EVOLUTION proiektuaren mugaz gaindiko jardunaldiak UPV/EHUn
Lehenengo argitaratze data: 2025/01/15
![](https://www.ehu.eus/documents/59339073/59873470/jornada-evolution-2025_web.jpg/9bce3f43-b112-f106-2a3a-630c9a22bf11?t=1737621021191)
EVOLUTION proiektuaren esparruan, mugaz gaindiko jardunaldiak antolatu ziren Donostian, Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean. Proiektu horren helburua da haur eta nerabeak babesteko sisteman murgilduta dauden adingabeei laguntza ematea, beren hezkuntza eta orientazioa sustatuz eta horrek duen garrantzia azpimarratuz, betiere, helburuak lortzeko bultzadak emanez. Bide horretan, oso kontuan izan behar dira babes sistemak oraindik dituen hiru erronka: babes sistematik irtendakoan haurrei helduarora igarotzeko laguntza ematea; sare sozialen erabilera bideratzea, eta haur eta nerabeei inguru digital segurua emateko laguntza profesionala eskaintzea; eta goi mailako hezkuntzara iristeko aukerak bermatzea.
Interreg POCTEFA programaren finantzaketa jasotzen du proiektu honek, eta mugaz gaindiko eskualdeko zazpi kidek eramaten dute aurrera (Etcharry Formazioa; Euskal Herriko Unibertsitatea; Gipuzkoako Foru Aldundia; Nazaret Fundazioa; Deustuko Unibertsitatea; Pirinio Atlantikoetako Departamentua; Euskal Kostaldeko Ospitale Zentroa; Adoenia, Euskadiko Nerabeen Etxea), gizarte eta hezkuntza arloko 24 erakunderekin batera.
Jardunaldiak hasteko, mahai instituzional batean bildu ziren hainbat kide: Belén Larrión, Haurren Babeseko, Gizarte Inklusioko eta Emakumeen Aurkako Indarkeria Matxistaren Arretako zuzendari nagusia; Christophe Bielecki, Pirinio Atlantikoetako Haurtzaro, Familia eta Osasun Publikoko kontseilaria; Amélie Dasse, Etcharry Fundazioko nazioarteko proiektuen arduraduna eta EVOLUTION proiektuko koordinatzailea; Jean Phillipe Nicote, Etcharry Fundazioko zuzendaria; eta Joana Miguelena, UPV/EHUko irakaslea eta euskal unibertsitate publikoan EVOLUTION proiektuan diharduen ekipoko ikertzaile nagusia.
Jardunaldietan, proiektuaren aurrerapenen berri emateko, Gipuzkoako eta Pirinio Atlantikoetako babes sistemetan dauden haur eta nerabeek sare sozialei eta teknologia digitalei ematen dieten erabilerari buruz egindako diagnostikoa aurkeztu zen, baita lortutako atariko ondorioak ere. Datu eta ondorio horiek berretsi zituen Carmen Ruiz Repullok, Granadako Unibertsitateko irakasle eta sare sozialetan gertatzen den indarkeria matxistan adituak.
Halaber, babes sisteman sartuta dauden nerabeen hezkuntzari buruzko diagnostikoa ere aurkeztu zen, eta nerabeen ustez goi mailako ikasketetara iristeko gako diren giltzarriak eman ziren ezagutzera; besteak beste, UPV/EHUren ARRAKASTA programaren berri eman zen. Unibertsitateko arrakasta akademikorako programa da ARRAKASTA, zeina unibertsitateak 2017an jarri baitzuen martxan Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako foru aldundiekin lankidetzan.
Euskal Herriko Unibertsitateko lantaldeak egin eta aurkeztu zituen bi diagnostikoak, hain zuzen ere, IkasGaraia eta Gandere ikertaldeek (Joana Miguelena, ikertzaile nagusia; Maria Dosil, Amaia Lojo, Eider Oregui, Sandra Rodriguez, Aintzane Rodriguez eta Esther Uria). Biak ala biak lehen pauso garrantzitsua dira haur eta gazteen kolektiboari laguntza hobea emateko eta hezkuntzan zein jendartean aukera berdintasuna bultzatzera bideratutako estrategiak pentsatu eta diseinatzeko.