Jokoaren Euskal Behatokiaren ‘Prebalentzia, Euskadiko jokalarien ohiturak eta profilak’ izeneko azterlan berriak, Jonatan García UPV/EHUko Soziologia eta Gizarte Lan Saileko irakasle agregatu eta ikertzaileak zuzendutakoak, euskal gizartean jokoaren presentzia handia dagoela berresten du.
Euskal gazteen % 47k kirol-apustuak egiten ditu
Jokoaren Euskal Behatokiaren azken txostenak gure gizartean jokoaren presentzia handia dagoela berresten du
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2025/02/13

Bildutako datuen arabera, biztanleriaren % 92,8k noizbait jokatu du bere bizitzan, eta % 85,8k, berriz, azken urtean. Aurreko azterlanarekin alderatuta, igoera esanguratsu hori (% 70,5, 2020an), hein handi batean, Gabonetako loteria eta Niño ausazko jokotzat hartzeagatik gertatu da; izan ere, modalitate hori ez da beti horrelakotzat hartu izan. Loteria Nazionala (% 92,2), Primitiboa (% 37) eta ONCEren kupoia (% 16,6) daude lehen postuetan.
Ikerketaren aurkikuntzetako bat online jokoaren gorakada da, batez ere gazteen artean (18-24 urte). Bitartean, aurrez aurreko jokoak nagusi izaten jarraitzen du 45 urtetik gorakoen artean.
Adin tarte handienen artean, ONCEren kupoia eta loteriak dira jokorik ohikoenak. Bestalde, gazteen artean, kirol-apustuak dira ohikoenak (% 37,1 aurrez aurre eta % 9,7 online), eta, ondoren, bingoak (% 22,6 aurrez aurre eta % 1,6 online) eta kasinoak (% 17,7 aurrez aurre eta % 6,3). Hala ere, ezohiko loteriek ere garrantzia dute Gabonetan (% 48,8).
Jolasteko arrazoiei dagokienez, gazteen gehiengoak (% 32,3) dibertsioa aipatzen du, eta 65 urtetik gorakoen artean, berriz, tradizioa da faktore nagusia (% 54,1).
Generoen eta maila sozioekonomikoaren aldea
Txostenak azpimarratzen du, halaber, ausazko jokoetako parte-hartzea nabarmen aldatzen dela generoaren arabera. Gizonek eta emakumeek antzeko proportzioetan jokatzen badute ere, joko mota gogokoenak eta jokatzeko arrazoiak oso desberdinak dira.
Gizonek kirol-apustuak, kinielak eta txanpon-makinak nahiago dituzte, bai aurrez aurreko bertsioan, bai online bertsioan. Bereziki, kirol-apustuak argi eta garbi maskulinizatuta daude: gizonen % 9,8k bertan parte hartzen dute, eta soilik emakumeen % 2,8k. Online bertsioan, gizonen % 2,2k jokatzen du, eta kategoria horretan ez da emakumeen presentziarik erregistratzen.
Aitzitik, emakumeek nahiago dituzte joko tradizionalagoak eta sozialki onartuak daudenak, hala nola Loteria Nazionaleko ezohiko zozketak, non gizonek baino gehiago parte hartzen duten. Gainera, gizonek bakarrik jokatzen dute gehienbat (% 42,7), eta emakumeek, berriz, senideekin (% 38,2).
Txostenak azpimarratzen du, halaber, goi-mailako ikasketak dituzten pertsonek dituztela joko problematikoan indizerik baxuenak, eta % 0,3 bakarrik daude arriskuan. Aitzitik, oinarrizko ikasketak dituztenen joko patologiko larriaren tasa batez bestekoa baino hiru aldiz handiagoa da, eta % 1,5era iristen da. Datu horiek adierazten dute hezkuntza-maila faktore babeslea izan daitekeela; izan ere, prestakuntza handiagoa duten pertsonak, badirudi, jokoaren arriskuez gehiago jabetzen direla eta parte hartzeko ohiturak hobeto kudeatzen dituztela.
Arriskuan dauden pertsonak
Azterlanak, halaber, osasun publikoaren ikuspegitik jorratzen du jokoaren problematika. Horretarako, DSM-V eskala erabili da, jokoarekiko mendekotasuna ebaluatzeko nazioarteko estandar bat. Emaitzen arabera, EAEko biztanleriaren % 1,5 joko problematikoaren faseren batean egon daiteke. Talde horretan, % 0,8 joko patologikoko egoeran dago (arina, ertaina edo larria), eta % 0,7k arazoak izateko arriskua du.
Termino absolutuetan, kalkulatzen da Euskadin 20.000 pertsona inguruk dutela joko-nahasteren bat, nahiz eta horietako 2.000 bakarrik dauden egoera larrian.
Gainera, azterlanaren arabera, biztanleriaren % 7,5ek ezagutzen du jokoarekin arazoak izan dituen norbait, eta ehuneko hori % 16,7ra igotzen da gertueneko inguruneaz galdetzen zaionean.