Arkitekturako katedraduna eta Arte Ederretako Urrezko Domina
Emilio Tuñón Álvarez: «Arkitekturaren etorkizunak zaharberritzea izan behar du ardatz»
- Elkarrizketa
Lehenengo argitaratze data: 2020/12/10
Emilio Tuñón Álvarez katedraduna da Madrileko Unibertsitate Politeknikoko Arkitektura Goi Eskola Teknikoan, eta Arte Ederretako urrezko domina. Donostian izan da Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskola Teknikoan 'Materia y memoria' izeneko hitzaldia emateko, Eraikitako Ondarearen eta Eraikinen Birgaitze, Zaharberritze eta Kudeaketa Master ofizialaren X. edizioaren barnean.
Zergatik dira hain garrantzitsuak materia eta memoria arkitekturan?
Utilitas, Firmitas eta Venustas printzipioetara jotzen badugu, firmitas-en ikuspegitik eraikinak egiteko erabiltzen duguna da materia; utilitas, berriz, funtzioa da, hau da, eraikinak ere garrantzitsuak dira betetzen duten funtzioagatik; venustas, azkenik, edertasuna da. Bestalde, memoria garrantzitsua da hiru gauza horiekin lotuta baitago. Funtsean gure jarduerak kondizio tekniko eta material egokietan garatzeko aukera eman diguten espazioak gogoratzen ditugu. Alegia, gai gara materiarekin lotutako sentsazioak gogoan gordetzeko. Esate baterako, gai gara testurak eta efektuak gogoan izateko, argiarekin lotutakoak, akustikoak, bizitzarekin lotutakoak... Gai gara gure jarduerekin lotzeko, eta, beraz, materia eta memoria beti doaz lotuta. Esan dezakegu materia eta memoria arkitekturaren helburuaren atal bat direla, betiere ulertuta denborak garrantzitsuena izaten jarraitzen duela gero.
Zaharberritzean eta birgaitzean espezialista zara. Zer garrantzi du graduondoko irakaskuntzak alor horretan?
Zaharberritzea eta birgaitzea funtsezko gaiak dira gaur egun (beti ez dira hala izan, baina orain gehiago); izan ere, higiezinen parke erraldoia daukagu: ez dira bakarrik balio artistikoa duten eraikin historikoak, baizik eta kontuan izan behar dira, halaber, balio artistikorik gabeko eraikin historikoak, eta balio historikorik ez duten eta, beraz, balio artistikorik ere ez duten eraikin ez-historikoak, hala nola gaur egun erabilerarik ez duten eta erabiltzeari utziko zaien eraikin asko eta asko. Hortxe hasten da haiek birgaitu beharko dituen arkitektoaren lana. Izan ere, artelan bat birgaitu daiteke, baina baita ikuspegi teknikotik defizitarioa den egitura bat ere. Nire ustez, arkitekturaren etorkizunak zaharberritzea izan behar du ardatz; lan handia egin beharko dugu zaharberritzen eta birgaitzen. Beraz, uste dut arkitekturako programetan horixe irakatsi behar dela. Baina, normalean ez dago sartuta graduko eta masterreko, gaitze-masterreko, irakasgaien programa naturaletan. Horretxegatik sartzen dute unibertsitate batzuek zaharberritze- eta birgaitze-masterra master ofizialen artean. Izan ere, oso gai garrantzitsua izango da datozen urteetan.
Utziko didazu galdetzen ea zaharberritzea etorkizuneko lanbide izango den. Nola zaharkituko dira gaur egun eraikitzen ari diren eraikinak?
Denetarik izango da, ongi zaharkituko direnak eta gaizki zaharkituko direnak. Piramideek lau mila eta bostehun urte iraun dute, baina ez, ordea, garai berean eraikitako esklaboen etxeetako gehienek, ez eta garaiko aristokrata askoren etxeek ere. Oso modu berezi batean eraikitako hilobi-monumentuek iraun dute. Egiazki, historian zehar gertatzen dena da hobekien eraikitako aleek irauten dutela beti. Eta horixe gai garrantzitsua da: ongi eraikitzea oso garrantzitsua da arkitekturarako, besteak beste, arkitektura zaintzen laguntzen baitu, mantentzen laguntzen baitu, etorkizunera irits dadin laguntzen baitu.
Arkitektura on batek zintzotasuna, egikaritze egokia, erabileretarako zerbitzu egokia eta malgutasuna behar ditu
Arkitektura asko egiten ari da, oso azkarra, eraikuntza-maila baxuagoekin. Ez hemen Donostian. Nik uste Donostiak eraikuntza-ratio oso-oso altuak dituela, eta uste dut urte batzuen buruan eraikitako arkitekturak oso ongi biziraungo duela. Nolanahi ere, hegoaldera joan ahala, okerrago eraikitzen da, eta eraikuntza horiek emaitza okerragoak emango dituzte. Baina uste dut ez dagoela gaizki gauzak desagertzea, edo gauzak birgaitu, konpondu edo zaharberritu behar izatea, beharrak aldatu egiten baitira.
Zer ezaugarri izan behar ditu eraikin batek bikaina izan dadin?
Arkitektura oso objektiboa da, eraikuntza-alderdiei dagokienez. Gauzak modu jakin batean eraikitzen dira, harrizkoak edo zurezkoak egin ditzakezu; harria egokia da toki batzuetan, zura beste batzuetan... Eraikuntzak alderdi objektibo handi samarra du. Baina “letra larriz” idazten den arkitekturan, badira hainbat alderdi oso subjektiboak direnak, jendeari ongi edo gaizki irudi dakizkiokeenak. Eta ingurune akademikoak, edo munduko arkitektura-ingurunerik interesgarrienak, joerak markatzen ditu, modak... Askotan, barre egiten dut, adibidez, urteetan izan diren arkitekturako biurtekoak aztertzean. Izan ere, badira eraikin batzuk garai batean izugarri interesgarri ematen zutenak eta orain, ordea, batere balio ez dutenak, batere interesik ez dutenak; eta, aldiz, badira pieza batzuk garai batean ia garrantzirik eman ez zitzaienak eta zenbait urteren buruan hobeto daudenak. Beraz, balio subjektiboak dira.
Nik beti esan ohi dut arkitekturarekiko zintzotasuna, egikaritze egokia, erabileretarako zerbitzu egokia, malgutasuna... alderdi horiek guztiak direla arkitektura ona egiten duten baldintzak.
Zer joera dira nagusi gaur egun Europan?
Modarekin bezala gertatu da, gaur egun denetarik dago modan. Dirudienez, modak hain azkar doaz, ezen kondentsazio moduko bat eragin dutela. Gaur egungo arkitekturaren egoeran, bizirik irauten dute nolabaiteko erresistentzia-arkitektura modernoak, printzipio formalak, mugimendu modernokoak, defendatzen dituena; arkitektura horren garapen moduko bat litzateke high tech arkitektura, balio teknologikoak goraipatzen dituena; historia, memoria, errespetatzen duen arkitektura bat, kontestualista dei dezakeguna, edo erregionalista; arkitektura, esan dezagun, historizistago bat, baita postmodernoa ere, beste garai batzuetako berrinterpretazioak dituena, hala nola dekonstrukzioa edo dekonstruktibismoa. Bitxia bada ere, hori guztia batera bizi da. Gehien interesatzen zaidanari buruz galdetzen badidazu, interesgarriena iruditzen zait historiaren berrikuspenaz diharduen ingurunea, zeinak postmodernismora iritsi gabe onartzen baitu arkitektura modernoa gai dela historiaren eta memoriaren balioekin batera bizitzeko.
Arte Ederretako urrezko domina eman dizute. Noiz eta nola bihurtzen da arkitektura arte?
Bada Antón Capitelen liburu eder bat, "La arquitectura como arte impuro” izenekoa; arkitektura arte baldintzatu gisa. Hori garrantzitsua da. Margolariak bere buruarentzat egiten du lan, eta esan dezakegu bere buruan pentsatzen duela, bere obran. Arkitektoek besteentzat egiten dugu lan, eta besteak ditugu gogoan. Artista berekoia da, kontzeptuaren ikuspegitik, eta arkitektoa eskuzabala. Artistak lortzen duen intentsitatea ez da arkitekturak lortzen duena; intentsitate desberdinak dira. Lehena bere artean kontzentratzen da ehuneko ehunean; bigarrenak, ordea, kontuan izan behar ditu denak ongi funtzionatzea, erabiltzailea pozik egotea, hiriak erantzutea... Parametro asko izan behar ditu kontuan.
Arkitekturako profesional batzuen lanek artelanen maila lortzen dute
Arkitekturako profesional batzuen lanek artelanen maila lortzen dute; gaur egungo arkitekturan, Kazuyo Sejima izan da sentikortasun-maila handiko arkitekto bat. Baina oso gutxi dira artelan bihurtzen diren arkitektura-lanak. Oro har, esan dezagun arte baldintzatu bat dela, baldintzatu egiten dutela egoera kulturalak, egoera ekonomikoak, egoera sozialak, eraikuntzaren egoerak, eraikitzaileak, bezeroak, hirigintza-araudiek eta abarrek, zeintzuek eragiten baitute arkitektura gauza askoren ondorioz baldintzatuta egotea. Beraz, arte xehea da.
Nire ustez, arkitektoek funtsean zintzoak eta apalak behar dute izan. Zintzoak gizartearekin eta apalak beren lanarekin. Uste dut gizartearen zerbitzari garela eta ahalik eta hobekien egin behar dugula gure lana. Arazoak konpontzen saiatu behar dugu, arazoak sortu beharrean.