Estíbaliz Sáez de Cámara izendatu dute Garapen Jasangarrirako Espainiako Sareko presidente
Politika publikoetan aliantzak eta ekintzak bultzatzen dituen elkartea da, hiri- eta landa-eremuan Garapen Iraunkorreko Helburuetan aurrera egiteko
Lehenengo argitaratze data: 2025/02/12
Estíbaliz Sáez de Cámara, Euskal Herriko Unibertsitateko Iraunkortasunaren eta Gizarte Konpromisoaren arloko zuzendaria, Garapen Jasangarrirako Espainiako Sareko presidente izendatu berri dute (REDS SDSN Spain). Osasun, Gizarte Politika eta Berdintasun ministro ohi eta gaur egun eurodiputatu Leire Pajín ordezkatu du karguan; azken hori, Zuzendaritza Batzarretik irten eta entitateko Aholku Batzordean sartu da. Estíbaliz Sáez de Cámarak kargua onartu du 2020. urtetik aurrera eragile anitzeko sare horretan lehen zuzendariordea izan ondoren.
Izendapen hori akademiaren aldeko apustua da garapen jasangarriko prozesuetako lidergoan eragile estrategiko gisa. Gainera, Estibalizen izendapenak agerian jartzen du estatu mailako zein nazioarteko irismena duen sare batean (SDSN) eskualdeen (hala nola, Euskadi) ikuspegia eta berezitasunak barne hartzearen garrantzia. “REDSen presidentzia ilusio eta ardura handiz hartu dut. Izan ere, azelerazio handiari egin behar diogu aurre testuinguru globalean, eta ezin ditugu bazter utzi 2030 Agendari buruzko eztabaida eta garapen jasangarriaren beharrezko defentsa eta sustapena”.
Garapen Jasangarrirako Espainiako Sareko presidente berria Ingurumen Ingeniaritzako doktorea da (Euskal Herriko Unibertsitatea), irakasle eta ikertzaile gisa egiten du lan, eta metereologia eta klimatologia aplikatuan eta airearen kalitatearen modelizazioan dago espezializatua. 2017tik, euskal unibertsitate publikoko Iraunkortasunaren eta Gizarte konpromisoaren arloko zuzendaria da. Zuzendaritza Batzar berrian, mundu akademikoko zenbait pertsonalitatek lagunduko diote, sarea aspalditik ezagutzen dutenak eta harekin kolaboratu dutenak.
“Kargua hartu ondoren, erronka handiei egin beharko diegu aurre. Datozen asteetan, engagement prozesu bat abiaraziko dugu, REDSen kide eta kolaboratzaile guztiei erabat irekiz eta eskainiz, eta ekimenak jarriko ditugu martxan jasangarritasunerako aurrerapena azeleratzeko potentzial handiena duten arloetan. Hauek dira: eraldaketa sozialerako unibertsitatea-lurraldea binomioak, hiri zein landa inguruneetan; trantsizio ekologikorako komunitate transdiziplinarrak; 2030 Agendaren dimentsio kulturala; 2030 Agendaren lokalizazioa; eta narratiba berriak”, azpimarratu du Sáez de Cámarak.
Garapen Jasangarrirako Espainiako Sareak (REDS-SDSN Spain) politika publikoetan aliantzak eta ekintzak bultzatzen dituen elkartea da, hiri- eta landa-eremuan Garapen Iraunkorreko Helburuetan aurrera egiteko. Garapen Iraunkorrerako Konponbide Sarearen (SDSN ingelesez) antena da Espainian. Honek “Nazio Batuen idazkari nagusiaren babespean lan egiten du, eta unibertsitateak, ikerguneak eta laborategi nazionalak mobilizatzen ditu mundu osoan garapen jasangarrirako helburuen (GJH) eta Parisko Hitzarmenaren inguruko ekintzak sustatzeko.”