euskaraespañol

Eguneko irudia

Nerea Jaureguizar eta Teresa Morera Herreras

Farmakologia aldatu zuten zortzi emakume

Farmakologia saileko irakasleak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2025/02/27

Teresa Morera Herreras eta Nerea Jaureguizar | Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation-en argitaratu da.

Badakizu nork sortu zuen leuzemiaren kontrako lehen farmako eraginkorra? Edo zelan eragotzi zen talidomidak ehunka biktima eragitea Amerikako Estatu Batuetan? Eta zein emakume ikertzailek deskubritu zuen malariaren kontrako tratamendu garrantzitsuenetako bat? Farmakologiaren historian emakume askok egin dituzte funtsezko ekarpen zientifikoak, nahiz eta sarritan beren lorpenei ez zaien eman mereziko luketen oihartzuna, historian hainbatetan gertatu den bezala.

Halako zortzi figura ekarriko ditugu hemen gogora, medikuntzaren aurrerapenerako erabakigarriak izan zirenak.

1. Alice Ball (1892-1916): legenarraren kontrako “Ball metodoa”

Kimikari eta farmazialari estatubatuar honek legenarrerako lehen tratamendu eraginkorra garatu zuen: soluzio bat sortu zuen ‘chalmoogra’ (‘Hydnocarpus wightianus’) izeneko landare baten olioan dauden printzipio aktiboekin. Uretan disolbagarria zen, eta injektagarria.

“Ball metodoa” terapia eraginkorra eta segurua izateaz gain, lagungarria izan zen legenarrak jotako gaixoen estigma ezabatzeko. Zoritxarrez, Ball 24 urte besterik ez zuela hil zen, eta beste zientzialari batek jarraitu zuen hark hasitako lanarekin. Laurogeita hamar urte igaro behar izan ziren Hawaiiko Unibertsitateak aitorpena egin ziezaion Ballen lorpenari.

2. Zoe Rosinach Pedrol (1894-1973): tratamendu farmakologiko pertsonalizatuak

Farmaziako lehen emakume doktorea izan zen Espainian, eta medikuntza zientzien aitzindaria Katalunian. Rosinachek berebiziko ekarpena egin zuen tratamendu farmakologikoak hobetzeko eta pertsonalizatzeko. Bere ikuspegi berritzailearen gakoa izan zen pazienteen ezaugarri fisiologiko eta metabolikoak kontuan hartzea, bereziki umeenak eta emakumeenak.

3. Leila Denmark (1898-2012): kukurruku eztularen kontrako lehen garaipena

Joan den mendeko hogeiko eta hogeita hamarreko hamarkadetan, Denmarkek parte hartu zuen kukurruku eztularen kontrako lehen txerto eraginkorra garatzeko lanean. Immunizazioak ‘Bordetella pertussis’-en bakterio hilak zerabiltzan, eta milioika ume babestu zituen gaixotasun kutsakor eta hilgarri horretatik. Gaur egun, txerto hori oraindik dago osasun sistemetako txertaketa programetan, tetanosaren eta difteriaren kontrako txertoekin konbinatuta.

Leila 103 urteetara arte egon zen lanean, eta haren ikerketak zimentarri sendoak ezarri zituen pediatrian eta immunologian.

4. Dorothy Crowfoot Hodgkin (1910-1994): biomolekulen sekretuen bila

Dorothy Hodgkin kimikari eta kristalografo britainiarrak X izpien difrakzioa erabili zuen -tresna horrekin kristal baten barruko geometria tridimentsionala iker daiteke- biomolekula askoren egitura aztertzeko, hala nola B12 bitaminarena, intsulinarena eta penizilinarena. Azken horren egitura ezagutzeari esker, antibiotiko berriak garatu ahal izan ziren, eta intsulinarena ezagutzeak iraultza ekarri zuen diabetesaren tratamendura.

Hodgkinek Kimikako Nobel saria irabazi zuen 1964an, eta gaur egun eredugarri izaten jarraitzen du emakume zientzialari askorentzat.

5. Frances Oldham Kelsey (1914-2015): hondamendi bat eragotzi zuen

Kanadako farmakologo honek lan egin zuen Amerikako Estatu Batuetako Elikagai eta Botika Administrazioan (FDA), eta giltzarria izan zen AEBn talidomida onar ez zedin, Kelseyk azterlan gehiago eskatu zituelako botika hori segurua zela bermatzeko. Eta arrazoia zuen hainbeste tematzean, gerora tragikoki frogatu zenez: farmakoa Europan eta Afrikan onartu zen, haurdunen goragaleen eta gonbitoen aurkako sendagai moduan, eta jaiotzetiko malformazio larriak eragin zizkien 46 herrialdeko 10.000 umetxori baino gehiagori.

Frances Oldham Kelseyren ausartasunak eta ekintasunak tragedia galarazi zuen AEBn, eta ez hori bakarrik: oinarri sendoak jarri zituen botiken segurtasunari buruzko ikerketarako.

6. Gertrude Belle Elion (1918-1999): berarekin antimetabolitoak heldu ziren

Biokimikari eta farmakologo estatubatuar honek gizakien zelula normalen eta patogenoen arteko desberdintasun biokimikoak ikertu zituen. Zelula gaiztoei eraso egin bai, baina haien ostalariei kalterik egingo ez zieten farmakoak sortzea zuen helburu.

Bere ikerketak antimetabolitoen erabilera izan zuen ardatz. Antimetabolitoak dira substantzia batzuk zeinen egitura kimikoak antz handia duen gure gorputzeko metabolito jakin batzuen egiturarekin. Antimetabolitoak metabolitoekin lehia daitezke, edo haiek ordezkatu. Elionen lanari esker, 6-merkaptopurina sortu ahal izan zen, leuzemiaren kontrako lehen farmako eraginkorra, bai eta azatioprina ere, organo transplanteen errefusaren aurkako lehen botika eraginkorra. Gainera, erretiroa hartu ostean eta ikertzaile emeritua zela, Elionek hiesaren aurkako lehen botika sortzen lagundu zuen,  zidovudina.

Gertrude Belle Elionek Fisiologia edo Medikuntzaren arloko Nobel saria jaso zuen 1988an.

7. Elisabeth Bugie Gregory (1920-2001): estreptomizinaren aurkikuntzan baztertua

Mikrobiologo hau Selman Waksman gizonezko biokimikari eta mikrobiologo estatubatuarraren lantaldeko kidea zen, eta parte hartze aktiboa izan zuen estreptomizinaren aurkikuntzan. Berrogeiko hamarkadan, tuberkulosia heriotzaren kausa nagusia zen munduan, eta estreptomizina haren aurkako lehen antibiotiko eraginkorra izan zen.

Farmakoa patentatu zutenean, baina, Bugieren izena ez zen agertu bere gizonezko kideenen artean. “Egunen batean ezkonduko zara eta familia bat izango duzu, eta ez dio axola zure izena patentean ez agertzeak”, esan zioten. Waksmanek Fisiologia edo Medikuntzaren arloko Nobel saria eskuratu zuen 1952an aurkikuntza horrengatik.

8. Tu Youyou (1930): urrats erabakigarria malariaren kontrako borrokan

Tu Youyou, Txinako zientzialari, mediku eta farmazia arloko kimikariak medikuntza txinatar tradizionaleko errezetak ikertu zituen metodo zientifikoaz. Artemisinina aurkitu zuen horrela, Asteraceae familiako landare batetik ateratako substantzia bat, gaur egun botikarik eraginkorrenetako bat dena malaria tratatzeko, batez ere beste medikamentu batzuekin emaitza onik lortzen ez den kasuetan.

Fisiologia edo Medikuntzaren arloko Nobel saria irabazi zuen 2015ean, eta haren lana zientzia modernoaren eta tradizioaren uztarketaren adibide bikaina da.

XXI. mendean, Espainiako emakume ikertzaileek ere egin dute ekarpen garrantzitsurik farmakoen ikerketara. Hain artean aipa genitzake, beste askoren artean: Margarita Salas (DNAren erreplikazioari buruzko haren ikerketek oinarriak ezarri zituzten minbizia tratatzeko farmako berrien garapenerako), Ángeles Pérez-Medina (diagnostiko tresna berriak sortu ditu tratamendu farmakologikoak pertsonalizatzeko) edo Margarita del Val (haren lana funtsezkoa izan da erantzun immunologikoak hobetzeko eta txertoen eraginkortasuna areagotzeko).

Emakume hauek utzitako ondarea erreferentea da, eta ahalduntzeko akuilua, gaurko eta etorkizuneko emakume zientzialarientzat.

The Conversation