2021-2025 agintaldiko balantzea aurkeztu du Eva Ferreirak
Aurrekontua areagotzea, langileak finkatzea eta lankidetzan oinarritutako prestakuntza eta ikerketa sustatzea: horiek dira agintaldiaren gako nagusiak
Lehenengo argitaratze data: 2025/01/24
Agintaldi honen bukaeraren harira, lau urteotan egindako lanaren balantzea aurkeztu du Eva Ferreiraren errektorego taldeak, hala unibertsitateko kideen aurrean, nola Euskal Autonomia Erkidegoko jendartearen nahiz erakunde publikoetako ordezkari eta eragileen aurrean.
Bukatzear dagoen agintaldia 2021eko urtarrilaren 25ean hasi zen, pandemiak eragindako testuinguru zailean. Lehendabiziko urte hartako lorpen garrantzitsuenetako bat izan zen ikasturtea bikain bukatu izana; izan ere, egoki uztartu ziren online tresnak eta, ahalik eta neurri handienean, aurrez aurreko eskolak.
Hurrengo ikasturtean entzute aktiboan oinarritutako prozesu bat jarri zen martxan, zeinaren bitartez onartu eta garatu baitzen (adostasun handiz) Plan Estrategikoa. Hari esker, zenbait plan espezifiko onartu dira gerora, unibertsitateko lana sustatu dutenak hainbat arlotan: graduondoko eta etengabeko prestakuntzaren eskaintza; euskararen erabilera unibertsitateko prestakuntzan eta egunerokoan; ikerketa eta ezagutzaren transferentzia; ikasleen parte-hartzea; nazioartekotzea; inklusioa; berdintasuna; eta komunikazioa.
Eusko Jaurlaritzarekin batera landu da 2023-2026 aldirako Unibertsitate Plan berria, eta horrek aukera eman du UPV/EHUra bideratutako inbertsioa handitzeko, eta, ondorioz, langileak ugaritu eta finkatu daitezen errazteko. Eraikinen mantentze eta birgaitze lanetara bideratutako finantzaketa sendotu egin da, eta Bizkaia nahiz Gipuzkoan Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikin berriak egiteko aurrekontua bermatu da. Programa kontratuen asmoak handiagoak dira orain, eta finantzaketa handiagoa jasotzen dute. Aurrerapen handia da hori aurreko planekin alderatuta, eta abiapuntu egokia da Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoak proposatzen duen finantzaketa ereduari begira (unibertsitate publikoan BPGaren % 1eko inbertsioa).
Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetatik inbertsioa handituta, eta kanpoko baliabideak erakarrita (100 M€ baino gehiago urtean), aurrekontua % 22 inguru handitzea lortu du euskal unibertsitate publikoak. Hori horrela, adostutako plangintzari eta lortutako baliabideei esker UPV/EHUk 2025. urtean duen egoera aurkeztea da balantze honen helburua. Datuak ez dira zehatzak, baina azpimarratzeko moduko emaitzak erakusten ditu; emaitza berritzaileak, oihartzun sozial handikoak, eta eragin kuantitatibo edo kualitatibo nabarmena dutenak.
Emaitza adierazgarriak dira, besteak beste, prestakuntza eskaintzaren handitzea eta graduondoko ikasleak erakartzeko gaitasuna % 15 hobetzea. Zientzia eta transferentzia arloan, adibidez, UPV/EHU liderra da Euskadin; gainera, Estatu mailan spin-off enpresak sortzen lehendabiziko unibertsitatea izan da, eta bigarrena kanpoko baliabideak erakartzen, baita dibulgazioan ere. Horretaz gain, munduko 400 unibertsitate onenen artean dago, Shangaiko rankingaren arabera.
Balantzean aurkeztu dira, halaber, eragin sozialari lotutako zenbait adierazle, hainbat neurri solidario eta euskararen eta euskal kulturaren sustapenari lotutako emaitzak. Azken horri lotuta, ezin ahaztu daitezke, besteak beste, bi katedra berriren sorrera edota bost Bikain ziurtagiri lortu izana.
Irakasle-ikertzaileei (IRI) eta Teknikariei eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileei (TEKAZEL) buruzko datuak ere jasotzen dira dokumentuan: esaterako, laguntzaile doktoreen ia 1.000 plaza sortu dira, TEKAZELen %92 baino gehiago egonkortzea lortu da, eta lan baldintzak hobetzeko hitzarmenak sinatu dira. Ezin ahaztu ikasleen unibertsitateko bizitza hobetu duten hainbat berrikuntza, sortu berri den entzute eta erantzute sareari esker lortu direnak.
Gobernantza eta baliabideen ardatzari buruzko datuak emanez amaitzen da balantzea: gobernantza gardenagoa lortzeko baldintzak eta campusetako azpiegiturak hobetzeaz gain, nabarmentzekoak dira hainbat kontsumo murriztea ahalbidetu duten neurriak (% 50 eta % 17 aurreztu da gas eta elektrizitatean, hurrenez hurren).
Eva Ferreira errektorearen hitzetan, “asko dago egiteko, jakina, baina egindako bideak aukera ematen digu etapa hau harrotasunez bukatzeko. 2025. urtean, unibertsitate publiko sendoa dugu: gizartea eta lurraldea egituratzen dituen eragilea gara; zientzia, teknologia eta berrikuntzarako euskal sarea ardazten duen eragilea; eta askotariko jakintza arloak antolatzen dituena”.
"Lan kolektiboaren emaitza da orain arte lortutako guztia –gaineratu du–. Proiektu bakoitzak izen zerrenda luzea du atzetik, eta horiek gabe ezinezkoa zatekeen hau guztia lortzea. Izen horien atzean daude fakultateak, eskolak, ikerguneak, institutuak, sailak, batzordeak, negoziazio mahaiak, aliantzak eta erakunde laguntzaileak, … baita hamaika izen propio ere, beren lanpostuetatik diharduten profesionalenak, eta ikasgela, biblioteka, tailer eta laborategietan aritzen diren ikasleenak”.
Bukatzeko, proiektu honen buru izateaz harro agertu da errektorea, eta onena opa izan die bai gobernu talde berriari, bai unibertsitate publiko osoari.