euskaraespañol

Eguneko irudia

Erakusketa: Artearen memoria eta Gernika(K)

  • Ekitaldia

Noiz eta non

Noiztik: 2025/03/18 Noiz arte: 2025/04/16

Kokapena

Mitxelena entzunaretoa - Bizkaia Aretoa
Avenida Abandoibarra 3. -48009- Bilbo (Bizkaia)

Deskribapena

UPV/EHUko Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan (MHLI) ikertaldearen esku-hartze didaktikoak erakusgai egongo dira Bizkaia Aretoan. Han hezkuntzara bideratutako jardueren testuinguruan kokatzen da 2025eko martxoaren 18tik apirilaren 16ra bitartean Bizkaia Aretoan, ikusgai jarri duten erakusketa, 2023 eta 2024 bitartean garatutako hezkuntza-ekintzak erakusteko sortua. Bi esku-hartze didaktikoren berri ematen da: batetik, gaztetxoentzako Memoriaren Artea eta Artearen Memoria Hezkuntzan proiektuaren pausoak jarraitu daitezke, eta, bestetik, Arte Ederretako ikasleek Gernika(k) biltzarrerako sortutako irudiez gozatu.

Sarrera doan.

Mari Jose Olaziregi buru duen taldearen helburuak hauek dira une honetan: Gernikako bonbardaketak (1937) eta Picassoren Guernica (1937) koadroak euskal artegintzan utzitako aztarnak erregistratzea eta trauma historiko horrek izandako birsemantizazioak sakonean aztertzea. Bide horretan antolatu zen, adibidez, “Gernika(k)/Guernica(s) Nazioarteko Kongresua”, UPV/EHUko Udako Ikastaroen programaren baitan Gernikan bertan egin zena eta memoria gaietako erakundetako ordezkarien mahaingurua zein askotariko hizlarien hitzaldi eta aurkezpenak bildu zituena. Halaber, Xabier Erkiziaren Aire errea soinu-instalazioa eta erakusketa ere orduantxe egon zen ikusgai Gernikako Bakearen Museoan, gerraren zaratari buruz hausnartzeko. Taldeko arduradunek iragarri dutenez, biltzarrean aurkeztutako ekarpenek laster ikusiko dute argia, eta ez da aurkeztuko duten argitalpen bakarra: berriturik dakarten webgunean Gernika(k) datu-basea elikatzen ari dira dagoeneko. Bertan jasotzen dira Gernikako bonbardaketa zein Picassoren koadroa ageri duten artelanen fitxak: eleberri, kantu, ipuin, irudi, ikus-entzunezko, ekitaldi eta abarrak.

Ikertaldeko UPV/EHUko Hezkuntza Fakultateetako eta Letren Fakultateko irakasle-talde batek bideratu du Memoriaren Artea eta Artearen Memoria Hezkuntzan proiektua, unibertsitatea-gizartea programa bati esker unibertsitateko kideen eta kanpo-eragileekin elkarlanean sortua. Haur eta gazteentzako proposamen didaktiko interartistikoa da, Euskal Herrian, beren historia hurbilean zehar, eragin sakona izan duten gizarte gatazkak haur eta gazteengana hurbiltzeko, eta horien inguruan kritikoki eta sormenez hausnartzeko. Laster ikusiko du argia, Erein argitaletxearen eskutik eskolarako

MHLIko Arte Ederren Fakultateko MHLIko ikertzaileek sustatu dute Gernika(k)/Guernica(s) Kongresuaren kartelgintza izeneko proiektua, ikastegiko Diseinuko Graduko zenbait irakasleren lankidetzari esker. MHLI taldeak 2024ko ekainean Gernika-Lumon antolatutako kongresuaren kartela sortzeko, hezkuntza-jarduera bat garatu zen Arte Ederren Fakultateko Sorkuntza eta Diseinua Graduko 3. mailako ikasleekin, eta jardueran sortutako irudiak dira, hain zuzen ere, Bilbon erakusten direnak. Ikasle horietako baten irudia, Amets Leriarena, aukeratu zen lehenago aipatu nazioarteko biltzarra iragartzeko.

Martxoaren 18an. 18:00etan, irekiko da erakusketa, eta bertan izango dira proiektuotan parte hartu duten hainbat ikasle. MHLI ikertaldeko arduradunen asmoa da, irekiera-ekitaldi hori, artearen bidez memoria ariketa bat egiteko ez ezik, gune bat izan dadila unibertsitatea eta gizartea irakaskuntza-berrikuntzako proiektuen bidez lotzeko eta ikusarazteko biak harilkaturik egungo erronkei ekin diezaieketela, bai ikasgeletan, bai espazio publikoetan.

UPV/EHUko Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan (MHLI) ikertalde kontsolidatua 2011n sortu zen, eta memoria historikoaren arte-errepresentazioen ikerketara, hezkuntzara eta dibulgazio-ekintzetara bideratu ditu bere jarduerak, bereziki kontuan hartuta XX. eta XXI. mende hasierako euskal kulturaren eta eremu iberiarraren esparruak.