euskaraespañol

Eguneko irudia

Ikerlan batek gezurtatu egin du AA erabiltzeak plagioa zuzenean eragiten duela unibertsitateko ikasleen artean

Ikasleen integritate akademikoa eta motibazioa sustatzea eraginkorragoa izango litzateke adimen artifizialeko tresnak debekatzea baino, UPV/EHUko ikertaldeak adierazi duenez

Lehenengo argitaratze data: 2025/02/13

Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek adimen artifizialak goi-mailako hezkuntzan duen eraginari buruzko ikuspegi berria eman dute, eta erronkak eta aukerak dakartza irakasleentzat eta hezkuntzako arduradunentzat. Azterlan horrek bertan behera uzten du hezkuntzan eta gizartean oso hedatua dagoen uste bat, hau da, plagioa adimen artifizialaren eskutik datorrela.

‘Interactive Learning Environments’ nazioarteko aldizkari ospetsuan argitaratu berri den ikerketa batek aztergai dauka arlo akademikoan ze erlazio dagoen ChatGPTaren erabilera maiztasunaren eta plagioaren artean, azterlanerako oinarri hartuta unibertsitateko ikasleak. Euskal Herriko Unibertsitateko talde batek egindako ikerketaren arabera, tresna horren erabilera maiztasunaren eta plagioaren artean korrelazioa dagoen arren, ez dago ia bien arteko kausalitaterik.

UPV/EHUko 507 ikaslerekin egindako azterlanak, gainera, ikasleen ezaugarriekin lotutako zenbait aldagaik eraginik ote zuen aztertu zuten, aldagaiak izanik, adibidez: errendimendu akademikoa, lan karga, hiperlehiakortasun maila, motibazio falta, iruzurraren kulturan zein heinean dauden murgilduta edo plagiatzearen ondorioak ez ezagutzea. "Emaitzek erakusten dutenez, hainbat faktorek, hala nola motibazio ezak eta iruzurraren kulturan murgilduta egoteak (adibidez, plagiatzeko joera duen jendez inguratuta egoteak), askoz ere eragin handiagoa dute ikasle batek plagioa egiteko duen probabilitatean, ChatGPT bezalako tresnen erabilera maiztasunak baino", adierazi dute azterlanaren sinatzaileek. Hiru aldagai horiek –ChatGPTaren erabilera maiztasuna, ikasketetarako motibazio eza eta murgiltze maila iruzurraren kulturan– izan ziren arrazoia plagioen % 30aren zergatia azaltzeko.

UPV/EHUko ikertzaileen ustez, emaitza horrek bertan behera uzten du hezkuntzan eta gizartean oso hedatua dagoen uste bat, hau da, adimen artifiziala plagioaren eragile zuzena dela. "Arazoa ez da teknologia bera, ezpada nola erabiltzen den eta zein testuinguru akademikotan erabiltzen den", adierazi dute azterlanaren egileek. Horrela, lanak iradokitzen du arlo akademikoan plagioa murrizteko estrategia eraginkorragoa izan daitekeela ikasleen jokabidean zintzotasuna eta motibazioa sustatzea adimen artifizialean oinarritutako tresnak debekatzea baino.

Ikertzaileek nabarmendu dute garrantzitsua dela unibertsitateek politika argiak ezartzea ChatGPT bezalako tresnen erabilerari buruz, eta parte-hartze aktiboa eta pentsamendu kritikoa sustatzen duten estrategia pedagogikoak indartzea. Gainera, nabarmendu dute beharrezkoa dela ikaskuntza etikoa eta originala sustatuko duten zereginak diseinatzea, zigor neurrien mende egon beharrean.

Horrela, bada, azterlan honek adimen artifizialak goi-mailako hezkuntzan duen eraginari buruzko ikuspegi berria eman du, eta erronkak eta aukerak dakartza irakasleentzat eta hezkuntzako arduradunentzat.

Erreferentzia bibliografikoa