzuek iradokitzen dute hiri txikiagoek ere bultza dezaketela talentuaren garapena, ingurune komunitario solidarioagoa eskaintzen dutelako, tokiko klubetako plazetarako lehia txikiagoa izanik. Honelakoetan, arreta indibidualizatuagoa eta aukera gehiago gerta daitezke.

Puzzle konplexua

Nolanahi ere, talentuaren garapenarekin lotutako alderdi guztiak oro bezala, jaiolekua ez da faktore isolatu gisa ulertu behar, baizik eta faktore dinamiko gisa, modu askotako beste faktore batzuekiko elkarreraginean ari dena.

Hortaz, esate baterako, esan liteke, futbol akademia batean sartu ahal izateko, aukera gehiago dituztela, hasiera batean, populazio dentsitate handieneko eremuetako jokalariek hautatuak izateko. Hala ere, behin akademiaren barruan, aukera handiagoak dituzte dentsitate txikiagoko eremuetako jokalariek profesionalki debuta egiteko.

Jaioterritik hazkuntza lekura

Hori guztia kontutan hartuta, ikerketa sakonagoa egin behar da "garapen lekuaren" inguruan. Izan ere, agerikoa da gaur egungo munduan, non globalizazioa nagusi den eta lan migrazioaren mugimenduak eragiten dituen, jaioterriak ez duela zertan bat etorri behar, pertsonak hazi eta prestakuntza jasotzen duteneko tokiarekin.

Futbol akademia batean egindako ikerketa batean ikusi zen trantsizio geografiko bat izan zuten jokalariek – jaioterritik irten eta kirol hazkunderako beste toki batera joan – % 38 inguru aukera gehiago zituztela talde profesional batean debuta egiteko.

Aurkikuntza horrek adierazten du mugigarritasun geografikoak areago ditzakeela futbolean arrakasta izateko aukerak eta iradokitzen du beharrezkoa dela bi tokiak aldagai bateratutzat hartzea talentua kudeatzeko prozesuak ulertu ahal izateko.

Laburbilduz, jatorrizko tokiak eta hazkunde guneak berebiziko garrantzia dute futbol jokalarien errendimenduaren eta aukeren konfigurazioan. Oro harturik, konplexua da populazioaren tamainarekiko lotura, abantailak eta desabantailak baititu testuinguru espezifikoa zein den. Horri buruzko ikerketa guztiak oro azpimarratzen du talentuaren garapenaren izaera polifazetikoa, faktore indibidualak zein testuinguruak aintzat hartzen dituen ikuspegiaren alde eginez.

The Conversation