euskaraespañol

Europako DTRIP4H proiektuan parte hartuko du UPV/EHUko NanoBioCel taldeak

Abangoardiako teknologien bidez osasun arloko ikerketarako azpiegiturak eraldatzea du helburu

Lehenengo argitaratze data: 2025/02/06

NanoBioCel ikerketa-taldearen bioinprimagailua. | Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Euskal Herriko Unibertsitateak Europako ‘Decentralized Health Digital Twin Ecosystem Consisting of Research Infrastructures - DTRIP4H’ proiektuan parte hartuko du, Arabako Campuseko NanoBioCel ikertaldearen bidez eta terapia farmazeutiko aurreratuen Joint Research Lab-en (JRL) bidez. 11,9 milioi euroko zuzkidura du proiektuak. Urtarrilean jarri da martxan proiektua, Tallinnen (Estonia) egindako bilera batean.

Zehazki, Use Case 4 lantaldearen parte izango da NanoBioCel, beste erakunde batzuekin batera. Lantalde horrek ikuspegi berritzailea proposatzen du minbiziaren baheketa eta pronostikoa egiteko. Horretarako, biki digitaletan (DT) oinarritutako tumore nitxoak erabiltzen ditu, eta eredu gisa animaliak erabiltzea saihesten du. 3D bioinprimatzearen bidez sortzen dituzte nitxo horiek. Hala, tumorearen mikroingurunea imitatzen dute, eta tumoreen sorrera eta erantzun terapeutikoak aztertzeko aukera ematen dute, ingurune kontrolatu batean. Proiektuak eredu fisikoak eta digitalak konbinatzen ditu minbiziaren bilakaera iragartzeko; horretarako, datu geometrikoak, biomekanikoak eta molekularrak bateratzen ditu.

Hiru arlotara bideratzen da taldearen lana:

  1. Aurrerapausoak diagnostiko goiztiarrean, diana farmakologikoak eta medikuntza pertsonalizatua.
  2. Kode irekiko plataforma, datuetarako eta eredu digitaletarako sarbidea globala izan dadin.
  3. Minbiziaren tratamendu pertsonalizatuaren arloari laguntzea, animalia ereduekiko mendekotasuna murriztuz eta ikerketa onkologikoaren eraginkortasuna hobetuz.

Horren bitartez, 3D bioinprimatzea, biki digitalen teknologiak eta simulazio aurreratuak konbinatu nahi dira, soluzio etikoagoak, zehatzagoak eta pertsonalizatuagoak eskainiz minbiziaren ikerketa eta tratamendua iraultzeko.

UPV/EHUko ikertaldeak 657.000 euro jasoko ditu lau urteko epean, 2025eko urtarrilean hasita.

Ikerketarako azpiegiturak eraldatzea

Europako adituen partzuergo batek osatzen du DTRIP4H proiektua, eta Horizonte Europa programaren dirulaguntza handia jaso du. Europako osasungintzako ikerketarako azpiegiturak eraldatzea da proiektuaren helburua. Horretarako, abangoardiako AA sortzailea eta biki digitalen teknologiak erabiliko dituzte, errealitate birtualarekin (RV) bateratuta. Hala, sistema fisikoen eredu birtualak sortuko dituzte, eta, horien bidez, mundu errealeko prozesuak probatu eta hobetu ahal izango dituzte ikertzaileek. “Europako ikerketa ahalmena indartzean datza, premiazko osasun erronkei aurre egiten dieten ikerketarako azpiegitura guztietan aktiboak eta gaitasun kritikoak eskuratzea saihesten duten arrakalak itxiz”, esan du José Luis Pedrazek, NanoBioCel taldeko ikertzaile nagusiak.

Fokua pertsonengan jartzen du proiektuak. Azken belaunaldiko ikasketa federatuko (FL) metodoak eta DT teknologiadun AA sortzailea erabiliko ditu, EBren datuen estrategiarekin (COM 2022066) bat etorriz. Modu horretan, biki digitalen ingurune bat garatuko du (DDTE), kode irekikoa, deszentralizatua, fidagarria eta pribatutasuna zaintzen duena, osasungintzako ikerketarako DT soluzioetan aurrerapausoak emateko helburuz.

Tresna digital aurreratu horiek datuak ikusteko, aztertzeko eta eskuratzeko gaitasun handiagoa emango diete ikertzaileei. Horrek, azken batean, osasun arloko ikerketa bultzatuko du, osasun kostuak murriztuko ditu eta terapia berrien garapena bizkortuko du, abangoardiako teknologiari esker. Berrikuntza horrek osasun arloko etorkizuneko ikerketa eta arreta bultzatzen ditu, eta sarbidea, interoperabilitatea eta integrazioa hobetzen ditu Europako osasungintzako ikerketaren arloan.

Partzuergoko kideak

Europako 14 herrialdetako 23 onuradun eta 3 erakunde afiliatu biltzen ditu partzuergoak. Horien artean daude unibertsitateak, enpresa handiak, ospitaleak, ETEak eta puntako ikerketa azpiegiturak, hala nola Medikuntza Traslazionalaren Europako Azpiegitura (EATRIS) eta Ingurumen Esposizioaren Ebaluazioari buruzko Ikerketa Azpiegitura (EIRENE). Taldeak diziplina anitzeko esperientzia du teknologian, osasun arretan, ikerketan eta garapenean. Ondorioz, gizartearentzako onura nabariak izango ditu abangoardiako ikerketak.

Zehazki, honako hauek dira partzuergoko kideak:

  • Estonia: Tallinngo Unibertsitate Teknologikoa, Protobios.
  • Finlandia: Laponiako Zientzia Aplikatuen Unibertsitatea, Ouluko Unibertsitatea, Metropoliako Zientzia Aplikatuen Unibertsitatea, Helsinkiko Unibertsitatea, Near Real Ltd, Ouluko Zientzia Aplikatuen Unibertsitatea.
  • Lituania: TeraGlobus.
  • Alemania: DigitalTwin Technology, NEC Laboratories Europe (NEC Italia S.p.A.), Municheko Ludwig Maximilian Unibertsitatea (Municheko Unibertsitateko Ospitalea).
  • Italia: Chino.io, Boloniako Unibertsitatea.
  • Espainia: Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea.
  • Portugal: Pedro Nunes Institutua.
  • Belgika: Osasunaren Kudeaketarako Europako Elkartea (EHMA).
  • Herbehereak: Sync Biosystems (Demcon taldea).
  • Txekia: Masaryk Unibertsitatea.
  • Errumania: Adimen Artifizialeko aditua.
  • Frantzia: Informatika eta Automatikako Ikerketarako Institutu Nazionala.
  • Grezia: HELLAS Ikerketa eta Teknologia Zentroa.
  • Zipre: LINAC-PET SCAN OPCO LTD (Onkologia Zentro Alemaniarra).