euskaraespañol

Farmazia Fakultateko ikasleek egindako hiru lan saritu dituzte

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2025/03/12

Ezkerretik eskuinera, Saioa Ugidos, Ane Otaegui eta Leire Jauregui | Argazkia: UPV/EHU

Farmazia Praktiko Asistentzialerako Aditu tituluko hiru emakume ikaslek jaso dituzte berriki hainbat erakundetako sariak. Zehazki, honako hauek izan dira Euskal Herriko Unibertsitatearen Farmazia Fakultateko titulazioaren lehenengo edizioko ikasle horiek egindako hiru Titulu Amaierako Lanek jaso dituzten kanpoko aintzatespen horiek:

  • ‘Farmaziako Elkargoen Kontseilu Nagusiaren Saria’, Farmaziako Errege Akademia Nazionalaren 2024 Lehiaketa Zientifikoan, Saioa Ugidos Damborienari, ‘Farmazia Zerbitzu Profesional Asistentziala menopausia osteko emakumeen gaixotasun kardiobaskularrak prebenitzeko eta arrisku kardiobaskularreko faktoreak kontrolatzeko’ lanarengatik.
  • ‘Farmaziako Elkargoen eta Gizarte Berrikuntzaren Saria’, Gizarte Berrikuntzarako Sarien III. edizioan: Farmazialariak eta GJHak, Ane Otaegui Arrazolari, ‘Farmazia komunitarioaren zeregina Gipuzkoako osasun sare lokaletan’ lanagatik.
  • ‘Prudencio Rosique Robles ikerketa saria’, Murtziako Eskualdeko Farmazialarien Elkargo Ofizialak deitua eta Murtziako Eskualdeko Santa María de España Farmazia Akademiak Leire Jauregui Landari emandakoa, ‘Etxeko Arreta Farmazeutikorako Zerbitzu baten diseinua Farmazia Komunitariotik abiatuta’ lanagatik.

Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia Praktika Asistentzialerako Aditu titulua Farmaziako graduatuen garapen profesionala, zientifikoa eta teknikoa hobetzeko helburuarekin diseinatu zen, Arreta Farmazeutikorako programetan parte hartu ahal izateko, zerbitzu farmazeutiko asistentzialak eskaintzeko behar diren jakintzak eta gaitasunak eskuratuz eta eguneratuz, bai eta esparru horretan berrikuntza eta ikerketa sustatuz ere.

Titulua 2023an jarri zen abian, Mª Ángeles Solinís Aspiazu eta Ana del Pozo Rodríguez UPV/EHUko doktoreek eta Estíbaliz Goienetxea Soto doktoreak, Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko (FEO) zuzendari teknikoak, batera zuzendurik, farmazia komunitarioaren esparruan profesionalki dihaduten Farmaziako graduatuak helburu harturik.

Titulazioa Bidafarmak, Gipuzkoako Farmazia Banatzaileak (DDG), Novaltiak eta Alliance Healthcarek finantzatzen dute, UPV/EHUko irakasleak garatzen dutelarik, beste erakunde akademiko, sanitario, profesional eta gobernuko kanpoko irakasleak lagun. Zehazki, kanpoko irakasleok Sidneyko Unibertsitatetik, Granadako Unibertsitatetik, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Farmazia Zuzendaritzatik, Farmazialarien Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusitik eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Kantabriako FEOetatik etorritakoak dira.