-
UPV/EHUko bost graduatu, BAME probetako 100 onenen artean
-
Joxerramon Bengoetxea: «Lehenik premia larriei erantzungo diegu»
-
Mikel Bernal UPV/EHUn graduatu den psikologoa bigarren BAPE probetan
-
In memoriam: María Rosario Aurrecoechea Zubiaur
-
Kazetaritza: desberdintasunaren konplize ala aldaketarako eragile?
Generoak, adinak eta erabilerak baldintzatzen dute teknologiek nerabeengan duten eragina
15 ikerlanen emaitzak aurkeztu ditu EU Kids Online sareak, zeinaren parte baita UPV/EHUko IRTIS ikertaldea
Lehenengo argitaratze data: 2025/02/10
![](https://www.ehu.eus/documents/59339073/60619653/UPV-EHU-adolescentes-abuso-tecnologia-eukids-online.jpg/0e7b1ac0-53ef-6c6a-5014-fd2695935853?t=1739175887494)
Internet Seguruaren Eguna (Safer Internet Day) izango da otsailaren 11n
EU Kids Online sareak egindako azken ikerketen emaitzen arabera, generoak, adinak, gailu eta aplikazioen erabileraren maiztasunak eta erabilera patroiek zehazten dute, neurri handi batean, teknologiak nerabeengan dituen ondorioak onuragarriak edo kaltegarriak izango diren.<0} Nerabe batzuek ondorio positiboak izaten dituzte, eta beste batzuek negatiboak; hortaz, oso konplexua da teknologiaren erabileraren eta ongizatearen arteko lotura. David Smahel ikertzaile nagusiak azaldu duenez, baliabide digitalei buruz ari garenean ezin da ondorio unibertsalez hitz egin. Baliabide horiek nola erabiltzen diren, halakoa izango da eragina. Nerabe batzuek eduki biolentoak kontsumitzen dituzte; eta beste batzuk, ordea, ikasteko eta informazioa biltzeko sartzen dira interneten. Sare sozialak, adibidez, onuragarriak eta kaltegarriak izan daitezke aldi berean; hau da, erabileraren araberakoak izango dira ondorioak. Era berean, alde handiak daude nerabe batetik bestera, bakoitzak bere modura kudeatzen baititu online esperientziak: batzuek egoki bideratzen dituzte internetek dakartzan egoerak, eta beste batzuk estu ibiltzen dira horien ondorioei aurre egiteko.
Smartphonea erabiltzeko moduak eta maiztasunak estres handiagoa eragiten dute erabilera denborak baino
Smartphoneen erabileraren eta estresaren artean dagoen lotura aztertu du ikertaldeetako batek, eta ondorioztatu du zenbat eta gehiago erabili smartphonea, orduan eta handiagoa dela estres maila nerabeen %20rentzat. Hala eta guztiz ere, smartphoneak erabiltzeko modua adierazgarriagoa da erabilera denbora bera baino. Izan ere, egunean zehar telefonoa etengabe erabiltzen duten nerabeek estres maila handiagoak agertu dituzte. MichaelaŠSaradín Lebedíková ikertzailearen arabera, emaitzek agerian uzten dute garrantzitsuena ez dela pantailen aurrean ematen den denbora soilik; alegia, erabilera motak ere eragin nabarmena duela. Azpimarratu du familiek eta irakasleek, erabilera denboraz gain, erabileraren maiztasuna ere aztertu beharko luketela. Horretarako, badira hainbat estrategia telefonoa erabiltzearen alderdi estresagarriak apaltzen laguntzen dutenak, hala nola jakinarazpenak mugatzea.
Social gaming direlakoek ez dute depresio egoerarekin lotura nabarmenik
Beste ikertalde batek aztertu zuen zer lotura dagoen online joko sozialen (social gaming), depresio egoeren eta bakardadearen artean. Emaitzen arabera, online joko sozialek eragindako aldaketek ez dute zertan depresio egoeran ondorio nabarmenik izan. Hala ere, joko sozialen erabilera areagotzearekin lotu izan da bakardade sentimenduaren beherakada txikia, nahiz eta aldeak egon diren generoaren arabera. David Lacko ikertzaileak iradoki du neskek eta mutilek jokatzeko dituzten motibazioa ezberdina izatea dela alde horien arrazoi nagusia. Emaitzek erakutsi dute neska batzuentzat depresiotik ihes egiteko mekanismoa izan daitezkeela jokoak, eta hori ez da mutilen artean antzeman. Edonola ere, lotura hori sakontasun handiagoz aztertzeko ikertzen jarraitu beharra dago.
Lotara joan aurretik ordenagailuak erabiltzeak eragin handiagoa du atsedenean smartphonea erabiltzeak baino
Ongizate psikologiko eta sozialaz gain, teknologiak loaren gainean duen eragina ere aztertu da. Ikerketa baten arabera, lotara joan aurretik smartphonea erabiltzeak nabarmen eragiten du loaren kalitatean. Espero ez bezala, oheratu aurretik telefonoa erabiltzen zuten nerabeak lehentxeago joaten ziren ohera, eta luzeago egiten zuten lo. Ordenagailua gehiago erabiltzeak, ostera, eragin negatiboa du oheratzeko orduari dagokionez. Ondoriozta daiteke, hortaz, smartphonea lagungarri izan daitekeela atsedenean eta, oro har, teknologiaren erabilerak atsedenean dituen ondorioak konplexuak direla, erabiltzen den gailuaren araberakoak.
Orokorkeriak saihestea eta norbanakoaren ezaugarrien garrantzia
Emaitzek, oro har, agerian utzi dute teknologia digitalaren erabilerak nerabeen ongizatean dituen ondorioak ezberdinak izan daitezkeela. Ikerketa gehienen arabera, teknologiek eragin txikia dute gizarte ongizateari lotutako alderdietan, hala nola babes sozialean edo jendetasunean. Aitzitik, ongizate fisikoa aztertzeko orduan, generoen arteko aldeak azaleratu dira, bereziki gorputzaren pertzepzioari eta horri lotutako faktoreei dagokienean.
Emaitzek, hortaz, zalantzan jartzen dute teknologiak nerabeengan dituen ondorioak uniformeak direnik, eta norbanakoen ezaugarriak kontuan hartzeko beharra nabarmentzen dute. Ikertzaileek ohartarazi dute arriskutsua dela teknologiari buruz orokortzea edo debeku zorrotzak ezartzea, baita, bereziki, ebidentzietan oinarritzen ez diren neurriak hartzea ere. Horrekin batera, azpimarratu dute teknologia digitalen interakzioa ulertzeko orduan, ñabardura gehiago hartu behar direla kontuan; hau da, nerabeek gailuei ematen dieten erabilera aztertzeko orduan, erabileraren beraren ezaugarri eta patroiak kontuan hartu behar direla.
Emaitza guztiak txosten honetan daude eskuragarri (EU Kids Online proiektua): https://www.ehu.eus/eu/web/eukidsonline/
Estrapolatzeko moduko emaitzak
Txosten honetan jasotako emaitzak Txekiako nerabeei badagozkie ere, EU Kids Online sarearen esparruan hainbat ikerketa egin dira Europan zehar. Bada, horien arabera, nerabeek internet erabiltzeko dituzten ohiturak antzekoak dira herrialde guztietan eta, oro har, adinaren araberakoak dira alderik nabarmenenak. Hala, aztertu diren herrialdeetako aurrenerabeek antzeko jokabideak dituzte eta nerabeek elkarren antzera jokatzen dute, edozein direlarik ere testuinguruari lotutako gainerako ezaugarriak. Hori horrela, EU Kids Online UPV/EHU osatzen dugunoi interesgarria iruditzen zaigu txosten honen emaitzak partekatzea, Espainiako nerabeen testuingurura estrapolatzeko modukoak direlakoan.
Gure ikerketa jardunari dagokionez, aurreikusi da hilabete honetan bertan amaituko dugula EU Kids Online V inkestari lotutako landa lana, penintsulako 60 ikastetxetan baino gehiagotan egindakoa. Europako Batzordeak finantzatu du ikerketa hau, SIC-Spain 4.0 proiektuaren esparruan (DIGITAL-3023-DEPLOY). 10 eta 16 urte bitarteko nerabeekin egin da, haren helburua izan delarik alfabetizazio digitalerako politikak hobetzen laguntzea eta, aldi berean, kolektibo zaurgarrienak identifikatzea, haiengan zentratu daitezen segurtasun digitala hobetzera bideratutako neurriak, baita beren eskubideak babestu eta garatzera bideratutakoak ere.