Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak atzerritar jatorriko biztanleekiko pertzepzio eta jarrerei buruzko Urteko Barometroa aurkeztu du gaur. Ekitaldia Bizkaia Aretoan egin da, eta bertan izan dira Nerea Melgosa, Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburua, Aitziber Mendiguren Ordorika, UPV/EHUko Koordinazio eta Konpromiso Sozialeko errektoreordea eta Julia Shershneva, Ikuspegiko zuzendaria eta UPV/EHUko Soziologiako irakaslea.
-
UPV/EHUko hamabi, CSICeko sailkapenean 500 emakumezko ikerlari esanguratsuenen artean
-
Erabaki ote dezakegu zer-nolako gurasoak izan gura dugun?
-
Farmakologia aldatu zuten zortzi emakume
-
Ate Irekien Jardunaldiak
-
Talentu gaztea bilatzen duten enpresekin aurrez aurreko hartu-emana izan dute 1.000 ikaslek
Herritarrek atzerritar jatorriko biztanleekiko dituzten jarrerak eta pertzepzioak osasun-larrialdiaren eta Ukrainako gerraren aurreko balioetara itzuli dira
Immigrazioa prozesu sozial sendotzat hartzen da, eta euskal gizartearen gehiengoak kanpoko pertsonen etorrera babesten du
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2025/03/06

Aurkezpenean, Shershnevak nabarmendu zuenez, "Euskadin immigrazioarekiko Tolerantzia Indizea 63,54 puntukoa da 100etik, eta pandemiaren zein Ukrainako gerraren ezohiko ondorioen ostean joera egonkor bat finkatzen du". Azaldu duenez, egoera bi horien eraginak "elkartasun olatu aparta" sortu zuen bere garaian, baina orain "jarrerak lehenagoko mailetara itzuli dira, nahiz eta serie historikoarekin alderatuta hobera egin duten". Izan ere, 2024ko indizeak pandemiaren aurreko barometroaren edizio guztietan (2007-2020) erregistratutako altuena izaten jarraitzen du.
Txostenean antzemandako ideia nagusietako bat gizartean gero eta polarizazio handiagoa dagoela da. "Immigrazioarekiko jarrera inklusiboagoak dituen biztanleria-taldea indartu egin da", adierazi du Shershnevak, eta sektore hori "indizean 75,79 puntura iritsi da batez beste, eta euskal biztanleriaren ia erdia da", zehaztu du.
Pertzepzio soziala: fenomeno finkatua, baina ñabardurekin
Azterlanaren arabera, euskal gizarteak immigrazioa egiturazko fenomenotzat hartzen du. "Herritarren % 82,8k uste du immigrazioak gora egiten jarraituko duela datozen urteetan", adierazi du Shershnevak. Gainera, azpimarratu duenez, "beste testuinguru batzuetan ez bezala, Euskadin immigrazioa ez da lehentasunezko arazotzat hartzen"; izan ere, prezioen igoerak, osasunak edo etxebizitzak kezka handiagoa sortzen dute. Herritarren % 3,8k soilik uste du immigrazioak modu pertsonalean eragiten diola.
Ekonomiari dagokionez, Euskadiko hiru biztanletik bik (% 66,2k) onartzen dute immigrazioak "garapen ekonomikoari laguntzen" diola, eta lautik hiruk ( % 74,9k) zenbait lan-sektoretan duten garrantzia balioesten dute. Era berean, herritarren %71k uste du atzerritarren etorrera funtsezkoa dela zahartze demografikoari aurre egiteko.
Hala ere, neurri handi batean, lan-faktoreek immigrazioarekiko babesa baldintzatzen dute. "Euskal biztanleen % 94,6k migratzaileen etorrera babesten du, baina haien onarpena oso lotuta dago haien jardun profesionalarekin", azaldu du Ikuspegiko zuzendariak. Gaineratu du, halaber, asilo-eskatzaileen harrerak babes handia izaten jarraitzen duen arren, babes hori murriztu egin dela Ukrainako gerraren ondoriozko gizarte-larrialdiak behera egin duen heinean.
Administrazio-egoera irregularrean dauden pertsonei dagokienez, txostenak jasotzen du "biztanleriaren % 82,2 horien erregularizazioaren alde dagoela".
Eskubide eta bizikidetza kulturalerako sarbidea
Azterlanaren arabera, euskal gizarteak gizarte-zerbitzuak eskuratzeko berdintasuna defendatzen du gehienbat, jatorria edozein dela ere. "Adostasun handia dago osasunaren ( % 75) eta hezkuntzaren ( % 72,7) eskubideen unibertsaltasunaren inguruan, baina eztabaida handiagoa dago gizarte-laguntzei, babes ofizialeko etxebizitzei edo boto-eskubideari dagokienez", azaldu du Shershnevak.
Kultura-bizikidetzari dagokionez, txostenak ohitura eta praktika berrietara irekita dagoen gizartea islatzen du, baina "integrazioa esfortzu bateratua izango den itxaropenarekin, baina batez ere etorkinek beren gain hartuta". Bestalde serie historikoan lehen aldiz, biztanleriaren gehiengoak ( % 44,1) baztertu egiten duela kulturalki homogeneoa den gizarte baten ideia eta hau datu esanguratsu bat da.
Errealitatearen eta estereotipoen distortsioa
Txostenaren funtsezko puntuetako bat migrazio-fenomenoaren pertzepzioaren eta errealitatearen arteko aldea da. "Datuek erakusten dute herritar gehienek modu okerrean uste dutela Euskadiko immigrazioa batez ere Magrebetik edo Saharaz hegoaldeko Afrikatik datorrela", adierazi du Shershnevak. Hala ere, zifra ofizialen arabera, etorkinen %73 inguru latinoamerikarrak dira.
Zenbait estereotipo negatiboren pertzepzioaren bilakaera ere jasotzen du barometroak. "Oraindik ere ideia okerrak daude immigrazioaren eta delinkuentziaren, babes sozialeko sistemaren abusuaren edo matxismoaren gorakadaren arteko harremanari buruz, baina joera orokorrak uste horiek gutxiago babesten direla erakusten digu”, ondorioztatu du Ikuspegiko zuzendariak.
"Estereotipoak gutxi batzuen buruan baino ez daude. Hori bai, adi eta adi egon behar dugu. Zurrumurru faltsu horiek tabernako, parkeko edo lantokiko elkarrizketa informaletan daude. Lagunen artean entzuten dira, eta hori ezin da onartu 2025eko Euskadin ", adierazi du Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak.
Melgosa sailburuaren ildotik, Aitziber Mendiguren Koordinazio eta Konpromiso Sozialeko errektoreordeak gogoratu du IKUSPEGIren barometroak dioenez, “immigrazioak ez duela ez euskara ezta euskal nortasuna galarazten” eta gehitu du “han-hemenka zabaltzen ari diren mezu arrazista eta xenofoboen aurrean balioan jarri beharra dugu gure gizarteak dituen balore solidarioak eta ikuspegi anitza, Euskal Herriko Unibertsitatearen isla”.
EAEko atzerritar jatorriko biztanleekiko Pertzepzioen eta Jarreren Barometroa Ikuspegik 2007tik urtero egiten duen ikerketa bat da, euskal gizarteak immigrazioaren aurrean dituen jarreren bilakaera aztertzen duena.