Eneritz Gómez Micoltarekin (Sondika, 2001) hitz egin dugu M8aren bezperatan. Zientzia Politikoetan eta Soziologian (UPV/EHU) graduatu zen, Ikasketa Feministak eta Generokoak Masterra (UPV/EHU) egin zuen eta, egun, Experiencia Moderna Ikerketa Taldeko (UPV/EHU) ikerlaria da Historia Garaikideko doktoregai gisa, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Bere bi zaletasunak uztartzen ditu: politika, zinegotzia baita bere udalerrian, eta historia; Bigarren Mundu Gerran zehar III. Reichean eta Japoniako I. Inperioan izandako sexu-indarkeria ikertzen ari baita, Mercedes Arbaiza eta Jose Javier Díaz Freireren zuzendaritzapean. Uste du antifeminismoa eskuin muturrak eskubide sozialen lorpen batzuen aurrean izan duen erreakzioa dela, eta gizonen ustezko eskubide-galerak eragindako beldurrean oinarritzen dela. Halaber, erakundeei egozten diete eskubideak pribatizatzeko funtzioak alde batera utzi izana.
-
UPV/EHUko hamabi, CSICeko sailkapenean 500 emakumezko ikerlari esanguratsuenen artean
-
Talentu gaztea bilatzen duten enpresekin aurrez aurreko hartu-emana izan dute 1.000 ikaslek
-
Erabaki ote dezakegu zer-nolako gurasoak izan gura dugun?
-
Farmakologia aldatu zuten zortzi emakume
-
Ate Irekien Jardunaldiak
Experiencia Moderna Ikerketa Taldeko ikerlaria
Eneritz Gómez: «Egindako urratsen beldurretik sortu da feminismoaren aurkako mugimendua, Weimar-en eta III. Reichean gertatu bezala»
- Elkarrizketa
Lehenengo argitaratze data: 2025/03/05

Kontatu digu beti izan duela garai historiko horrekiko interes handia, XX. mende hasierako Alemaniarekikoa: bai Weimarko Errepublikaren garaikoa, bai Hirugarren Reichekoa. “Nire Gradu Amaierako Lanean bi garai historiko horietako genero-rolak aztertu nituen eta beti izan dut arantza kontzentrazio-esparruen gaia sakonago jorratzeko. Banekien ebidentzia patriarkalek eta genero-ebidentziek markatutako espazioak izan zirela. Emakumeek indarkeria asko jasan zituzten; behartutako biluzteak, ilea arras moztea feminitatea desagerrarazteko... Feminitatearen oinarrian zegoela uste zuten guztia kentzen zieten.
Eta nola iritsi zinen Auschwitzeko 10. Pabilioiaren historiara?
'Las 999 mujeres de Auschwitz' (Heather Dune Macadam, 2019) liburuaren kontakizun batean bloke horretan egin zituzten esterilizazio-esperimentuei buruz hitz egiten da. Arreta handia eman zidan. Ez nuen sekula ezer irakurri horri buruz. Horri buruz hitz egin nahi nuela erabaki nuen, ikuspegi berri batetik: genero-ikuspegitik. Arrazaren helburuak lortzeko kontrol-metodoa izateaz gain, emakumeen gorputzak, kasu honetan emakume judutarrenak, kontrolatzeko metodoa ere bazela ulertzea.
Hitz iezaguzu pabilioi horretaz.
Barrakoi horretan esterilizazio-esperimentuak egin zituzten emakume judutarrekin; 14 nazionalitateko 800 emakume judutarrekin egin zituzten esperimentuak. Barrakoia martxan jarri zuten ‘azken irtenbidearekin’ hasteko eta aplikatzen ari zirenak baino esterilizazio-metodo merkeagoak eta eraginkorragoak bilatzeko beharra zutelako naziek. Carl Clauberg kontratatu zuten, Alemaniako ginekologo ezagun bat. Himmlerrek eta Adolf Hitlerrek bere jardueren berri izan zuten. Helburua zen alemaniarrak ez ziren emakumeek eta batez ere judutarrek ondorengorik ez izatea eta arraza suntsitzen joatea.
Nurembergeko epaiketak egin arte ezin izan ziren emakume horien ahotsak entzun.
1946ko epaiketak errepasatzean gabezia handiak ikusi nituen. Lehenengoa, delitua egin zutenek agentzia pertsonalik ez zutela ezartzea; hau da, gerra krimen horiek agindu egin zizkietela ezartzea (gerora ‘gaizkiaren hutsalkeria’ esan izan zaio horri). Horri dagokionez, uste dut akats larria dela delitu-egile horiek ere nazien ideologian eragin zuzena izan zutela eta agentzia indibiduala zutela ez aitortzea; hau da, haiek bazekiten zer ari ziren egiten.
Bigarren hutsunea da zientzia biomedikoen rola aintzat ez hartzea. Estatua zientziarekin batera aritu zen lanean uneoro: zientzia behar zuen esperimentu horiek egiteko eta zientzia laguntzeko prest egon zen hasieratik. Horregatik, hori kontuan hartu ez izanak eta esperimentuetan parte hartu zuten medikuak eta laguntzaileak epaitu ez izanak agerian uzten du gabeziak izan zirela. Agerian uzten du horrek zientziaren eta Estatuaren arteko harremana neutrala izan zela eta ideologiarekin inolako loturarik ez zuela dioen sinesmen faltsua.
«Emakumeen ahotsak isilarazi eta ezeztatu egin ziren»
Azkenik, biktimen, hots emakumeen, ahotsak ez ziren kontuan hartu. Aktak berrikustean biktimen lekukotzak ikus daitezke, baina guztiak gizonezkoak dira eta, errealitatean, esperimentuek eragin handiagoa izan zuten emakumeen gorputzetan.
Hori guztia dela eta, emakumeen ahotsak isilarazi eta ezeztatu egin ziren. Hortik aurrera sortu zen Holokaustoari buruzko literatura erabat androzentrikoa izan zen. Eta 90eko hamarkadara arte, historialari feministak emakumeek jasandako esperientziak kontatzen hasi ziren arte, ez zen aintzat hartu ez zela egokia garai historiko hori ikuspegi unibertsaletik aztertzea eta emakumeen esperientzia espezifikoki eta bereizita aztertu beharra zegoela. Hala sortu zen Shoahren Memoriaren Artxiboa eta lekukotza horiek jasotzen hasi zen 90eko hamarkadatik aurrera.
Zure tesian Japoniako I. Inperioan eragindako sexu-indarkeria ere jorratzea proposatzen duzu. Zergatik?
Egiaztatu nahi nuen ea kontzentrazio-esparru horietan gertatu zena, emakume horientzako burdelak zabaldu izana eta indar aliatuetako soldaduek egindako bortxaketak garai historiko jakin horretako zerbait izan ziren edo beste herrialde, nazio eta garai historiko batzuetan ere gertatu ziren. ‘Konforterako emakumeei’ buruz hitz egin zidaten -delitu-egileek sortutako terminoa da eta nahiago du ‘sexu-esklabo’ erabili-. Historia izugarria da, kontzentrazio-esparruetako emakumeena bezala. Haien artean dagoen antzekotasun nagusia da sexu-indarkeria gerrarako arma gisa erabiltzen zutela, aurrez pentsatutako gerra-estrategia bat zela. Urte askoz pentsatu izan da sexu-indarkeria gerraren albo-kaltea izan dela (eta egia da 90eko hamarkadara arte ez dela aztertu generoaren eta gerraren arteko lotura estua). 90eko hamarkadan aitortu zuten sexu-indarkeria gerra-estrategia bat izan zela hain zuzen ere. Horregatik diot antzekotasunak daudela bi kasuen artean. Ohikoa da etorkizun hobearekin iruzur egitea, Alemanian esparruetatik askatzearekin edo Japonian fabriketako lanetatik askatzearekin. Gainera, bi kasuetan ikus daiteke zientziak esku hartu zuela, bai esterilizazio-prozesuetan, bai Japoniako asteroko azterketetan, sexu-transmisio bidezko gaixotasunak ekiditeko. Gainera, emakumeek diote injekzioak jartzen zizkietela, oraindik ez dakit zer ziren, baina haurdun ez geratzea zuten helburu.
Alemaniako esterilizazioak Hitlerren kontrol demografikoaren parte ziren.
Baina baita biztanle arioen edo alemaniarren kopurua handitzeko helburuaren parte ere. Naziak kezkatuta zeuden Lehen Mundu Gerraren ostean Alemanian zegoen jaiotza-tasa baxuarekin. Datu bat ematearren: 1911 eta 1915 artean, tasa 26koa zen; eta 1916 eta 1920 artean 17,9koa. Hala, 1933an, Alemaniako jaiotza-tasa Europako baxuena zen.
Eta hori arazo bat zen arraza arioa sortzeko.
Hori da. Jaiotza-tasa baxua izatea arazo bat zen nazio berria, indartsua eta jendetsua sortzeko eta emakumezkoak ezinbestekoak ziren horretarako. Bi emakume mota zeuden: nik ‘ama on’ izendatu ditudanak daude alde batetik. Termino hori Ilustrazioaren garaitik dator eta emakume arioei egiten die erreferentzia. Horiek seme-alabak izatea sustatu behar zuten. Ekonomikoki sustatzen zen, modu sinbolikoan izan arren. Adibidez, ohorezko domina bat ematen zieten 5 seme-alaba baino gehiago izan zituzten emakumeei. Besteak, emakume judutarrak, esterilizatu egin behar ziren, arraza hori ugaltzea, haiek behe-mailako arraza esaten ziotena, nazio indartsua sortzeko helburuaren aurka baitzihoan. Uste zuten haien geneek Alemaniako odol purua kutsatzen zutela eta horregatik ezinbestekoa zen haien gorputzak, emakume judutarren gorputzak, kontrolatzea. Eta hala, 1933tik aurrera legeak onartzen hasi ziren helburu horiek betetzeko.
Zure lanean “iraganeko garaiaren agerpenaz” hitz egiten duzu, gertakari historikoak ordenan jartzearen antzeko zerbaitez.
Bai. Argi dago 1945 eta 1990 arteko kontakizunak emakumeak ikusezin bihurtu dituela, gizonen lekukotzak jarri dituela erdigunean eta lekukotza horietatik eraiki dela literatura. 90eko hamarkadan hasi ziren ahots horiei legitimitatea ematen. Guztiok ezagutzen dugu historia, baina inork ez du ezagutzen kontzentrazio-esparruetan esterilizazio-esperimentuak jasan dituen emakume baten historia. Kasu horretan, ‘iragan berria’ terminoa erabili dut.
«Historialari feministen ahaleginari esker iragana deseraikitzen joan da»
Uste dut termino hori garrantzitsua dela iragana berrikusteko edo berrinterpretatzeko. Nire asmoa da gizonen kontakizun ofizialetatik eta hegemonikoetatik eraiki den historia eta historialari feministen ahaleginari esker pixkanaka deseraikitzen joan dena eraldatzea eta entzunak izan ez diren ahotsei legitimitatea ematea, baita literatura eta historia horren parte egitea ere, hortik abiatuta ‘iragan berria’ izenekoa eraikitzeko.
Nola ari zara bizitzen Israelgo Gobernua Palestinan egiten ari dena?
Uste dut aldi historiko horietako indarkeria sexualarekin lotuta ni ikertzen ari naizena eta kide asko ikertzen ari direna baliagarria dela gaur gertatzen dena ongi ulertzeko: Ukrainaren eta Errusiaren arteko gerran, non indarkeria sexuala gertatzen ari den, baina, batez ere, Gazako gerran. Horri buruz hitz egiteko, uste dut garrantzitsua dela boterearen kontzeptuaz ere hitz egitea. Israelgo Estatuak hiltzeko boterea duela uste du, eta, horregatik, Gazako palestinarren aurka egiten dituzte eurek Holokaustoan jasandako basakeriak. Baina ez naiz botere horrez ari. Giorgio Agambenek erabiltzen duen kontzeptuaz ari naiz, ‘nuda vida’ izenekoaz: pertsona bati bere balio sozial, politiko eta/edo juridiko osoa kentzean datza. Naziek XX. mendearen hasieran judutarrekin egiten zutena ikusten ari gara orain: nuda vida hori bihurtzea, eta balio eta eskubide mota oro kentzea. Orain eurak, edo, kasu honetan, Israelgo Estatua, gauza bera egiten ari da palestinarrekin. Eta gerra honetan emakumeak berriz ere galtzaileak direla ari gara ikusten. Estatuak, Israelgo Armadak, indarkeria sexual hori erabiltzea ez da oraingo zerbait. Ez da 2025ean ezagutu dugun zerbait. Israelen eta Gazaren arteko gatazka aztertzen duten hainbat azterlanek frogatzen dutenez, 1948an dagoeneko, hau da, Bigarren Mundu Gerra amaitu eta 3 urtera, Israelgo tropek indarkeria sexualeko ekintzak egiten zituzten emakume palestinarren aurka, eta gerrako krimentzat jotzen dira ekintza horiek. Eta nire ustez hori oso ongi erakusten duen adibide bat eman nahi dut: 1948ko apirilaren 9an, tropa sionistek Dair Yashine herrixkari eraso egin zioten, eta 93 eta 254 pertsona artean hil ziren; interesgarria da eraso hark emakumeei nola eragin zien ikustea, haien aurka indarkeria jakin bat erabili baitzuten, indarkeria sexuala. Emakumeak bortxatu eta mutilatu zituzten, eta haurdunei sabela ireki zieten, haurtxoa ateratzeko.
Horregatik diot Holokaustoan haien aurka egin zutena egiten ari direla; sistematikoki errepikatzen ari dira palestinarren aurka. Israelgo armada emakumeen aurka indarkeria sexuala erabiltzen ari da sistematikoki, hiru helbururekin: emakumeei duten botere osoa kentzea, palestinarrak umiliatzea eta urteetan zehar okupatutako herri baten mendekotasuna nabarmentzea.
Feminismoarekin kritikoak direnak ere iraganeko ekintzak berrikusten eta errepikatzen ari dira. Zer irakurketa egiten duzu, unibertsitateko ikerlari gaztea zaren aldetik?
Aurkako mugimendu hori ere beldurretik datorrela uste dut, eskuin muturreko indarrekiko beldurretik; eta, era berean, mugimendu feministek eskubide sozialen arloan eman dituzten aurrerapausoen erreakzio gisa. Ez da horrelakorik ikusten dugun lehen aldia. Hain zuzen ere, oso ongi ikusten da Weimarko Errepublikan eta Hirugarren Reichean. Lehen Mundu Gerratik gentozen. Balio tradizionaletan oinarritutako genero ordena batetik gentozen, eta gutxika eraldatzen hasi zen. Emakumeak espazio publikoan agertzen hasi ziren, eta sexuarekin eta ugalketarekin lotutako eskubideak aitortu zitzaizkien (antisorgailuak legeztatzea). Horrek guztiak erreakzio bat eragin zuen nazien kasuan: balio tradizionaletara itzultzeko nahia. Eta oraintxe bertan antzeko zerbait ikusten ari garela iruditzen zait. Azken hamarkadetan mugimendu feministek eskubide sozial asko lortu dituzte, baita abortatzeko eskubidea eta LGTBIQ + komunitatearentzako eskubideak ere. Eta orain erreakzio bat ari gara ikusten. Mugimendu horiek beldurrean oinarritzen dira, gauzak aldatuko diren beldurrean edo emakumeak gizonen berdinak izateagatik mundua pikutara joango den beldurrean. Beldur horrekin jokatzen dute, eskubideak amaituko zaizkien beldurrarekin, eta orain arte bezainbeste eskubide izango ez dituzten beldurrarekin. Eta horrek funtzionatu egiten die. Gainera, zoritxarrez, mainstream komunikabideek ere lagundu egiten diete diskurtso hori gizarteko maila guztietara irits dadin.
UPV/EHUn ere hazi horiek daudela uste duzu?
Uste dut unibertsitatea gizartearen isla dela eta era guztietako profilak ikus ditzakegula: ezkerrekoak, eskuinekoak... Baina, era berean, unibertsitateko ikasleak zentzu horretan oso kontzientziatuta daudela uste dut, eta mota horretako edozein zantzuren aurrean oso indartsu eta komunitatean erreakzionatzen dela. Orain dela gutxi ikusi dugu, Zuzenbide Fakultateko irakasle baten mezu edo txioekin. Mezu horiek, kasu askotan, emakumeen oinarrizko eskubideen aurka egiten zuten. Unibertsitateko komunitatearen eta unibertsitateko ikasleen erreakzioa ikusi genuen, eta uste dut hori dela definitzen gaituena. Eta, era berean, balioa eman nahi diot unibertsitateko ikasleek, erakundeek, sindikatuek... gertakari horien aurrean egiten duten borrokari.
Martxoaren 8aren bezperan egin dizugu elkarrizketa. Zeuk esango duzu!
Lehenik eta behin, Euskal Herriko mugimendu feminista egiten ari den lana nabarmendu nahiko nuke. Une nahasiak bizitzen ari gara, eta uste dut Euskal Herriko mugimendu feminista ongi erreakzionatzen ari dela. Hala, ongi jokatzen ari da ditugun erronken aurrean: eskuin muturraren erreakzioa eskubide sozialen arloko lorpenen aurka. Hortik dator martxoaren 8 honetarako mezua: “Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministak!”. Izan ere, emakumerik gabe, antifaxismoak ezin du irabazi.
Era berean, bizitzen ari garen zaintzaren krisia aipatu behar da, eta uste dut mugimendu feministak oso ongi erreakzionatu duela horren aurrean ere, azaroaren 30eko grebekin. Argi dugu historian zehar emakumeok eutsi diogula sistema honi eta bizitza duin baterako oinarria direla zaintza lanak; bizitzako uneren batean, denok beharko dugu zaintza. Eta, zentzu horretan, lehen eskutik ezagutzen dudan aldarrikapen bat nabarmendu nahiko nuke: etxeko laguntza zerbitzuko langileen aldarrikapena. Haien laneko eskubideen hobekuntza aldarrikatzeaz gain, urteak daramatzate zerbitzua bera hobetzeko eskatzen. Izan ere, aipatu dudan bezala, denok beharko dugu zain gaitzaten.
«Emakumerik gabe, antifaxismoak ezin du irabazi»
Hori dela eta, gaur egun dugun sistema pribatizatua, prekarizatua eta feminizatua aldatu behar dugula uste dut. Datu bat: Euskal Herrian, zaintza lanak egiten dituzten hiru enpresa pribatu nagusiek inoiz baino irabazi gehiago izan dituzte azken urteetan, eta gero eta enpresa gehiago saiatzen dira sektore horretan sartzen. Nire ustez, administrazio publikoen geldotasunak eragiten du egoera hori; izan ere, ez dute zaintza sistema publiko eta komunitario bat eraiki nahi, eskubide kolektiboa den arren. Uste dut aurtengo martxoaren 8a egun historikoa izango dela horretarako. Ez soilik gertakari horiek aldarrikatzeko, baizik eta mugimendu feminista indartsu dagoela eta erronka horiei (globalak zein konkretuak) aurre egiteko gai dela frogatzeko. Batez ere, geldotasunaren eta, kasu askotan, borondate politiko faltaren aurrean; eta, era berean, eskuin muturreko alderdiek edo alderdi ultrakontserbadoreek gizarteko sektore batzuei egiten dizkieten zuzeneko erasoen aurrean.