euskaraespañol

Saria lortu du Gema Varona irakaslearen lan batek

Lehenengo argitaratze data: 2025/01/24

Gema Varona saria jasotzen, bi epaimahaikiderekin batera | Argazkia: Generalitat de Catalunya

‘Justicia restaurativa medioambiental y animal’ lanak "argitalpen akademiko onenaren" saria lortu du Kataluniako Gobernuak antolatutako ADR (Alternative Dispute Resolution) Justicia 2024 sarietan

Gema Varona Euskal Herriko Unibertsitateko Kriminologiaren Euskal Institutuko ikertzaile eta zuzendariak idatzitako "Justicia restaurativa ambiental y animal" lanak (Dykinson argitaletxea, 2024; irekian argitaratua Kriminologiaren Euskal Institutuaren webgunean) gatazkak konpontzeko bitartekotzari eta bitartekoei buruzko "argitalpen akademiko onenaren" saria lortu du Kataluniako Gobernuak deitutako ADR (Alternative Dispute Resolution) Justicia 2024 Sarietan.

"Sari honek lankidetzan egindako lana aintzatesten du. Hainbat izan gara talde lanean aritu garenak: giza eskubideen aldeko aktibismoan ari den jendea, indarkeriarik ezaren aldeko jendea, erantzukizun sozial korporatiboaren, ekologismoaren eta animalien ongizatearen aldekoak, eta hainbat arlo akademiko eta kudeaketa arlotako profesionalak, guztiok bat eginda ingurumenean sortutako kalteak prebenitzeko bide alternatiboak, baketsuagoak eta eraginkorragoak proposatu eta garatzeko zereginean", azpimarratu du saridunak.

ADR Justicia sariak 2017an sortu ziren, helburua izanik aitortzea bitartekaritzaren eta gatazkak konpontzeko beste bitarteko batzuen arloko ikerketa lanak eta ekimen praktikoak. Lau kategoria daude: ekimen teoriko onenaren saria, esperientzia praktiko onenarena, argitalpenik onenarena eta bitartekaritza eta gatazken konponketaren arloan egindako hedapen ekintzarik onenarena. Ramon Espadaler Kataluniako Justizia eta Demokraziaren Kalitatea sailburuak eman zizkien sariak saritutako pertsona eta erakundeei, urtarrilaren 21ean Bitartekaritzaren Europako Eguna ospatzeko egindako ekitaldi instituzionalean.

Gema Varona ikertzailea eta Euskal Herriko Unibertsitateko Kriminologiaren Euskal Institutuko zuzendaria da, eta Biktimologiaren Munduko Elkarteko presidentea. UPV/EHUko Zigor Zuzenbideko doktorea da 1997az geroztik, Kriminologian diplomatua eta Soziologia Juridikoko masterduna. Karrera zientifiko osoa unibertsitate horretan bertan egin du, eta bertako ikertzaile doktore iraunkorra da. Halaber, Jakiundeko kide da 2023az geroztik.