euskaraespañol

Eguneko irudia

Legokide 1, irabazle FLL Euskadiren Gasteizko egoitzan

Urkide ikastetxeko taldeek zenbait sari eskuratu zituzten eta entrenatzailearen lanak aitorpena jaso zuen

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2025/02/25

Gasteizko Urkide ikastetxeko Legokide 1 taldea | Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

FIRST LEGO League Euskadiren hamaseigarren edizioa Bilbon, Donostian, Arrasaten eta Gasteizen egin zen, dibertsioa eta ezagutza zientifiko‑teknologikoa nagusi izan ziren jardunaldi batean. Deustuko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak eta Euskal Herriko Unibertsitateak Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin batera antolatutako txapelketak hainbat egoitza izan ditu eta horietara hurbildu ziren 60 ikastetxetako 1.300 gazte, 170 taldetan banatuta (107 Challenge talde eta 63 Explore talde).

Gasteizko egoitzan 13 ikastetxek parte hartu zuten ‑Arabako seik eta Bizkaiko zazpik‑, eta 33 talde lehiatu ziren (24 Challenge + 9 Explore). Lehen saria Gasteizko Urkide ikastetxeko Legokide 1 taldearentzat izan zen, alga pozoitsuak detektatzen dituzten buiei buruzko proiektuagatik, zeinak laguntzen duen alga horiek Galiziako kostaldean ez agertzen eta, horrela, itsaskiak eta emakumezko itsaskilarien lana ez kaltetzen.

Bigarren postua Tecnoclub Elburgoko Tecnobots Elburgo taldearentzat izan zen, Lemoizko zentral nuklearra eta bere itsas ingurunea berrerabiltzeari buruzko proiektuagatik. Proposatzen dute ikergune bizi bat jartzea bertan itsas hondoen esploratzaileentzako, zentralari lotutako itsas hondoan gaur egun dauden errauts geldoen hondakin zaharren eta lurren gainean arrezife berri bat sortuz modu jasangarrian, eraikuntzako elementuak birziklatuta.

FIRST LEGO League Euskadiren 16. edizioko zortzi talde irabazleek Espainiako finalean parte hartuko dute martxoaren 29an, Ferrolen. Bertan beren berrikuntza proiektuak erakutsiko dituzte, eta robotak lehiatuko dira mundu mailako finalera pasatzeko. Final hori Estatu Batzuetako Houston‑en egingo da, apirilaren 16tik 19ra.

Programaren babesleak dira Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila eta Hezkuntza Saila, hiru foru aldundiak eta erakunde publiko eta pribatu ugari. Arabako hiriburuko txapelketaren kasuan laguntzaileak dira Vital Fundazioa, Ausolan eta BRTA Aliantza.

 

Bideoa