euskaraespañol

Eguneko irudia

Alberto López Basaguren

Groenlandia, lurralde desiratua

Konstituzio Zuzenbideko katedraduna

Lehenengo argitaratze data: 2025/01/30

Alberto López Basaguren | Argazkia: Fernando Gómez. UPV/EHU.

Groenlandia mundu osoko komunikabideen azalean kokatu izan da, oso nabarmen, Donald Trumpek, Estatu Batuetako (AEB) presidente berriak, besteak beste, lurralde hura eskuratzeko guraria adierazi eta gero. Amerikak behar omen du lurraldea bere segurtasuna egoki bermatu ahal izateko. Baina badira izotza azpian dauden hainbat mea eta lur “arraroak” edo “bitxiak” ere Trumpen nahiaren sorburu gisa aipatu dituztenak.

Groenlandia herri bitxia da, guztiz berezia, Bernardo Atxagak bere ‘Groenlandiako lezioa’n aspaldi erakutsi zigun gisan. Oso lurralde handia, ipar poloaren inguruan, Kanadako iparraldeari ia itsatsita, izotzak estalia, estrategikoki kokatua –are gehiago, aldaketa klimatikoak dakarren epeltzea itxuratzen ari den Artikoko geopolitika berria kontuan hartuta-, oso lagun gutxi bizi direla bertan (50.000 inguru), gehien-gehienak ‘inuit’ –aintzinako gure ‘eskimal’- herrietakoak.

Azken asteotan Groenlandiari buruz egin diren galderen artean badira mami berezia dutenak Trumpen irrikak izan ditzakeen aukerak argitzen saiatzeko: zer-nolako estatus politikoa du Groenlandiak? Noren eskuetan dago haren etorkizun politikoa?

Danimarkako kolonia izana da Groenlandia bi mendetan zehar. XVIII. mendean hasitako kolonizatze prozesua XX. mendearen hasieran areagotu zen. Nazio Batuek (NBE) mendekotasun kolonialaren egoeran zeuden herrialdeen artean kokatu zuen hura. Baina 1954an NBEk egoki gisa onartu zuen Danimarkako aurreko urteko Konstituzioak lurraldeari eman zion Estatu unitarioaren barruko lurraldearen estatusa, egoera koloniala amaitutzat joz. Antza, Danimarka botere kolonial onberaren irudia izatearen emaitza. Hala ere, egoera berriak gauzak gaiztotu zituen “danifikazio” prozesua zabaldu zuen. Politika horrek ekarri zuen porrota ikusirik, beste aro bati ateak zabaltzea onartu zuen metropoliak. Aholku-erreferendumean jasotako babes zabalarekin, 1979an Groenlandiak lurralde-autonomia (‘Home Rule)’ eskuratu zuen. Horren eraginez, lurraldeko Parlamentua (‘Inatsisartut’) eta Gobernua (‘Naalakkersuisut’) eratu ziren lurraldeak hartutako eskumenak gobernatzeko. Autonomiak helburu nagusia zuen: ordurarte guztiz menderatua izandako gizartearen garapen politiko, ekonomiko, sozial eta kultural egokia bultzatzea, inuit herritarrek har zezatela falta zuten sendotasuna egoki autogobernatu ahal izateko.

Autonomiak arrakasta nabaria izan zuen eta, horrela, urrats bat aurrerago egiteko lanari ekin zioten lurraldeko eta Danimarkako arduradun politikoek eta, azkenik, “autogobernua” (‘Self-Government’) eratzeko proposamena sortu zuten. 2009an eratu zen gaurdaino indarrean dirauen autogobernua. Horrek areagotu egin du groenlandiarren botere politikoa haien gizartea gobernatzeko; eta groenlandiera (‘kalaallisut’) hizkuntza ofizial gisa ezarri zuen. Malgua da autogobernuaren legeak eratzen duen antolamendua. Eskumenak ugaritu dira eta aukera ematen du, Groenlandiako erakundeek egoki ikusten duten neurrian, etorkizunean gehiago hartzeko. Eskumen gutxi dira, nahitaez, Danimarkaren eskuetan gelditu behar direnak: defentsa, diru-politika, nazioarteko harremanak... Horrez gain, legeak groenlandiarren eskuetan uzten du lurraldea independente bihurtzeko aukera ere. Herritarrek horren aldeko erabakia hartuko balute bi gobernuen arteko negoziazioak gauzatu beharko lirateke; hitzarmen batera iristean, lurraldeko Parlamentuaren onespena jaso beharko luke horrek, aurrena, eta, gero, herritarrena. Danimarkak deskolonizazio prozesuaren azken maila gisa hartu omen du autogobernua, 2009an bertan antolamendu horren berri eman baitzion NBEri.

Groenlandiaren estatus politikoari dagokionez bi ezaugarri gehiago dira kontuan hartu beharrekoak. Lehenbizikoa, EBari dagokiona. Groenlandia erakunde horretatik kanpo gelditu zen 1985ean, hiru urte lehenago izandako erreferendum baten ostean. Lurralde horren ekonomia ahulegia zen mugarik gabeko ‘barne-merkatu’ europarrean ekonomikoki bizirik irauteko. Gaur egun Groenlandiak estatus berezia du EBren barruan, itsasoz haraindiko herrialde eta lurraldeen artean, Protokolo berezi batez babestuta eta badu aukera, besteak beste, EBko progametatik laguntzak jasotzeko. Beraz, kanpoan eta barruan, aldi berean, baina, edonola ere, EBren babesean.

Bestetik, Groenlandia NATO barruan dago Danimarkako lurralde gisa. Horrez gain, XX. mendeko 50eko hamarkadatik aurrera, AEBek aireko eta espazioko kontrolerako oso base militar indartsua dute kokatua Groenlandiako ipar-iparrean: ‘Thule Air Base’ (egun ‘Pituffik Space Base’ deitura hartu duena). Segurtasunaren arrazoiak ez dirudi, beraz, sendotasunik duenik; salbu Trumpek NATO baztertu eta bere Amerika mendebaldeko arlo militarrean protagonista soil eta bakar bihurtu nahi badu.

Gauzak horrela, zer esan daiteke Trumpen gogoaren aukerei buruz?

Independentzia eskuratuko balu, Groenlandiak aukera izango luke Trumpen Amerikarekin negoziatzeko, hari hurbiltzeko eta, kasu, Danimarkaren mendekotasunetik libratu eta Amerikaren mende gelditzeko. Groenlandiako herritarren helburua, haatik, kontrakoa izan da orain arte: kolonizatuak izateari utzi eta haien burujabetasuna eskuratzea, gizarte gisa dituzten ezaugarri bereziak (bizimodua, kultura eta hizkuntza, horien artean) egoki babesteko; eta beren ondasun naturalak zaintzeko, besteen mesedetan xahutuak izan gabe. Gorabeherak izan baditu ere, Danimarkak prestasun eta prestutasuna erakutsi ditu Groenlandia gizarte berezi gisa onartzeko eta babesteko; Amerikak bere jatorrizko herriekin ez bezala.

Ahultasun handiak dituen herrialdea da Groenlandia -oso jende gutxi oso lurralde handian, naturak jarri dituen zailtasun ikaragarriekin-, babesle sendorik gabe erraz menderatua izan daitekeena. Gaitasun nahikorik izango du Groenlandiak bere burua babesteko eta herri berezi gisa haren etorkizuna bermatzeko? Ez da erraza etorkizuna iragartzea. Ez dago dudarik, hala ere, Atxagak bere lezioan ohartarazi zigunaz: “gure Groenlandia handi baina ttiki honetan, kalteak handiak izan daitezke”.