euskaraespañol

Eguneko irudia

Idoia Otaegui, Uda Ikastaroetako zuzendari akademiko berria

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2025/03/04

Idoia Otaegui Uda Ikastaroen zuzendari akademiko berria, Joxerramon Bengoetxea UPV/EHUko errektorea eta Itziar Alkorta Uda Ikastaroen zuzendari akademiko ohia | Argazkia: Uda Ikastaroak

Errelebo garaia da UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioaren (UIK) gobernu organoetan. Idoia Otaeguik ordezkatu du azkeneko sei urteetan zuzendari akademiko funtzioetan aritu den Itziar Alkorta. Era berean, UPV/EHUko errektoretza talde berriko kideek hartu dute haien aurrekoen lekukoa fundazioaren patronatuan.

Idoia Otaegui Aizpurua (Donostia, Gipuzkoa, 1968), Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko irakasle agregatua da Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU). Justizia eta Lan Saileko sailburuordea izan zen (2005-2008), Jaurlaritzako Kabineteko zuzendaria (2005), Nafarroako Parlamentuko aholkulari juridikoa (2000-2004) eta abokatua (1992-2000). UIKko zuzendari akademiko izendatu aurretik, UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko idazkari akademikoa (2021-2025), Enpresa Zuzenbidearen eta Zuzenbide Zibilaren Sailaren idazkari akademikoa (2018-2021) eta UIKk antolaturiko Uda Ikastaroetan Nazioarteko Zuzenbideari eta Nazioarteko Harremanei buruzko Gasteizko ikastaroen zuzendarikidea (2018-2025) izan da.

Idoia Otaeguik ilusioz eta arduraz hartu du Itziar Alkortak 2019tik gidatu duen erakundearen zuzendaritza. Joxerra Bengoetxea UPV/EHUko errektoreari beregan jarritako konfiantza eta Itziar Alkortari trantsizioan eskainitako laguntza eskertzearekin bat, proiektuaren sorreratik gidari izan diren zuzendari guztiek egindako lana ekarri nahi izan du gogora: Ricardo Echepare (1981-2007), José Luis de la Cuesta (2008-2014), Carmen Agoues (2015-2018) eta Itziar Alkorta (2019-2024). 2025eko Uda Ikastaroei dagokionez, programazioa eta matrikula maiatzaren 8an zabalduko direla jakinarazi du.

Itziar Alkortak, bere aldetik, patronatu kideei eta zuzendaritza kideei eskerrak emanez utzi du kargua, sei urteotako esperientzia bikaina azpimarratuz eta taldean egindako lanaren emaitzarekin pozarren. Aurrerantzean UPV/EHUko Zuzenbide Fakultateko Zuzenbide Zibileko irakasle eta ikertzaile lanei jarraipena emango die jardun osoz.

Erreleboa patronatuan

UPV/EHUko errektore taldean izandako erreleboari men eginez, hainbat kargu berri ditu UIKren gidaritzak.

Patronatuan sartu diren kide berriak dira: Joxerramon Bengoetxea Caballero, errektorea, UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioaren Patronatuko presidentea; Javier Varona Guarás, gerentea; Juana Goizueta Vertiz, Gipuzkoako Campuseko errektoreordea eta UPV/EHUko Uda Ikastaroetako Antolatzaile Batzordearen presidentea; Ixone Fernández de Labastida Medina, Arabako Campuseko errektoreordea; Estitxu Garai Artetxe, Bizkaiko Campuseko errektoreordea; Ainhoa Berasaluze Correa, Graduondoko eta Etengabeko Ikaskuntzako errektoreordea. Errektoreak zuzenean izendatutakoak: Jon Zarate Sesma, Itxaso Maguregi Olabarria, José Luis de la Cuesta Arzamendi.

Patronatua utzi duten kideak dira: Eva Ferreira García, errektorea, UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioaren Patronatuko presidentea; Juan Jose Unzilla Galán Eraldaketa Digitalaren eta Komunikazioaren arloko errektoreordea (Gerentearen ordez); Agustín Erkizia Olaizola, Gipuzkoako Campuseko errektoreordea eta UPV/EHUko Uda Ikastaroetako Antolatzaile Batzordearen presidentea; Juncal Gutiérrez Mangado, Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko errektoreordea; Manuela Igartua Olaechea, Arabako Campuseko errektoreordea; Gorka Moreno Márquez, Bizkaiko Campuseko errektoreordea. Errektoreak zuzenean izendatutakoak: Alexander Mendiburu Alberro, Leire Fernandez Inurritegi, Francisco Javier Aizpurua Iriazabal.

UIKko patronatuaren eta lantaldearen osaerari buruzko informazio osoa eskuragarri da hemen.