euskaraespañol

Eguneko irudia

Joana Jaureguizar Alboniga-Mayor eta Paola Bully Garay

Erabaki ote dezakegu zer-nolako gurasoak izan gura dugun?

Bilakaeraren eta Hezkuntzaren Psikologia saileko irakaslea eta Psikometriaren ikertzailea, hurrenez hurren

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2025/02/20

Joana Jaureguizar Alboniga-Mayor eta Paola Bully Garay | Argazkia: UPV/EHU
Artikulu hau jatorriz The Conversation-en argitaratu da.

Pentsatu duzu inoiz zergatik erreakzionatzen duzun modu jakin batean zure seme-alaben aurrean? Edo, harritu al zara inoiz entzutean zure gurasoei entzundako esaldi berberak zeure ahotan? Umeak haztea ez da bakarrik maitasunez eta diziplinaz egunero egiten den lan bat: geure historiaren isla ere bada, eta gure aurreko esperientzien ispilu.

Psikologian, hamarkadak daramatzagu gurasoen hezkuntza estiloak ikertzen. Gehien erabiltzen den eredu teorikoetako bat Diana Baumrindek sortutakoa da. Luzetarako ikerketetan oinarritua dago batez ere, eta hiru guraso estilo bereizten ditu: autoritarioa, permisiboa eta autoritateduna (edo demokratikoa). Gerora, beste aditu  batzuek lau hezkuntza estilo bereizi zituzten, afektuaren eta kontrolaren arteko konbinazio motaren araberakoak. Ikus ditzagun banan banan.

Gurasoen lau hezkuntza estiloak: zein da gurea?

  1. Autoritarioa: “Hemen nik esandakoa egiten da”. Estilo honetan kontrola da garrantzitsua, eta afektua bigarren mailan geratzen da. Guraso autoritarioak zorrotzak dira eta exijenteak eta espero dute seme-alabek txintik atera gabe egitea eurek esandakoa. Horrek seme-alaba diziplinatuak sor ditzake, baina autoestimu arazoak ekar ditzake, eta erabakiak hartzeko eta afektua komunikatzeko zailtasunak. Laxoa: “Hor konpon”. Hemen ez dago ez afekturik ez kontrolik. Halako ingurune batean hazten diren umeak abandonatuak sentitu ohi dira, eta horrek ondorioak izaten ditu haien autoestimurako eta haien etorkizuneko harremanetarako. Sentitzen duten ziurgabetasuna eta ezegonkortasun emozionala beren garapen kognitiboan ere islatzen da, eta eragozpen akademiko handiagoak izaten dituzte, besteak beste.
  2. Permisiboa: “Nik zu zoriontsua izatea baino ez dut nahi”. Eztabaidak saihesten ditugu eta uzten diegu seme-alabei erabakiak beren kabuz hartzen? Guraso permisiboak afektuz gainezka daude, baina ez daukate arau argirik. Horrela hazten diren umeak maitatuak sentitzen dira, baina arazoak izan ditzakete frustrazioa kudeatzeko eta autokontrola garatzeko.
  3. Autoritateduna (demokratikoa): “Maite zaitut, baina hauek dira arauak”. Estilo autoritatedunean afektua eta kontrola modu osasungarrian konbinatzen dira. Halako gurasoek arau argiak jartzen dituzte, baina, aldi berean, elkarrizketarako prest daude eta  ulerberak dira. Jokabide horrek autonomia eta konfiantza areagotzen ditu, bai umeengan eta bai familia harremanetan. Beraz, umeek autoestimu handiagoa izaten dute, eta trebetasun sozial hobeak. Hitz batean, ongizate eta egokitasun psikologiko handiagoa izaten dute.

Zer estilok ematen ditu emaitza hobeak?

Gure testuinguruan, emaitzek erakutsi dute bai estilo permisiboa eta bai estilo autoritatedun edo demokratikoa lotuta egoten direla umeak ondo egokituta egotearekin, bai eskolan eta bai arlo psikologikoan eta sozialean. Harreman positibo horren giltzarria afektua da. Maitatuak eta baloratuak sentitzen diren umeek autoestimu osasungarriagoa eta trebetasun sozial eraginkorragoak garatzen dituzte, berdin da arauak malguak diren (estilo permisiboan bezala) edo egituratuagoak (estilo autoritatedun edo demokratikoan bezala). Maitasuna eta elkarrekiko errespetua hezkuntzaren ardatza izatea, hori da funtsezkoa.

Haatik, umeek mugak behar dituzte, horrek segurtasuna eta egitura ematen dizkielako. Haiengandik zer espero den jakiteak mundua ulertzen laguntzen die, eta trebetasun sozialak eta emozionalak garatzen. Hala ere, mugak ez dira kontrol zorrotzaren sinonimo izan behar, irakasteko aukerak baizik.

Diziplinaren eragina hezkuntzan

Kontrolarekin edo mugak jartzearekin oso lotuta, badira diziplina ezartzeko teknika batzuk, umeen portaera desegokiak zuzentzeko erabiltzen ditugunak. Diziplina ezartzeko moduak ere definitzen du gure seme-alabenganako harremana, eta badauka eraginik haien garapen emozionalean. Bi mota daude:

  1. Diziplina induktiboa edo sostenguzkoa. Afektibotasunean, arrazoinamenduan eta sari materialetan oinarritzen da. Diziplina mota honetan bilatzen da umeek errefortzu positiboaren bidez eta mugak ulertzearen bitartez ikastea.
  2. Diziplina hertsatzailea. Bortxa fisikoan, hitzezko bortxan eta gauzak kentzean oinarritzen da. Epe laburrean eraginkorra izan badaiteke ere, beldurra sortzen du eta kaltegarria izan daiteke gurasoen eta seme-alaben arteko harremanetarako.

Diziplina nola darabilgun eta zer mezu bidaltzen dugun pentsatzea funtsezkoa da begirunezko giro bat eta elkarrengandik ikasteko ingurune bat sortzeko.

Gure iraganaren aztarna seme-alaben hezkuntzan

Haurtzaroan bizi izandakoak aztarna ezabaezina uzten digu guraso lanari heltzeko moduan. Seme-alabak izan garen neurrian ikasten dugu guraso izaten. Etxe autoritario batean hazi bagara, baliteke patroi hori konturatu barik errepikatzea, edo, kontrakoa: beste muturrera joan gaitezke, eta estilo permisibo bat hartu, konpentsazio moduan.

Hala ere, gure iraganeko esperientziak ez dira jokoan sartzen den faktore bakarra. Badira beste osagai batzuk eragina dutenak gure seme-alabak hezteko moduan, hala nola hezkuntza maila, ingurune kulturala, egoera ekonomikoa eta sostengu soziala. Gainera, gure nortasunak eta gure espektatiba pertsonalek ere zeresan handia dute.

Berri onik badago, baina: historia berri bat idatz dezakegu gure familiarentzat! Kontua da hausnarketa egitea, geure burua hobeto ezagutzea eta asmoz jokatzea gure umeak heztean.

Hona hemen hezkuntza positibo eta ohartu baterako jarraibide batzuk:

  1. Azter dezagu geure historia: Pentsa dezagun zelakoa izan zen gure haurtzaroa. Zer gorde dugu hortik? Zer nahi dugu aldatu?
  2. Maitasunez zehaztu ditzagun arauak: Umeek arau argiak behar dituzte, baina ulertu ere egin behar dituzte. Azaldu diezaiegun zergatik eta izan gaitezen sendoak baina maitetsuak. Umeekin berba egitea -azalpenik gabe aginduak eman  beharrean- ona da lankidetzarako.
  3. Bultza dezagun parte hartzea: Eman diezaiegun aukera seme-alabei iritzia emateko arau edo ondorio jakin batzuen inguruan. Horrek lagunduko die autonomia eta erantzukizun zentzua garatzen.
  4. Bat egin dezagun beren emozioekin: Gure seme-alabak zapuzten edo okertzen direnean, entzun diezaiegun eta aitor ditzagun beren sentimenduak. Horrek irakatsiko die beren emozioak kudeatzen eta gugan konfiantza izaten.
  5. Izan gaitezen eredu: Hitzak baino gehiago, gure ekintzak dira adibiderik indartsuena. Erakuts ditzagun ekintzez irakatsi nahi dizkiegun balioak.
  6. Zain dezagun geure burua: Ezin dugu eman ez daukagunik. Gure ongizate fisiko eta emozionalari denbora emanez, soseguz eta orekaz hezi ahal izango ditugu seme-alabak.

Hazkuntza askoz gehiago da arauak irakastea edo maitasuna ematea baino: nork bere burua aurkitzeko eta elkarrekin hazteko bidaia bat da. Gure guraso estiloez gogoeta egitea eta jabetzea gure seme-alabengan utziko dugun aztarnaz, goitik behera alda dezake ez bakarrik haien bizitza, baina baita geurea ere.

The Conversation