euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUko ikasleek irtenbide berritzaileak aurkeztu dituzte erabilera bakarreko plastikoa murrizteko

Arte Ederren Fakultateak "Elikagaien esparruan erabilera bakarreko plastikoa erabiltzeari irtenbideen bila" erakusketa inauguratu du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2025/02/17

Elikagaien esparruan erabilera bakarreko plastikoa erabiltzeari irtenbideen bila | Argazkia: UPV/EHU

Pasa den otsailaren 10ean, UPV/EHUko Arte Ederretako Fakultateak "Elikagaien esparruan erabilera bakarreko plastikoa erabiltzeari irtenbideen bila" erakusketa inauguratu zuen. Erakusketa honek Sorkuntza eta Diseinuko Graduko hirugarren mailako ikasleen proiektuak biltzen ditu. Ekimena otsailaren 21era arte garatuko da, eta plastikoak elikagaien sektorean duen jasangarritasunean eta ingurumen-inpaktuan jartzen du arreta. Lourdes de la Villa eta Eneritz Amondarain irakasleek koordinatuta, ikasleek proposamen berritzaileak landu dituzte, diseinu grafikotik hasi eta material ekologiko berriekin esperimentatzeraino.

Proiektu nabarmenen artean honako hauek daude: elikagai eta sendagaietarako ontzi berrerabilgarriak sortzea, sukaldeko tresnak garatzea material alternatiboekin, hala nola beira eta zura, eta bioplastikoak eta biozeramikak ikertzea. Era berean, infografiak, film laburrak eta hezkuntza-produktuak diseinatu dira, plastikoek eragindako kutsaduraz eta horiek osasunean eta ingurumenean duten eraginaz jendea sentsibilizatzeko. 

Datu kezkagarriek babesten dute horrelako ekimenen premia. Erakusketan aurkeztutako informazioaren arabera, elikagaien % 50 baino gehiago plastikoz bilduta daude, eta urtero 11 milioi tona hondakin plastiko isurtzen dira ozeanora. Gainera, mikroplastikoak giza organismoan detektatu direla eta osasunean dituzten ondorioengatik kezka sortzen dutela adierazi dute. Horregatik, ikasleek hondakin plastikoen hazkunde esponentzialari erantzuteko irtenbide eraginkor eta urgenteagoen beharra azpimarratzen dute. 

Erakusketa otsailaren 21era arte egongo da zabalik Arte Ederren Fakultatean, proposamen berritzaile horiek eta diseinu jasangarriaren esparruan sortzen ari den talentua gertutik ezagutzeko aukera eskainiz.