Gor itsutasuna, ikusmenaren eta entzumenaren galera dakarren desgaitasun bikoitz hori, arreta publikotik kanpo bizi da, zoritxarrez. Ikusezina eta, askotan, gaizki ulertua, erronka bat da, bai desgaitasuna dutenentzat bai ingurukoentzat. Clara Cabanillas Victoriak (Zarautz, 2001), Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko Sorkuntza eta Diseinuko Graduko ikasleak, erabaki zuen isiltasunezko harresi hori apurtzea gradu amaierako bere lanarekin (GRAL).
Isiltasuna apurtuz: gor itsutasuna ikusgai egiteko diseinu bat
Clara Cabanillasek diseinu grafikoa erabili du gradu amaierako bere lanean, aipatutako desgaitasuna ikusgai egin eta desgaitasun hori daukaten pertsonekiko komunikazioa hobetzeko
- Erreportajeak
Lehenengo argitaratze data: 2025/03/20

“Comprendiendo la sordoceguera” izenaz, diseinu grafikoko proiektu bat garatu zuen, zeinetan uztartzen diren ikerketa soziala, ikusizko sormena eta konpromiso pertsonala informazioa zabaltzeko. Lana defendatu ondoren, ohorezko matrikula eman zioten Cabanillasi, bere proposamenaren “zehaztasuna" eta "sentsibilitatea" aitortzeko. Baina hori ez da izan aitorpen bakarra: bere GRALak Sana sari ospetsua jaso du Bartzelonan egindako Gaudeamus Projectaren 7. edizioan.
Proiektua bizipen pertsonal batetik jaiotakoa da. Clara Cabanillasen izeba gor‑itsua da, eta horren ondorioz diseinua aldaketarako tresna gisa ulertzen du. “Gaia oso hurbilekoa izan dut ume‑umetatik”, azaldu du Arte Ederren Fakultateko ikasleak. Esperientzia horretatik abiatuta, gor‑itsutasuna zer den azaldu du bere lanaren bidez eta, horrez gain, tresnak eskaini desgaitasun hori daukatenekiko hartu‑emanak eta komunikazioa hobetzeko. Ekimenak sormena eta konpromiso soziala batzen ditu inklusioaren alde.
Proiektuaren emaitza infografia batzuk dira, diseinatu direnak gor‑itsutasunari buruzko kontzeptu gakoak azaltzeko, modu argi eta ulergarrian. Pieza grafiko horietan, desgaitasunaren nondik norakoak eta gor‑itsuek komunikatzeko erabiltzen dituzten sistemak azaltzean gain, aholku praktikoak ematen dira gor‑itsuekiko hartu‑emanetarako. “Prozesuaren zati handi bat eman nuen jasotako informazioa laburbiltzen, atal ulergarrietan banatzen, eta ilustrazio bisualki erakargarri eta pedagogiko bihurtzen”, esan du Cabanillasek.
Erakusketa ibiltaria
Proiektua ez da mugatzen formatu grafikora. Cabanillasek erakusketa ibiltari bat diseinatu zuen, infografiak eta elementu interaktiboak nahasten dituena, bisitariak gaian murgiltzeko ibilbide bat sortuz. Proposamena UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko erakusketa gelan aurkeztu zen lehenengo aldiz, GRALaren defentsaren osagai. “Eskerrak eman nahi dizkiot fakultateari, toki hori erabiltzen uzteagatik nire proiektua ezagutzera emateko”, azaldu du egileak.
Unibertsitatetik haratago, proiektua pentsatuta dago hezkuntza eta osasun zentroetan ere erakusteko. Izan ere, eragin zuzena izan dezake ikasle, irakasle eta osasunaren arloko langileengan. “Oraindik ez dugu zehaztu datarik, baina gustatuko litzaidake eramatea erakusketa toki horietara. Hor daude ikusle objektiboak”, adierazi du Cabanillasek.
Bidean, baina, zailtasunak aurkitu zituen. Ikerlana egiten ari zenean, Cabanillasek ikusi zuen gor‑itsutasunari buruzko datu gutxi daudela Espainian. “Itsutasunari eta gortasunari buruzko informazio asko dago, baina bakoitza bere aldetik; ia ez dago ezer bi desgaitasun horien konbinazioaren gainean”, azaldu du. Bidean aurkitutako beste zailtasun bat izan zen diseinuaren arloan ez dagoela erreferente espezifikorik gai horretarako, ez estatu mailan ez nazioartean; sare sozialetarako eta hezkuntza zentroetarako kanpaina gutxi batzuk besterik ez. Zailtasunak zailtasun, Cabanillasek bere tutore Tania Quindósen aholkuak eta laguntza izan ditu lana egiteko, eta bere esker ona adierazi dio: "Oso eskertuta nago prozesu osoan zehar emandako laguntasunagatik".
Inpaktu soziala duen diseinua
Proiektuaren azken helburua anbizio handikoa bezain beharrezkoa da: gizartea gor‑itsutasunaren inguruan sentsibilizatzea, enpatia sustatuz eta aurreiritziak ezabatuz. “Norbaitek terminoa lehenbizikoz entzutea aurrerapausoa izango litzateke", adierazi du ikasleak. “Bere lanak erakusten du gure ikasleak konprometituta daudela gizartearekin, eta diseinua darabiltela hezkuntza, inklusio eta gizarte aldaketarako tresna gisa”, esan du lanaren zuzendari Quindósek.